Unai Basurko: 'itsasoan beti ikasten dozu zeozer'

Koldo Isusi Zuazo 2009-01-30 14:45   Barriketan
Vendee Globen parte hartu dauen itsasgizon bizkaitarra

Igazko zemendiaren 9an, Vendee Globe (munduari itzulia, bakarka eta kanpoko laguntzinorik barik) estropadeari Les Sables d'Olonnen ekin ostean, Unai Basurko urtarrilaren 17an heldu zan Getxora, Hego Atlantikoan, Buena Esperanza Lurmuturra hur eukala, ezbehar bat tarteko, etxera bueltan joateko erabagi gogorra hartu eta hilebete eta erdi geroago. Triste estropadea bertan behera itxi behar izategaitik baina pozik, sikeran Pakea Bizkaia etxera ekarri dauelako.

Azken bost urteotan, 80.000 itsas milia eta belaontzian bakarrik 400 bat egun egin ostean, deskantsau eta barkua datozen erronketarako preparetea dira Unai Basurkoren ardurak orain.

Pakea Bizkaia desmontetako lanetan atrapau dogu eta ondokoak komentau deuskuz:


1.- Etxera heldu eta astebetegarrenean, zelan zagoz? Ze balantze egiten dozu? Zertan zabilz orain?

Arlo personalean ondo nago, pozik nire jenteagaz nagoalako, oraindino lehorreko bizimodura ohitzen nago baina geldiro-geldiro egin beharreko prozesua da. Kirol arloan, barriz, badakit esperientzia on eta txarretatik ikasten dala eta oro har, Vendee Globeren gomuta onagaz geratzen naz, talderaren lana, hilebete lehian egotea, 10.000 milia nabegatzea, Getxora harrerea egitera ehundaka lagun hurreratzea, jentearen babesa igartea... Dana izan da aberasgarria. Triste egoteko motiboak be badagoz baina gaindituta daukat, badakit, kirol arloan holakoak pasetan dirala, itsasoak ganera holako gauzak daukaz eta aurrera egitea, beste biderik ez dago.


2.- Zer ikasi dozu Vendee Globen?

Asko. Itsasoan beti ikasten dozu eta, lehen esan deutsudan legez, esperientzia txarretatik ondorio garrantsitsuak atara eta asko ikasten da. Hilten ez zaituen egoera gogor horreek bizi ondoren, indartsuagoa zara eta, alde horretatik, indarbarrituta heldu naz etxera. Lehendik nekizan gauzak berresteko esperientziak bizi izan dodaz, berbarako, demoninoa, arazoak, detailerik txikienetan dagozala ikusi dot eta detaile edo barkuaren atal txikienak milaka aldiz berrikusi arren, erabateko seguridaderik ez dozula sekula izango. Itsasoak holako gauzak daukaz eta, ganera, Vendee Globe estropadea, munduko gorrena eta gatxean da eta muga-mugan zabilzanean, holakoak pasetea errazagoa da.


3.- Les Sables d'Olonneko urteeran aurrea hartu zenduan eta Ekuatoreko barealdietan ekialderago joteko erabagiari esker makinatxu bat milia jan zeuntsazan orduko liderarri Loïck Peyroni (Gytana Eighty). Orduan esan zenduan 'Arriskurik hartzen ez dauenak ez dau irabazten'. Estropadan zoazela, barkuaren ardura osoa daukazula, zelan neurtzen dira arriskuak?

Erabagia hartzeko momentuan ze egoera bizi dozun sano garrantzitsua da, izan be, hamar ordu lo egin ostean, etxean epel-epeletan zagozala erabagi bat hartzea edo bakarrik, kantsauta, lorik egin barik, bustita eta buruan mila gauza daukazuzala hartzea ez da gauza bera. Estropadan muturreko egoerak bizi doguz eta holakoetan erabagiak hartzea ez da erraza baina zirt edo zart egin behar da, ze sarritan denpora lar emoten badozu pentsetan kaltegarria izan daiteke. Normalean jentea beti doa bata bestearen atzetik, norberak egoerea aztertu eta gogoetarik egin barik baina erabagiak hartzea niri dibertigarria begitantzen jat, erabagi on eta txarretatik asko ikasten dalako. Hori bai, holako erabagiak hartzeko aldaera guztiak sakon aztertu eta baloretea nahitaezkoa da.


4.- Itsas-golpe batek Pakea Bizkaiaren atzeko eskumako lema apurtu osteko momentuak gogorrak izan ziran, zirt edo zart erabagi bat hartu behar zalako. Tarte horretan pentsau izan zenduan aurrera egitea ala suizidioa zan hori?

Barkuaren atal guztiak probauta eta ondo aztertuta egozan baina holako gauzak ezustean etorten dira. Karbonoak ez dau abisurik emoten, hausturak gitxien espero dozunean datoz eta akabo. Gauez izan zan. Zarata bat entzun, kanpora urten eta ikusi neban Pakea Bizkaiaren bi lemetatik eskumakoan, lema bera doan kajeak kaskoagaz lotura egiten dauen puntuan izan zala hausturea. Apropos sendotutako atala zan, lemak eurak barriak ziran baina aurrez ondo probautakoak. Kontua da ze, sano azkarrak eta seguruak diran barku honeetan, atalik ahulenak eranskinak dirala. Potentzia eta pisuaren mugea hor dago eta haustura arriskuari aurre egitea ez da erraza itsasoaren eta haizearen baldintza bildurgarriakaz. Baina muga-mugan dabilzan kotxeetan eta motorretan be pasetan dira holakoak.

Vendee Globen aurrera egitea suizidioa izango ete zan dinostazu eta zehatz jakiterik ez dagoan arren, baietz esango neukizu; nire bizitzan egindako astakeria handiena izango zan segurutik. Holako erabagiak, astiro eta ondorio guztiak ondo aztertu ondoren hartu beharrekoak dira, buruak eta bihotzak esaten deutsuenaren artean orekea bilatuz. Estropadan diran beste nabigatzaile batzuei be eretxia eskatu neutsen eta danak bat etorri ziran, hau da, holan segidutea sano arriskutsua izango litzatekela. Gauza desbardinak dira etxera hego-atlantikoan zehar etortea, aldeko haize ahulakaz eta lehorrera, edozein momentutan azkar joteko aukereagaz edota Buen Esperanza lurmuturretik aurrera, ezer ez dagoan inguruan, sekulako haize boladakaz, olatu bildurgarriakaz, hotzagaz nabegatzea.

Barkua eta ni arriskuan jarteaz gan, ganerako skipperrak be arriskuan jarri zeinkez zeozer pasau ezkero, zure bila joan behar dabelako.


5.- Aurtengo Vendee Globen 30 skipperretatik 12 baino ez dira geratzen estropadan, Pakea Bizkaiak baino aurrekontu handiagoko taldeak be erretirau dira. Azken urteetako gogorrena izan daiteke? Suberte kontua da estropadan aurrera egitea?

Duda barik, estropada honen historian gogorrena da aurtengoa. Inoizkorik haize gogorrenak bizi izan doguz aurten, urtaroak be aurreratu edo atzeratu egin dira eta baldintza meteorologiko mutur-muturrekoak izan doguz. Barkuen potentzia be sekulakoa da eta, akaso, muga batzuk jarri beharko litzatekez.

Estropadan aurrera egitea suberte kontua ete dan, ez dakit. Aurretik gogor egin behar da lan, nabegazinoan esperientzia izatea be ezinbestekoa da baina baldintza horreek danok beteten doguz.

Gero, beste aldagai batzuk dagoz eta subertea da horreetako bat. Aurten ikusi da munduko txapeldunak diranak, esperientzia handikoak, ekonomikoki proiektu sendoak etxerako bidea hartu behar izan dabela. Proiektu umilagoak, barriz, estropadan dagoz. Natureak, itsasoak agintzen dauen eremuan...


6.- Azalduiguzu hegoaldeko itsasoetan ze baldintzatan nabegatzen dozuen, berbarako, Buena Esperanza eta Hornos lurmuturren arteko ibilbidean zelakoak dira egunak?

Ingurualde hori inpernua da. Naturea basatia da han, olatuek munduari buelta osoa emon eta barriro atrapetan zaitue, haize boladak bildurgarriak dira, han eguraldi txarra eta oso txarra baino ez dagoz, hotza Antartidako izotza orraztuz dator, urakan indarreko euriteak, urtaro guztiak egun bakarrean bizi dozuzan ingurua da, zibilizazino arrastoak lekutan dozuz han, mundutik aparte zagozan lekua da. Baldintza horreetan basati hutsa bihurtzen zara eta bizirautea da helburua. Ordaindu beharreko prezioa altua da baina arazoak gorabehera, baldintza horretan nabegau eta aurrera egiteak emoten deutsun satisfakzinoak ez dauka parerik.


7.- Olatu eta haize boladen eraginez, belaontziak okertu eta 25 metro inguruko mastak ia-ia itsasoa joteraino heltzen diranean, egunetan behar dan moduan lorik eta otordurik egin barik, gau eta egun bustita...zer pasetan da zuon buruetatik?

Haizearen eta itsasoaren zaratea, abiadurea, tensinoa, urduritasuna, erritmo horri eten barik, gau eta egun ekitea... Sano gogorra da. Suberte apur bategaz, hogei bat minutu lo egin ostean, zeropetik 15 graduko tenperatureagaz goizaldeko hiruretan altzau eta barkua kontroletea eguneroko kontua da.

Holakoetan zentrauta zagoz, lehentasuna barkua da eta ez daukazu astirik bestelako gogoetetarako ezta bildurra sentiduteko be. Hori bai, momentu gogor horreek zeozelan gozotuteko, gauza atseginak gogoratzea botika ona izaten da.


8.- Belarako zaletasunaren eta Euskal Herriak itsasoagaz beti izan dauen loturearen suspergarri izan dira zure egitadak, azken bost urteotan 80.000 itsas-milia egin dozuz eta tartean Velux 5 Oceans lako estropadan hirugarren geratu zara. Belaren eta itsasoagazko maitasun horretan igarri dozuz aurrera pausuak?

Bai. Gure kirol erronkak ahaztu barik, itsasoa eta belagazko zaletasuna eta maitasuna gizarteratzea da gure helburua, Euskal Herrian beti izan dogu itsasoagazko lotura eta menpekotasun estua eta hori baztertzea pekatu larria litzateke. Frantsesek 69an aitatzen eben belaren demokratizazinorako asko falta da gurean baina bagoaz pausuak emoten, gero eta babestuago sentiduten gara, bela eskolak sortu eta lehendik egozanak indartu egin dira, gazteakaz lan egiten gabilz... Jenteak jakin behar dau bela ez dala dirudunentzako bakarrik, aurrekontu guztietarako barkuak dagozala eta belaren munduak naturaz gozetako, lehiatzeko, bidaiatzeko eta lagunak konpartiduteko aukerak eskaintzen deutsuzala.


9. Michel Desjoyeaux Les Sables d'Olonnera heldu eta aurtengo Vendee Globe irabazteko oso gitxi falta da. Zer pasauko ete da haren burutik?

Michel Desjoyeaux gure laguna da eta merezidu dau irabaztea, itsasgizon aparta da, barkua ona eta talde ezin hobea daukaz eta asko poztuko naz Les Sables d'Olonnera sartzen ikusten dodanean. Vendee Globe bat irabazita dago, Zinedine Zidaneren parean, Frantzian heroi nazionala da eta, helmugan miloe bat lagun inguru izango ditu zain. Egoera hori bizi izan dauen arren, seguru bizarrak tente jarriko jakozala.


10.- Pakea Bizkaia goitik behera desmontetan zabilze orain. Hortik aurrera zer?

Bai. Barkua mimau egin behar da. Hiru bat hilebete emongo doguz barkua lurrera atara, hutsitu, elektronikea desmontau, atondu, gatz arrasto guztiak garbitu, koipeztu eta beharrezko konponketak egiten.

Udan, segurutik estropadaren bat egingo dogu Europara edo tripulazinoagaz eta irailean, Pakea Bizkaiaren datozen urteotarako planak zehaztea espero dogu. Edozelan be, egungo krisiaren eboluzinoa eta, bela arloan, lehiaketako arauak aldatzeko aukerak zelan doazen be ikusi beharko da.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu