Euskal ordezkaritza bat Abu Dhabin dago Etorkizuneko Energiaren Goi Bileran

Bizkaie! 2009-01-19 14:54   Euskaldunak munduan

World Future Energy Summit goi bilerea honezkero energiaren alorreko munduko hitzordurik garrantzitsuena bilakatu da, 15.000 parte-hartzaile, 20 gobernu-ordezkaritza, 23 herrialdetatik etorritako 110 hizlari, 27 herrialdetako 300 enpresa-erakusketari eta 500 hedabide akreditauta dagozalarik

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Sailak, Bizkaiko Foru Aldundiak, Energiaren Euskal Erakundeak (EEE), Bilbao Exhibition Centrek (BEC) eta energiaren sektoreko zenbait euskal enpresak osotzen dabe gaur Abu Dhabin inaugurautako World Future Energy Summit Goi Bileran parte hartzen ari dan euskal ordezkaritzea.

Hiru egunetan zehar egingo diran etorkizuneko energiari buruzko ehundik gora berbaldi eta mahai-inguruz gan, goi bilereak erakusketa-eremu zabal bat be badauka, 300 enpresa eta erakunde publiko zein pribaturen standak batzen dituana. Abu Dhabi National Exhibition Centren eremu honetan kokatzen da, hain zuzen be, datorren bagilean BECen egingo dan Etorkizuneko Energiari buruzko Europar Foroari buruzko informazinoa zabaltzeko EVE-BECen standa.

Eguaztenean, Ana Agirre Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuak egingo dau 2009ko bagilaren 9tik 11ra egingo dan Etorkizuneko Energiari buruzko Europar Foroaren aurkezpen ofiziala, Abu Dhabiko goi-bileran parte hartzen ari diran milaka ordezkarien aurrean.

Aurkezpen honen aurretik, Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuak, World Future Energy Summiten egitarauaren barruan, berbaldia eskainiko dau 'Energia baliabide urriko lurraldearentzat alternatibak' izenburupean.

Agirrek Abu Dhabikoa lako goi bilera batean parte hartzearen garrantzia azpimarratu dau. Bere esanetan, energiaren alorrean, bai ikerketa, teknologia, energia-baliabide barriak edota gobernuen estrategia politikoetan, lan handia egiten ari diran herrialde, erakunde eta enpresak batu dira hemen. 'Munduko beste toki batzuetan egiten ari dirana ezagutzeko aukera parebakoa eskaintzen deusku honek, baita azken urteetan Euskadin emon doguzan aurrerapausuak aurkezteko be, besteak beste, CIC energiGUNE, Energia Alternatiboen Ikerketa Kooperatiboko zentroa abiarazotea', adierazo dau.

Inaugurazino ekitaldia baino lehenago, Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuak eta Izaskun Artetxe Bizkaiko Foru Aldundiko Sustapen Ekonomikorako diputatuak Sener enpresak WFESen dauka standa bisitau dabe.

Ahmed Al Jaber Abu Dhabiko sultanak, Willem-Alexander Herbeheretako Printzeak, James Alix Michel Seychelles Errepublikako presidenteak eta Sigmar Gabriel Alemaniako Ingurumen Ministroak hartu dabe parte World Future Energy Summit-en inaugurazino ekitaldian.

Masdar Abu Dhabiko energia barriztagarri eta alternatiboetan eta energia garbietan inbersinorako konpainiak antolatuta, World Future Energy Summit goi bilerea honezkero energiaren alorreko munduko hitzordurik garrantzitsuena bilakatu da, 15.000 parte-hartzaile, 20 gobernu-ordezkaritza, 23 herrialdetatik etorritako 110 hizlari, 27 herrialdetako 300 enpresa-erakusketari eta 500 hedabide akreditauta dagozalarik.

Energia-iturri desbardinak (eguzki energia, itsasokoa, eolikoa, ikatza) eta ikerketa, heziketa, eraikuntza edota estrategia politikoak dira goi bileran aurkeztu eta eztabaidatuko diran gai nagusiak. WFESren amaiera ekitaldian, eguazten arratsaldean, Tony Blair Britania Handiko lehen ministro izandakoak hartuko dau parte, Breaking the Climate Deadlock Initiative ekimenaren bultzatzaile legez.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu