Joxean Agirre: ‘literatureak gizakiari emoten deutso bizitzak emoten ez deutson arnasbidea’

Karolina Almagia 2009-01-19 11:02   Barriketan
Kazetaria eta idazlea

Joxean Agirre Odriozola (Azpeitia, 1949an) kazetari ezaguna da gurean. ‘Egin’ lehen eta gaur ‘Gara’ egunkarietako kultur erredaktorea da, ‘Ikastola’ eta ‘Bertsolari’ aldizkariak zuzentzeaz gan. Literatureagaz maitemindurik, baditu hainbat titulu argitaratuta, horreen artean ‘Elgeta’ (1986) edota ‘Romain zen bere izena’ (2003). Orain nobela barri bategaz jatorku, ‘La lutte finale’ (Elkar), bi gizon eta bi emakumeren arteko maitasun hartu-emon korapilatsu eta jostalariak ardatz. Baina mundua aldatzeko burrukatik haren plazerrak probatzera igaro dan belaunaldiaren erradiografia be izan nahi dau liburu honek.


1.- Nobelaren protagonistak 60 urteren mugan dagozan bi gizon dira. Zer dabe zugandik gizon horreek?

Gaztetan literatureak bizitza aurreratu egiten dauela esan ohi da eta helduagoak garenean, barriz, iragana berreskuratzen laguntzen deuskula. Nobela honetan, uste dot, bizitzan gertatuko jakuna aurreratzeko balio dauela literatureak, nahiz eta bi protagonistek 60na urte dituen; neurri handi batean zahartzaroaren iragarpenagaz arduratuta dagoz bi gizon horreek. Ni neu edade horretara heltzeko zorian nagoenez, argi dago badagozala nobelako bi protagonisten eta neure artean antzekotasunak. Halan da be, zahartzaroari aurre egiteko bi modu agertzen ditue: narraitzaileak zeozelan amore emoten dau bizitzako 'azken burruka' horren aurrean eta Garibaldik, beste protagonisteak, jarrera askozaz be numantinoagoa erakusten dau. Bizitza bera ulertzeko bi modu dagoz. Narratzailearengandik askoz hurrago nagola bistakoa da.


2.- Zahartzearen inguruko kezkak agertzen dira, baina beti gizonaren ikuspegitik. Desbardintasun handiak dagoz, zure ustez, emakumezkoek eta gizonezkoek prozesu hori biziten daben eran?

Ez dakit literaturan biografiak alde batera itxita, emakumearen menopausiaz asko hitz egin da, baina literaturatik kanpo asko hitz egiten da eta liburuak topau daitekez edonon. Andropausiaz gitxiago hitz egiten da. Nik andropausiaren alderdi batzuk bakarrik jorratu dodaz nobelan, normalean tabernako txisteetan eta medikuen kontsultatan bakarrik aitatzen diranak, seguru asko. Medikuntzearen ikuspegitik ez dot ia ezer irakurri, baina seguru nago fenomeno bera oso modu desbardinean bizi dabela gizonezkoek eta emakumezkoek. Emakumeek beharbada zahartzaroaren iragarpena itxura fisikoaren kontrako eraso moduan ikusten dabe. Gizonezkoek sexualidadearen gainbehera moduan gehiago. Literaturan andropausia edo dana dalako hori sormenaren agortzearen metafora gisa erabili da gehienbat. Nobela honetan edadeari eta denporeari buruzko gogoetak egiteko erabili dala esango neuke.


3.- Eleberriaren hasierea bitxia da, cortazarianoa esango neuke nik: nahasmen jolas baten bidez, egoera sasi-absurdo batetik abiatzen da istorioa. Zein izan zan zure intentzinoa hasiera horregaz?

Narratzailearen personaiak, kanpotik begiratuta, ez dauka ezer arruntetik. Kultua da, fina, dotorea. Baina bera, bere gogoetearen haria hori da, ordezkagarri, koldar eta arrunt sentiduten da. Nik walserianoa dala esango neuke. Karlos Linazasorok erretratetan ditu oso ondo personaia horreek. Trukoa edo tranpa izan daiteke cortazarianoa. Bardin deutso. Aurreko nobelan oso modu neurtuan erabili neban baliabide hori. Kontakizunak asmetako aukera handiak emoten eustazala jaubetu nintzan eta oraingoan kantxa osoa libre itxi deutsat baliabide horri. Lau kontakizun luze dagoz nobelearen barruan tranpa hori erabiliz idatzitakoak eta jarrai neikean lasai asko.


4.- Nahasmen egoera horreek dirala eta, protagonistak beste baten bizitza biziten dau. Literaturearen metafora bat izan daiteke?

Ez dakit literaturearen metafora dan edo ez. Gizakiari oso gogorra egiten jako bizitza bat bakarrik dauela pentsetea eta deprimentea be bada bizitza bakar horretan bat eta bera izango dala jakitea. Literatureak emoten deutso, ondorioz, bizitzak emoten ez deutson arnasbidea. Literaturearen egiteko nagusienetako bat gure beste aukerak jorratu, beste existentzia posibleak irudikatu eta zer izan gaitekezan, geintekezan asmetea da.


5.- Emakumea zeozer misteriotsua bezela agertzen da nobelan, eskuraezina edo. Eurak agintzen dabe gizon-emakumeen arteko hartu-emonetan. Holan ikusten dozuz?

Badakit pose bat dala, baina beti pentsau izan dot emakumeek gizonezkoek baino garbiago dakizuela helburuen barri, beti edo ia beti dakizuela zer nahi dozuen (gizonezkoek zalantza gehiago izaten ditue), baina ez dozue helburu horreen barri emoten eta horrek holako misterio eta enigma kutsu bat emoten deutsue. Estereotipo hori seguru ez dala erreala, baina gustau egiten jat eta horregaz jokatu dot idazteko orduan. Nobelako bi emakumeek oso garbi daukie zer nahi daben, baina bi gizonezkoak, narratzailea bederen ez, ez dira enteretan gauzak jazo arte.


6.- Kazetaritzan zabilz bizimoduz. Egunkarian erabilten dozun estiloak eragina izaten dau zure literaturan?

Alderantziz gerta daiteke, hau da, narratiban egiten dan ahaleginak ondorio mesedegarriak izatea erreportaje bat idazteko orduan, baina prentsa idatzian erabilten dan hizkuntzak ez dot uste askorik balio dauenik literatura idazterakoan.


7.- Kritika onak jaso dozuz, baina baita txarren bat be. Zelan hartzen dozuz?

Kritika on asko jaso dodaz. Asko ezagutzen dodazan idazleenak izan dira. Ez dodaz izenak aitatuko, baino dezente izan dira eta horreei autortzen deutset benetan lan bat epaitzeko legitimidadea. Kritikea tamalez gurean oso profesionalizazino maila eskasekoa da. Inpresinoa izan dot karrera bat amaitu eta lan finko bat topau barik dagozan gazteen behin behineko lanbidea dala, pagau be holan egingo jakelako, oso gitxi. Zirkulu gaizto bat da hori. Gitxi pagetan jake, ez dira profesionalak eta badirudi leku bat topetako sekulako merituak egin behar dituela. Nire nobeleari buruzko kritika apurrak edo atara barri diran beste nobela batzuei buruzkoak irakurrita, inpresino hori izan dot, batzuk bederen apaltasun gitxikoak izan dirala.


8.- Joseba Jaka Bekeari esker idatzi dozu liburu hau. Zelakoa izan da prozesua? Aurrekoakaz baino gehiago sufridu edo gozau dozu?

Aurreko nobelakaz be sariak jaso izan dodaz, baina bekearena da sistemarik erosoena, bi urtean zehar diru-laguntzino estra bat jasoten dozulako lana egin ahala. Sistemak dituan onurez gan, nobela honek zehatz oso burukomin gitxi emon deustez, bere trama oso erraz kontroletako modukoa zalako. Behin eta barriro errepetidu dot gozatu bat izan dala idaztea eta personaiak despedidu ahala hutsune bat sentiduten nebala. Bi emakumeak, esate baterako, zapatu arratsalde batean itxi nituan nobelatik kanpo, holan esan ba daiteke, eta bi urtean eurekaz bizi izan eta bakarrik geratu banintz bezela sentidu nintzan.


9.- Ze motako literaturea gustetan jatzu irakurle bezela? Noren eragina igarten dozu?

Errazagoa egiten jat zer ez jatan gustetan esatea. Nobela errealistea, nobela historikoa eta literatura fantastikoa, esate baterako, ez jataz bape interesetan, baina, halan da be, liburutegira heltzen diran nobedadeen artean holakorik badator, badaezpada begirada bat emon behar izaten deutset. Sarituak izan diran nobelak irakurteko mania daukat. Zer gustetan jatan? Oro har, Europa erdialdeko literaturearen tradizinoa uste dot gustetan jatala gehien. Ni adinez nouveau roman-en fan izandakoa naz eta holako joera esperimentalista bat be badaukat oraindino. Nire idazle kutunen zerrenda bat osotzen hasi beharko neuke.


10.- Zelan ikusten dozu euskal literaturearen egoerea?

Nik beti esan dot idazle amateurra nazela eta lanak ixten deustezan txolarteak erabilten dodazala irakurteko eta idazteko. Ez dot, beraz, euskerazko produkzinoa oso gertutik jarraitzen. Azken urteotan gure literatureari holako proiekzino internazional bat emoteko agertu dan grina txalogarria begitantzen jat, baina harritu be egiten nau, gure literaturearen neurria zelakoa dan jakinik.


11.- Laster erretiroa hartuko dozu. Ze plan dozu ordurako?

Erretiroa partziala da. Beraz, ez dot lan munduagaz hartu-emonak erabat etengo. Nire asmoa literatureari ordu gehiago eskaintzea da eta 'idazle profesional' baten antzera urte batzuk biziten froga egitea.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu