Gazte bizkaitarren 50 enpresa-proiektu lehiatuko dira BFAren Enpresari programearen saria lortzeko

Bizkaie! 2009-01-19 17:59

Aurtengo deialdira 209 enpresa-ideia aurkeztu dira, 492 parte-hartzailek defendiduta (312 mutil eta 180 neska). Horreetatik guztietatik 50 aukeratu dira, beren egileek garatu eta proiektuak amaitu daiezan.

Bizkaiko Foru Aldundiaren Lan eta Trebakuntza Sailaren menpeko DEMA Enpresa Sorkuntza eta Garapenerako Agentziak lurraldeko Lanbide Heziketako eta Trebakuntza Zikloetako ikasle gazteen 50 enpresa-ideia aukeratu ditu. Ideia horreek enpresa-proiektu bihurtzeko eta Enpresari programeak emoten dituan sarietako bat lortzeko aukerea dabe.

Aurtengo deialdira 209 enpresa-ideia aurkeztu dira, 492 parte-hartzailek defendiduta (312 mutil eta 180 neska). Horreetatik guztietatik 50 aukeratu dira, beren egileek garatu eta proiektuak amaitu daiezan. Garatu beharreko ideien artean sektore guztietako jarduerak dagoz baina, ideia kopuruari erreparauta, ostalaritza sektorea, aisialdia, elektronikea eta elektrizidadea, umeentzako eta hirugarren edadekoentzako zerbitzuak, osasuna eta estetikea gailentzen dira, bai eta beste enpresa batzuetarako zerbitzuak be.

Enpresari lehiaketearen barruan, martiaren 27ra arteko lan-fasea dago. Egun horretan, aukeratutako taldeek beren proiektuak eginda emon beharko ditue. Denpora-tarte horretan, DEMAk aholkulari talde bat jarriko dau ikasleen esku, laguntzinoa izan daien orientazino eta jarraipeneko tutoretzetan.

Programeari amaierea emoteko, proiektuak aurkeztu eta defendidu behar dira, eta, ondoren, diplomak eta sariak banatzeko ekitaldia egingo da. Aurtengo deialdian, ondokoak dira sariak: 1.500 euro, 1.200 euro eta 1.000 euro lehenengo hirurentzat, eta 500 euro laugarrenetik hamargarrenerako postuetan geratutako bakotxarentzat. Gainera, euskeraz aurkeztutako proiektu sarituei 400 euroko plusa emongo jake; modu horretan, parte-hartzaile euskaldunak proiektuak euskeraz egitera bultzatu nahi dira.


Enpresa bat sortzea

1998tik, DEMAk babestu egiten ditu Bizkaiko Lanbide Heziketako eta Trebakuntza Zikloetako ikasle gazteak, enpresa-proiektuen garapena ahalbidetzen daben eta, ondoren, proiektu horreek abian jarteko aukerea emoten daben programen bitartez.

'Gaur egun pisu espezifiko handia daben enpresak ekintza mota honen babespean sortu ziran. Lanbide Heziketako eta Trebakuntza Zikloetako ikasleei enpresa bat sortzeko aukerea emotea da lehiaketa honen helburua, laneratzeko eta euren garapen personalerako alternatiba baliogarri moduan. Era berean, gazteen eta irakasleen artean enpresearen inguruko kulturea zabaltzeko helburua bere badauka', adierazo dua Eusebio Larrazabal Lan eta Trebakuntza diputaduak.

Fase hori gaindituta, behin betiko fasera hamar proiektu baino ez dira helduko. Azken proiektu horreei jagokenez, DEMAk orientazino zerbitzua eskainiko deutse negozio-ideiaren bat dabenei (Dema Sortu programa), eta laguntza ekonomikoen zerbitzua be eskainiko dau negozioa martxan jarteko (DEMA Abiarazo).

Beraz, enpresa-kulturea sustatzen da eta proiekturik onenak saritzen dira, espiritu ekintzailerik handiena eta enpresa-mundura bideratutako gaitasunen garapenik onena erakusten daben parte-hartzaileak aintzat hartuz. Era berean, enpresak sortzeko balioko leukien ideiak piztu nahi dira; lan-urtenbide posible moduan, gazteei enpresa bat sortzeak esan nahi dauenari buruzko ikuspuntu praktikoa eskaini nahi jake; eta, azkenik, ikastetxeen, DEMAren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren Lan eta Trebakuntza Sailaren arteko lankidetzea sustatu nahi da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu