Getxoko Udalak hezkuntza elebidunaren aldeko hainbat ekimen egingo ditu datozan egunotan

Bizkaie! 2009-01-22 17:20   Euskerea berbagai

Aurten zezeilaren 2tik 13ra bitartean izango dan ikastetxeetako aurrematrikulazino kanpainari begira, Udal getxoztarrak 'Ume elebidunen gurasoentzako eskuliburua' bialduko dau 2 eta 3 urte arteko umeen etxeetara. Elebakartasunaren aldean, elebitasunaren abantailak azaltzen ditu gideak, euskeraz eta gaztelaniaz.

Getxoko Udalak (Bizkaia) hezkuntza elebidunaren aldeko hainbat ekimen egingo ditu datozan egunotan, aurten zezeilaren 2tik 13ra bitartean izango dan ikastetxeetako aurrematrikulazino kanpainari begira.

Ikasturte honetan, ume gehienak euskerazko ereduetan ikasten ari dira Getxon; hain zuzen be, Haur Hezkuntzan, D ereduan % 65 ari da ikasten, B ereduan % 17 eta A ereduan % 17; Lehen Hezkuntzan, D ereduan ikasleen % 48 ari da ikasten, B ereduan % 29 eta A ereduan % 23a, Getxoko Udaletik azaldu dabenez.

Aste honetan bertan, Udal getxoztarrak 'Ume elebidunen gurasoentzako eskuliburua' bialduko dau 2 eta 3 urte arteko umeen etxeetara. Elebakartasunaren aldean, elebitasunaren abantailak azaltzen ditu gideak, euskeraz eta gaztelaniaz, 'Guia para padres y madres de niños bilingües' izeneko liburuan oinarrituta. Gideak igaz arrakasta handia izan ebanez, aurten be argitaratzea erabagi dau Udalak, eta 2.000 ale kaleratu ditu guztira.

Bestalde, datorren astean, urtarrilaren 26tik 30era, Alkarbideren bitartez Bizkaiko 45 udalerritan euskerazko ereduetan matrikuletako egingo dan '1+1' goiburuko sentiberatze-kanpainan parte hartuko dau Getxoko Udalak. Kanpainearen bidez, hezkuntza sistemea osotzen daben ereduei (A gaztelania hutsezkoaren, B elebidunaren eta D euskera hutsezkoaren) ganeko informazinoa emongo jake 2-3 urteko umeak dituen gurasoei eta, batez be, beste herrialde batzuetatik Euskal Herrira bizitera etorri diran etorkinen familiei. Udalak 2.500 gida banatuko ditu. Gida horregaz batera, 'Memory' jokoa eta Imanol Landa alkatearen gutuna be jasoko ditue.

Azkenik, Getxoko Udalak 'Etorkizuna euskaraz dator' esku-orria barriro argitaratu dau eredu euskaldunen abantailak kanpotik etorri diranen artean zabaltzeko. Horretarako, hamar familiek (etorkinek eta bertokoek) euren esperientzia azaldu dabe. Danetara 1.500 ale banatu dira ikastetxe, haurtzaindegi edota etorkinen alkarteetan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu