Ardao konsumoaren etorkizuna
2009-01-22 12:19 Jan edanakArdaoaren salmentei jagokenean, oro har, aurreikuspen baikorrak egiten dira, nahiz eta mehatxu batzuk egon badagozan, besteak beste, Europa Mendebaldeko gobernuak alkoholaren kontra hartzen ari diran neurriak, batez be, Frantzia eta Erresuma Batuan.
Drinks Internacional izeneko aldizkari entzutetsuan, Wine Intelligenceko Zuzendaria dan Lulie Halsteadek, epe ertainera eta luzera begira ardaogileek izango dituen aukera eta oztopoei buruzko eretxia agertzen dau eta baita zein aurreikuspen egiten dauen berak sektoreak datorren hamarkadan izango dauen hazkundearen inguruan.
Lulie Halsteadek datorren hamarkadarako ardao kontsumoaren gorakadea aurreikusi dau, gitxienez, urteko 20 miloe kutxako gorakadea izan dau azken 10 urteotan; beste era batean esanda, 2.000 miloe dolarreko aldea izan da; era berean, per capita kontsumoaren gorakadea 200 bat herrialdetan izan da, hasi Angolan eta Zelanda Barriraino.
2020rako aurreikuspenei dagokienean, Wine Intelligencek ondorengoa dino:
Estadu Batuetan kontsumoa, personako 11 litrokoa izatetik, 14 litrokoa izatera igaroko da. Txinan, personako 0´6 litrotik, 2 litro kontsumidutera pasauko dira (Gaur egun Japonen edaten dabena).
Frantzia, Italia eta Espainian, barriz, kontsumoak behera egingo dau eta personako 45 litroko kantidadea nabarmentzen da.
Erresuma Batuan, Irlanda eta Europa Iparraldeko herrialdeetan, bere horretan geldituko da kontsumoa, gitxi gorabehera, personako 28 litroko kopuruagaz.
Hazkunderako, hiru iturri bereizten ditu Wine Intelligencek:
1. Kontsumitzaileek lurralde garatuetan, merkatuetan aukeratzen dituen ardaoak lasaitasunean edateko izaten dira. Izan be, garai modernootan, edari alkoholikoen artean, neurrian edanda, osasungarritzat joten dan edari bakarra da. Gainera, erraz topetan da eta ez da karuegia. Honen adibide dira, Estadu Batuetako eta Kanadako azokak, bertan 300 miloe kontsumitzailetik gora batzen diralarik
2. Nazinoarteko kalidadezko ardaoak aukeratzeko jokerea dago, tokian tokiko mahai-ardaoen kalterako. Ardaoaren munduan 'aburgesamentua' be deitu izan deutse. Enropan azken 50 urteotan jazo da eta orain beste toki batzuetara zabaltzen ari da. Ezin ahaztu, aitaturiko leku horreetan, egoera ekonomikoa nabarmen hobetu dala eta kontsumo erispideek edari hobeak edatera eroan dauela kontsumitzailea.
Brasil da aitaturiko horren adibide, izan be, kalidade esakaseko mahai-ardao asko eta asko produziduten dan arren, nazinoarteko ardaoak gero eta gehiago dagoz kontsumitzaileen agendetan, hori dana bertan emon dan hazkunde ekonomikoaren ondorioz. Polonia, Hungria, Txekiar Errepublika eta Errumania be sail honetan sar daitekez, horreetan be hazten ari diran ekonomiak dagozalarik eta ondorioz, jentearen maila ekonomikoa hobea izanik, kalidade eta prezio handiagoetako ardaoetara joten dabe.
3. Zenbait herrialdetan, ardaoa edatea mendebaldeko bizimodua irudikatzea be bada, fenomeno honen adibide Errusia eta Txina dira eta munduko populazinoaren zati handi bat hartzen dabe. Bestalde, ezin aurreikus daiteke zein izango dan herrialde horreen garapena.
Ardao kontsumoari jagokonean, Japoneko kasua sano deigarria da. 1998an ardao kontsumoaren osasunerako onurak atxakitzat hartuta, kanpaina basatiak egin zituen eta horreei esker, kontsumoak % 400 egin eban gora. Edozelan be, gorantz egin eban abiadura berean, beherantz joan zan eta gaur egun kontsumoa zeozelan orekatuta dagoala esan daiteke 27 miloe kaxa kontsumiduten dituelarik urtero.
Indian, 200 bat miloei lagun izango dira goi edo maila ertainekoak izan daitekezanak gaur egun. Horreetatik 150 miloek kontsumiduten dabe alkohol motaren bat baina, 700.000k baino ez dabe edaten ardaoa.
Japon eta Indiaren beste aldean Hego Korea dago eta hor ardao kontsumoa gora joan da eten barik eta hamarkada batean hirukoiztu egin da konsumoa. Hong Kongen konsumoa hazten joian orain arte eta are gehiago hazi da pasa dan apirilean, alkoholaren gaineko zergak murriztea erabagi zanetik.
Azken buruan, oro har ardaoaren salmentei jagokonean, aurreikuspen baikorrak egiten dira, nahiz eta mehatxu batzuk egon badagozan, besteak beste, Europa Mendebaldeko gobernuak alkoholaren kontra hartzen ari diran neurriak, batez be, Frantzia eta Erresuma Batuan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!