Xabier Letek poesia errezitaldia eskainiko dau zezeilaren 10ean Bilboko Kafe Antzokian

Bizkaie! 2009-02-05 16:50

Xabier Letek (Oiartzun, 1944ko apirilak 5) 'Egunsentiaren esku izoztuak' liburuko poesia irakurraldi berezia eskainiko dau, Joxan Goikoetxearen musikeak lagunduta. Emonaldia 20:00etan hasiko da eta jesarrita izango da.

Xabier Letek (Oiartzun, 1944ko apirilak 5) 'Egunsentiaren esku izoztuak' liburuko poesia irakurraldi berezia eskainiko dau zezeilaren 10ean, Bilboko Kafe Antzokian, Joxan Goikoetxearen musikeak lagunduta. Emonaldia 20:00etan hasiko da eta jesarrita izango da.

Areto bilbotarreko arduradunek gaur jakinarazo dabenez, sarrera gonbidapen bidez izango da, eta Kafe Antzokian bertan, Gabriel Aresti euskaltegian eta info@kafeantzokia.com helbidera idatzita lortu daitekez.

Xabier Letek, euskal poesiagintza eta kantagintzan ukaezinezko erreferente (18 disko danetara eta bost poesia liburu argitaraturik, lehenengoa 1968an), 15 urte poesiarik argitaratu barik egon ondoren, oraintsu 'Egunsentiaren esku izoztuak' poema liburua plazaratu dau Pamiela argitaletxearen eskutik.

Bertan, azken urteetako bizi-esperientzien gogoetea egin dau, iragan ederragazko miresmena, maitasunaren gauzaguneak, xamurtasuna, oinazea, heriotzea eta berraurkikuntzearen amesa alkarri lotuz berak ondu ohi dauen goi mailako poetikan.

Xabier Leteren lehenengo aldia izango da Bilboko Kafe Antzokian; ekitaldia, beraz, bertako zenbait poemaren irakurraldi intenso, indartsu eta sentituaz gozetako aukerea izango da. Joxan Goikoetxeak tarte musikalakaz lagunduko deutso.

Bilboko Kafe Antzokia zarratuta dago hilebetez, 2008ko apirilaren 2an jarritako helegite baten harira, baimendutako edukia gainditzeagaitik. Gau haretan, M-Clanek jo eban eta Bilboko Udaltzaingoak aretoan baimenduta dagoan jente kopuruaren bikotxa kontau eban. Kontuak kontu, Kafe Antzokia zezeilaren 9ra arte dago zarratuta eta Xabier Leteren ekitaldiagaz berrekingo deutso ohiko jarduereari.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu