Kike Eguzkiza: 'adoptetako helburu bakarra familia sortzeko gogoa izatea da, ez inor salbetea'

Saioa Torre Gereketa 2009-01-26 11:55   Barriketan
Ume Alaia alkarteko ordezkaria

Proiektu barri bati ekitea ez da lan erraza izaten eta proiektu horren ardatz nagusia ume bat bada, gitxiago. Baina, ganera, ume hori adoptautakoa dala kontuan izanda, bidean traba ugari topau daitekez. Ume Alaia adopzino-familien alkartea 1994an jaio zan Bilbon eta, ordutik, ume bat adoptau gura dabenei zein ume bat adoptau barri dabenei laguntzinoa eskaintzea da kideen helburu nagusia. Kike Eguzkiza ordezkariagaz berba egin dogu.


1.- Zer egin behar da, pausuz pausu eta labur azalduta, ume bat adoptau gura izan ezkero?

Lehenengo eta behin, ondo pentsau behar da. Hori da lehenengo puntua, eta garrantzitsuena. Ume bat izateak dakarren ardurea hartzeko prest egon behar da, biologikoa zein adoptautakoa izan. Adoptetako erabagia hartu ostean, instituzinoetara jo behar da eta bertan jakinarazoko deutsue zeintzuk diran emon beharreko pausuak. Bizkaian, Eusko Jaurlaritzako Gazteria eta Gizarte Ekintza sailera jo behar da, adopzinoen arlora. Bertan, teknikariari zer gura dogun komentauko deutsagu eta estadu mailako zein nazinoarteko mailako adopzinoa egin gura dogun itaunduko deuskue lehenengo-lehenengo. Estadu-mailakoa bada, itxaron-zerrendetan emon behar da izena; nazinoartekoen kasuan, herrialde bakotxaren erispideen araberako pausuak emoten joan beharko gara eta ikastaro bereziak egin behar dira, ostean, batzorde batek adopzinorako gai diranak eta gai ez diranak bereizteko. Gai diranei espedientea zabaltzen jake eta prozesu osoa adopzinoagaz amaitzen da.

Bide horretan eta gero be, oso garrantzitsua dan kontu bat izan behar da beti buruan: gurasoek ez daukie adoptetako eskubiderik; umeek daukie adoptauak izateko eskubidea.


2.- Prozesuan sartu diran guraso gehienak bat datoz esakeran tramitazinoa luzeegia eta karuegia dala. Zer uste dozu zuk?

Luzea... Bai, luzea da, bederatzi hilebeteko haurdunaldia baino luzeagoa, behintzat, bai. Baina luzea izatea logikoa be bada. Papel asko bete behar dira eta horretarako denporea behar da, beti be ahalik eta arinen egiten saiatu arren. Baina burokrazia kontuak astiro doaz eta bertokoa apurtxu bat arinago joan arren, espedientea kanpoko herrialderen batekoa izan ezkero, gauzak atzeratu egingo dira, herrialde bakotxak adin txikiko bat adopzinoan emoteko ezarritako pausuak jarraitzea ezinbestekoa da eta.

Eta karuegia... Egia esateko, umearen jatorrizko herrialdearen arabera izango da karuagoa ala merkeagoa. Baina guk ez dogu dirua baloretan. Jenteak diru-kopuruak erabilten ditu baina, holan, pentsau daiteke zeozer erosten zagozala eta ume bat ez da ondasun bat, persona bat baino. Ez da ezer erosten, izapideak egiteagaitik pagau behar da, papelak legearen arabera bete, epaiketak egin eta jatorrizko herrialdeari laguntzeko. Ze, herrialde batzuek dirua exijiduten dabe umezurtz-etxeak mantenidu ahal izateko eta kostu hori adopzinoaren kostuari gehitu behar jako.


3.- Behin umea etxera ekarrita, zelan jokatu behar dabe gurasoek eta familiako kideek? Administrazinoak eskuhartzerik izaten dau orduan?

Hor hasten da, benetan, adopzinoa. Ze orain arte adopzino-aurreko pausuei buruz egin dogu berba. Zure semea edo alabea etxera ailegetan danean hasten da adopzinoa. Lehenengo eta behin, umearen jatorria izan behar da kontuan, ordura arte non egon dan eta ze hizkuntzatan berba egin dauen.

Baina hasiera-hasieratik izan behar doguna pazientzia da. Danetarako. Errusiatik, Txinatik edota Nikaraguatik etorritako umea izan arren, kasu guztietan pazientzia da gurasoek izan behar daben ezaugarririk garrantzitsuena. Komunikazino-loturea oso garrantzitsua da, gurasoakaz eta ingurukoakaz be. Ume bat adoptaukeran, jatorrizko herrialdean hamabosta pasau dozu beragaz, baina han ez dozu ezer jakiten ume horren ganean. Egunerokotasunak erakusten deutsu ume hori zelakoa dan, armozua emotea, beragaz egotea, olgetea, dituan arazoak konpontzea, zer gura dauen jakitea... Lehenengo mailako familia-loturea oso garrantzitsua da, gurasoak eta, balegoz, anai-arrebak. Gero, bigarren mailako loturara pasaugo ginateke, osaba-izekoak, amuma-aititeak... Eta, ostean, gizarte mailakoa dator, kaleko lagunak, gurasoen koadrilako lagunak, auzokideak...

Oso garrantzitsua da umeak denpora nahikoa izatea inguru barrira moldatzeko. Batzuek uste dabe, umea ailegau eta berehala eskolara bialtzea dala egokiena errealidade barrira ahalik eta arinen moldatzeko. Bada, hori akats larria da, eta umea bai joango da eskolara, baina bere burua non dagoanean dakienean, ingurura ohituta dagoanean. Kontu handia izan behar da eta ez inposatu berehala gure errealidadea. Pausuka joan behar da, trankil, astiro-astiro. Holan, etorkizunean izan daitekezan moldatze-arazoak ebitauko dira.

Ume Alaia alkarteak beti esaten dau honako hau: adoptautako umeek beti dakarre motxila bat eta, han barruan gordeta, euren guraso biologikoen abandonua. Hori ez dabe sekula ahazten. Eta zenbat eta nagusiago etorri, motxila orduan eta beteago dator. Gurasook esperientzia negatiboak hutsitu behar doguz motxila horretatik.

Egokitze-prozesu horretan, jatorrizko herrialdeetako administrazinoek ez dabe, orokorrean, ezelako jarraipenik egiten. Bertoko administrazinoak, barriz, bai.


4.- Zer pasetan da umea ez bada bizimodu barrira moldatzen edota gurasoek ezin badabe ume hori behar dan moduan hezitu?

Orduan, arazoa zein dan jakin behar da. Hori jakinda, urtenbidea topau daiteke. Guk ez dogu gura, inondik inora, adopzinoa bertan behera geratu eta umea bigarrenez abandonauta sentidutea. Horrek min handia egingo leuskio.


5.- Zer eskaintzen deutse Ume Alaia alkarteak gurasoei? Eta umeei?

Ume Alaiak hamabost urte daroaz adopzinoaren munduan beharrean eta esperientzia dauka, hainbat bizipen ezagutu izan ditu eta. Tailerrak, osteratxuak eta aisialdiko hainbat ekimen antolatzen ditu adoptautako umei eta euren gurasoei zuenduta. Bestalde, jardunaldiak, berbaldiak... be antolatzen ditu. Eta, azkenik, arazoren bat izan ezkero, kasua teknikarien esku jarten dogu, psikologoen edota medikuen esku.


6.- Adopzino berbea entzun eta, berehala, Txina jatorku burura. Orokorrean, ze herrialdetako umeak adoptetan dira gehiago?

Egia da, bai, 2000. urtetik hona adoptautako umeen % 60 Txinatik datoz, gero Errusiatik eta gero Ukrainiatik. Orain arte, Txinan adoptetea erraza eta arina izan da, urtebetean zure alabea -ze Txinan adoptautako umeen % 99 neskatoak dira- etxean daukazu. Baina hori, honezkero, ez da holan. Eta Errusian be, lehen errazagoa zan. Ganera, herrialde horreetako umeek gure antz gehiago daukie berbarako Ertameriketakoek baino eta, tontakeria izan arren, jente askok ezaugarri hori garrantzitsua dala uste dau.


7.- Urterik urte, eta estadistiketan oinarrituta, adopzino-eskaerek gora egin dabe. Zerk bultzatuta joaten dira, orokorrean, gurasoak adopzino-zerrendetan izena emotera?

Arlo medikoa da arrazoi nagusia gehienetan, hau da, ume biologikoak euki ezin dituenek emoten dabe izena adopzino-zerrendetan. Azken hogei urteotatik hona, gure gizartea asko aldatu da. Emakumeek orain baino goizago ekarten zituen umeak baina, egun, zorionez, emakumeak bete-betean dagoz sartuta lan munduan eta ikasi, lana topau, etxea erosi... Denporea aurrera doa eta jenteak gero eta beranduago ekarten ditu umeak eta, kasu batzuetan, ezinezkoa izaten da. Orduan joten dabe zerrendatara.

Bestalde, badagoz alkartasunaren atxakian animetan diranak be. Hau da, umeak eukiteko aukerea izan edo umeak izan arren, adoptetako gogoa dabenak. Baina hori, guretzat, akats larria da. Adopzinoa eta alkartasuna alkarren kontrako berbak dira. Alkartasunagaitik adoptau ezkero, galduta zagoz. Horretarako, hoba da ume bat besoetan hastea, Perun, Bolivian edota Canbodian. Baina ume bat hirugarren munduko bizimodutik salbetako helburuagaz adoptauko badozu, erratu egingo zara. Ze ume horreek ez ditu inork salbau behar; gu, guraso legez, ez gara inoren salbatzaileak. Adoptetako helburu bakarra familia sortzeko gogoa izatea da, ez inor salbetea.


8.- Legez kanpoko adopzinoa zabal dabil ala komunikabideetan agiri diran kasu konkretu horreek baino ez dira existiduten?

Komunikabideetan ikusten diran kasuak baino ez dirala esango neuke nik, horreek eskandalua izaten diralako. Legez kanpoko adopzinoa betidanik existidu izan da, hemen orain dala 40 urte edota Errusian orain dala 20 urte. Komunikabideetara salto egiten badabe, kasu eskandalugarriak diralako izaten da, atzean mafiak dagozanean, zelan edo holan ume bat gura daben familiez aprobetxetan diran mafiak.

Adopzino-prozesuan, helburu nagusia ez da arintasuna. Izapide burokratikoak behar dan moduan pasau behar dira ze, bestela, umea nagusia danean, zelan azaldu 'erosita' dagoala?


9.- Komunikabideakaz jarraituta, zer deritxazu ikusten doguzan personaje famatuek adopzinoakaz daben jarrereari? Mesede ala kalte egiten deutse adopzino kontzeptuari?

Ez mesederik ezta kalterik. Baina batzuetan hasarratu egiten gara, herrialde batzuetan mesede egiten deutsielako adopzino-prozesuan, diruaren trukean. Eta hori ez jaku bape gustetan, nazinoarteko hitzarmenetan adostutako jarraibideak ez dituelako beteten. Baina bestela, edonork adoptau leike, famatua izan zein ez.


10.- Oraintsu egindako ikerketa baten ondorioetan oinarrituta, adoptetan diran umeen artean % 20k osasun arazoak ditu.

Bai, egia da. Baina osasun arazo horreek ez dira larriak izaten, lo egiteko arazoak, nutrizino desegokia... Horregaitik, Ume Alaiak beti dino umea gurera ailegau eta jarraian medikuarengana eroan behar dogula analisi orokor bat egiteko eta, behar izan ezkero, barriro bakunetako. Umea jasokeran, medikuen txostena jasoten dozu baina ezinbestekoa da hemen barriro medikuarengana eroatea ze leitekeana da umea gazteegia izatea zenbait gaixotasun atzemoteko. Halanda be, arazoa larria ez bada, yogur batzukaz eta eguzki apur bategaz, umeak laster batean errekuperetan dira.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu