Berbalagunen bizkaiera taldea Getxon

Bizkaie! 2009-01-21 10:17   Euskerea berbagai
'Getxon be hameko berbe ikisi gure dogu'

Taldean jente asko animau da (28 berbalagun taldeetan, handiena da hau), harrerea uste genduana baino hobea izan da eta pentsetan dogu hori seinale ona dala: jenteak bizkaierea ikasi eta erabili nahi dau.

Bizarra Lepoan euskera alkarteak eta Egizu alkarteak betidanik izan dabe bizkaierea eta Getxoko euskerea sustatzeko ardurea. Beti izan dogu argi, Getxon batua ez dan bertoko euskerea egonda, eta gu euskera alkarteetakoak izanda, zeozer egin behar genduala herriko euskerea zabalduteko, kalera atarateko eta prestigioa emoteko.

2007/08 ikasturtean, Bizarra Lepoanek 'Hameko berbe ikisi gura (do)gu' bizkaiera ikastaro teoriko-praktikoa antolatu eban eta Labayruko irakasle baten gidaritzapean 10 lagun ibili ziran bizkaierea ikasten eta erabilten. Eskoletan lantzen zan teoriagaz eta bizkaieradunen bisita eta hitzaldiakaz osotu zan. 2008ko maiatzean, ikasturtea amaituta, hile bitan martxan egon zan, proba piloto moduan, berbalagun taldea bizkaieraz, ikasleek eta beste batzuek osotu ebena.

2008/09 ikasturtean erabagi zan ikastaroa ostera be antolatu barik, indar guztia jarriko genduala maiatzean sortutako taldea handitzen eta sendotzen, eta horren ardurea Egizurena izango zala.


Zer da?

Berbalagun taldea da, baina berezia: beste taldeetan legez, lagun batzuk astean behin alkartzen dira euskeraz berba egiteko.

Baina beste taldeetan ez bezela, talde honek berezitasun batzuk daukaz:

• Berbalagun guztiak euskaldun osoak dira.
• Ordu eta erdiz egoten dira astero.
• Dinamizatzaile/arduradun bat dago.
• Talde handia da (14 lagun).
• Garrantzitsuena: baldintza bakarra da bizkaieraz egin behar dala berba, norberak daukana eta dakiena


Zertarako da?

• Bizkaieradunak eta euskalki hori ikasi, landu, erabili eta hobeto ezagutu nahi dabenak alkartzeko. Modu honetan, espazio barri bat sortzen dogu Getxon bizkaierearentzat.
• Lotsen eta konplexuen gainetik, gure euskereak urtetan galdutako prestigioa berreskuratzen hasteko, Getxoko euskerea ostera be Getxoko kaleetan egoteko.
• Konbidatuakaz, bizkaierearen sarea osotzen joateko Getxon eta inguruetan, jakiteko nork dakien, eta erabilerea handitzeko.


Nortzuk osotzen dabe?

1.- Jone Goirigolzarri (Getxo), 24 urte (koordinatzailea).
2.- Andere Goirigolzarri (Getxo).
3.- Amagoia Etxebarria (Getxo), 25 urte.
4.- Iñigo Kortazar (Getxo), 25 urte.
5.- M.T. Sarria (Artea), 74 urte.
6.- M.J. Plazaola (Eibar), 59 urte.
7.- Matilde Aranzamendi (Basauri), 75 urte.
8.- J.R. Legarreta (Leioa), 54 urte.
9.- Ivan / Urepele (Nafarroa Behera), 22 urte.
10.- Bingen Saitua (Getxo), 49 urte.
11.- Izaskun Salsidua (Getxo), 42 urte.
12.- Lander Solozabal (Portugalete), 32 urte.
13.- Igone Rodrigo (Getxo), 30 urte.
14.- Josu Larrañaga (Mutriku), 32 urte.


Zergaitik da garrantzitsua?

• Getxoko eta Uribe Kostako euskerea hortxe dago, bizirik, nahiz eta gitxik erabilten daben gaur egun. Aukerea dogu, oso modu apalean bada be, suspertzeko eta zabaltzeko.
• Ezaguna da euskereak eta euskaldunok urtetan jasandako (eta hondino be jasaten dogun) zapalkuntza, mespretxua eta bazterketa, linguistikoa zein kulturala. Eta jakin badakigu, gainera, azken hamarkada honeetan euskalkiak (eta horreen artean bizkaierea) eta bizkaieradunak bigarren maila baten lotu dirana, 'Akordaten naz' bideoan ezin argiago agertzen dan legez. Ekimen txiki hau horreen guztien omenez be bada: izan ziralako, bagara.
• Taldean jente asko animau da (28 berbalagun taldeetan, handiena da hau), harrerea uste genduana baino hobea izan da eta pentsetan dogu hori seinale ona dala: jenteak bizkaierea ikasi eta erabili nahi dau.
• Taldean emakume zaharrak dagoz eta eurek daben modu bakarra euren euskerea erabilteko hauxe da. Urteetako lotsak eta konplexuak kentzeko modurik onena.
• Perfil oso desbardinak parte-hartzaileen artean. Euskaldun zaharrak eta euskaldun barriak, zaharrak, gazteak eta adin ertainekoak, emakumeak eta gizonak, Getxoko eta beste herrietako bizkaierak, Euskal Herriko hainbat tokitako jentea.


Zer egingo dogu?

• Iraupena: 2008ko zemendiaren 13an hasita, 2009ko bagilaren 25era arte.
• Eguna eta ordua: eguenetan, 20:00-21:30.
• Lekuak: Getxoko hainbat taberna, plaza eta lokal.
• Helburu nagusia: berba egitea, edozeren gainean, bakotxak ahal dauen moduan, koordinatzaileak gidatuta, baina beti be bizkaieraz.
• Ekimen bereziak: hilean behin antolatuko doguz bideo emonaldiak bizkaieraz, afari-meriendak, hitzaldiak bizkaieraz, bizkaieradunak konbidau taldera...
• Parte hartzeko: izena emon Egizu alkartean, telefonoz edo posta elektronikoz.


Zer eskatzen dogu?

Herritarren, alkarteen eta administrazinoen inplikazinoa proiektu xume baina garrantzitsu hau babesteko, bakotxak bere esparruan eta ahal dauen neurrian: zabalduz, parte hartuz, publizitatuz, diruz lagunduz...


Bizarra Lepoan Euskara Elkartea

Getxoko euskera alkartea da, 300 bazkide ditu eta 13 urte daroaz euskerearen erabilerea sustatzen. Bapiruke eta Gehitu Kirolera dira bere egitasmo nagusiak baina beste batzuetan be parte hartzen dau: Egizu alkartea, Getxoko toponimia (Udalagaz batera), GEHI Aisia, Aitzakiarik ez kanpainea…

Karitatea 1, sotoa, 10. bulegoa 48991 Algorta GETXO // 94 491 43 57
bizarralepoan@euskalnet.net | http://www.blogari.net/bl


Egizu Getxo Euskaldun Euskara Alkartea

Getxoko hiru euskaltegiek (Jose Antonio Agirre, Lauaxeta AEK eta Udal Euskaltegia) eta Bizarra Lepoan euskera alkarteak osotzen dabe. Orain dala 8 urte sortu zan Getxoko euskaldunei euskerazko espazio barriak eskaintzeko eta erdaldunak motibetako euskerea ikasi daien. Bost proiektu ditu martxan: Berbalaguna eta Kultur Jarduerak, Kirola euskeraz, Uribe Kostako Irakurzaleen Txokoa, Sendi Proiektua familientzat (Udalagaz alkarlanean) eta Kliska inforria.

Karitatea 1, sotoa, 10. bulegoa 48991 Algorta GETXO // 619 935 541
egizugetxo@yahoo.com | http://www.blogari.net/egizu | http://www.blogari.net/sendi

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu