'Joan etorrian', Bertso Eguna 2009
2009-01-22 14:01 BertsolaritzeaPublikoak sormen prozesua baldintzatzen dau, estimuluak edo mugak jar leikez. Hori jakinda, bertsolaritzearen joan-etorrian (feed-back terminoa) bihurritu bat emon nahi izan da aurtengo Bertso Egunean. Joan-etorria biderkatzeko, publikoa izango da abiapuntua.
2009ko urtarrilaren 24an, zapatuan, XL. Bertso Eguna ospatuko da Donostian. Era askotako hogeita hemeretzi edizino izan ditu Bertso Egunak (edo Bertsolari Egunak, bietara deitu izan jakolako) 1967an Uztapideri eskainitako haretatik hasita. Donostian eta Donostia Egunaren inguruan antolatu ohi da urtero, bertako Udalaren babesaz, lehen KTE-ren bidez, orain Donostia Kulturaren bitartez.
'Joan etorrian'
Bertsoa komunikazioa dan heinean, publikoa agente aktiboa da bertso ekitaldian. Gaia edo bertsoa entzun osteko erreakzinoak -isiltasuna, txaloa, keinua, algara- eragina dauka bertsoaldian. Publikoak sormen prozesua baldintzatzen dau, estimuluak edo mugak jar leikez. Hori jakinda, bertsolaritzearen joan-etorrian (feed-back terminoa) bihurritu bat emon nahi izan da aurtengo Bertso Egunean. Joan-etorria biderkatzeko, publikoa izango da abiapuntua. Publikoak esan daiala zertaz eta zelan kantau. Horretarako, arratsaldeko ekitaldirako gaiak eskatu jakoz publikoari. Aspaldian ebilen ideia Bertsozale Elkartean, bertsolari eta antolatzaileen artean, entzuleak bertsolaria zeri buruz kantuan entzun nahi dauen eta publikoak zer proposatzen dauen jakitekoa. Baliogarria izango da gai-jartzaileen lana hauspotzeko eta bertsoaren joan-etorria biderkatuta sormen prozesuaren zailtasunak erakusteko. Barikura (urtarrilak 23,) bitartean gaiak proposatzeko hiru bide ditue bertsozaleek:
- 685728518 telefonora deitu.
- sustapena@bertsozale.com helbidea erabili.
- Posta arruntez, helbide honetara idatzita:
Euskal Herriko Bertsozale Elkartea. Kale Nagusia 70, 20150
Villabona, Gipuzkoa.
Bertso Eguna'09
Saroi Jauregik aurkeztuko dau ekitaldia eta sei bertsolari izango dira kantuan: Sustrai Colina, Jon Maia, Unai Iturriaga, Maialen Lujanbio, Sebastian Lizaso eta Andoni Egaña.
Egitaraua:
- 12:00etan, kaleko bertsolariak Bulebarrean. Aitor Mendiluze, Iker Alustiza, Unai Agirre, Unai Gaztelumendi, Ander Lizarralde, J.J. Zubieta Etxabe, Beñat Gaztelumendi, Iñaki Viñaspre,
Arkaitz Oiartzabal Xamoa eta Iratxe Ibarra.
- 18:00etan, 'Joan etorrian' ekitaldia Kursaaleko Areto Nagusian.
- 21:00etan, afaria eta festa Martin Berasategi Kursaal jatetxean. Bertsolariak: Julio Soto eta Beñat Ugartetxea, Amets Arzallus eta Ortzi Oiartzabal, Arkaitz Estiballes eta Iker Zubeldia, Xabier Amuriza eta Josu Zabala.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!