Euskerearen erabilera planetarako aplikazino barria aurkeztu dabe
2009-01-27 14:41 Euskerea berbagaiHerri-administrazinoetako euskera teknikarientzako lan jardunaldiak antolatu ditu Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzeak 'Erabilera planak herri-administrazinoetan' goiburupean, eta Bilboko Euskalduna Jauregian egingo dira gaur eta bihar. Bertan aurkeztu dabe IRATI, euskerearen erabilera planetarako aplikazino barria.
Herri-administrazinoetako euskera teknikarientzako lan jardunaldiak antolatu ditu Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzeak 'Erabilera planak herri-administrazinoetan' goiburupean, eta Bilboko Euskalduna Jauregian egingo dira gaur eta bihar.
Jardunaldiek bi helburu ditue: batetik, zenbait erakunderen planen barri zabaltzea eta, bestetik, erabilera planak diseinaukeran zein ekintzak egiterakoan jazo daitekezan arazoei urtenbideak emotea. Danetara, 14 adituk parte hartuko dabe eta 230 euskera teknikari inguru bertaratuko dira.
Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak jardunaldien aurkezpenean adierazo dauenez, 'euskerearen erabilerak aurrera egiteko, oso da garrantzitsua Sailburuordetzarentzat herri-administrazino guztietan erabilera planak martxan jartea'.
'Hizkuntza politika aurrera begira (2005-2009)' egitasmoaren jardunbide nagusien artean dago Administrazinoko euskerearen erabilera normalizetako planak indartzearena, euskerea zerbitzu-hizkuntzeaz gan, gero eta administrazino-atal gehiagotan ohiko lan-hizkuntzea be izateko.
Baztarrikaren esanetan, azken urteetan, Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazinoek 'ahalegin handia' egin dabe euskerearen erabilera planak diseinau eta martxan jartzeko. Honezkero, Eusko Jaurlaritzako sail eta erakunde autonomo ia gehienek, hiru diputazino eta hiru uriburuetako Udalek, beste zenbait erakundek (Legebiltzarra, EHU) eta ehun leku-entidadek baino gehiagok 86/1997 Dekretua bete, diseinau eta onartu egin ditue euren erabilera planak. Ahalegin horren ondorioz, EAEko biztanleriaren % 90 erabilera plana egiteko ardurea hartu dauen udalerri batean bizi da.
'Halanda be, oraindino badago zeregin ugari herri txiki guztietara zabalduko badira planak, batez be euskerea, soziolinguistikoki, gitxien erabilten dan horreetara zabalduko badira. Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzea horretan dabil lanean, eta lanean jarraituko dau datozan hilabeteotan, ahalik eta eperik laburrenean herri-administrazino guztiek euren erabilera plana onartzeko. Era horretara, euskerearen erabilerak gora egingo dau Administrazinoan', azaldu dau.
Metodologia barria
Bide hori errazteko helburuagaz, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzeak metodologia barria eskaintzen deutse herri-administrazino guztiei, metodologia 'sinplea eta malgua'. Metodologia hori IRATI aplikazino informatikoan dator. Aplikazio honen bidez erakundeak bi plan diseinau, kudeatu eta jarraitu ahal izango ditu: Euskerea Bizibarritzeko Plan Nagusia (EBPN) eta erakundearen erabilera plana.
Euskerea Bizibarritzeko Plan Nagusiak euskerearen normalizazinoa sustatzen dau: familia-transmisinoa, lan-mundua, aisialdia, kirola, kulturgintzea... Erakunde barruko erabilera planari jagokonez, metodologia hau erabilita, garatu gura diran administrazinoko esparruak aukeratu eta horreek lortzeko ekintzak jarri ahal izango dira martxan, euskerearen erabilera horrelako eremuetan bultzatzeko: ahozko eta idatzizko erabilerea, itzulpenak, dokumentazinoa, terminologia, langileen prestakuntza orokorra, hizkuntza-paisaia edota kontratazino administratiboak.
Datozan egunetan IRATI martxan eta eskura izango dabe holan eskatu daben erakundeek. Teknikari eta profesional asko egon da tresna barria itxaroten, eta horren erakusgarri da honezkero 70 erakunde eta 130 teknikari inguruk emon dabela izena IRATI erabili ahal izateko.
IRATI metodologia barriaren erabilpena errazteko, Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzeak hamar prestakuntza saio antolatu ditu; saio horreek zezeilean egingo dira EAEko hiru uriburuetan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!