Claudio Palomo Kimika Organikoko katedradunak lortu dau 2008ko Euskadi Ikerketa Saria

Bizkaie! 2009-01-14 11:20

Epaimahaiaren ustez, Palomo irakasleak 'oso ekarpen garrantzitsuak egin ditu sintesi organikoan eta metodologia barriak garatzeko laguntzino nabarmena emon dau, karbono-karbono loturak sortzeko, baita zenbait arlo terapeutikotan molekula bioaktiboak sortzeko be'.

Claudio Palomo (Bartzelona, 1951) Euskal Herriko Unibersidadeko (EHU) Kimika Organikoko katedradunak lortu dau 2008ko Euskadi Ikerketa Saria, Zientzia eta Teknologiaren arloan. Euskadin zientzia garatzeko egin dauen lanagaitik saritu dau Palomo Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibersidade eta Ikerketa Sailak.

Epaimahaiaren ustez, Palomo irakasleak 'oso ekarpen garrantzitsuak egin ditu sintesi organikoan eta metodologia barriak garatzeko laguntzino nabarmena emon dau, karbono-karbono loturak sortzeko, baita zenbait arlo terapeutikotan molekula bioaktiboak sortzeko be'.

Injineru kimikoa (Sarriako Kimika Institutua, 1975), Kimikan lizentziaduna (Bartzelonako Unibersidade Zentrala, 1976) eta Zientzia Kimikoetan doktorea (1983) Euskal Herriko Unibersidadean, Palomo irakasleak irakaskuntza eta ikerketa-jarduerak egin ditu hainbat unibersidadetan, Euskal Herrikoan, Buenos Airesen, Mexikon eta Berkeley-en (AEB) berbarako. Berkeley unibersidade estadubatuarrean luzaroan egon zan eta han sakondu dau bere ikerketa-ildo nagusian, sintesi asimetrikoa.

Claudio Palomo irakasleak 30 doktore-tesi baino gehiago zuzendu, 200 artikulu zientifiko baino gehiago argitaratu eta hitzaldi ugari emon ditu mundu osoko hainbat unibersidade eta ikerketa-zentrotan. Kimika Organikoan bikaintasun-eskola bat -Euskal Herriko Unibersidadean nazinoarteko ospea izango dauena- sortu dau eta, bere lanari esker, taldea nazinoarteko erreferente bihurtu da kimikearen zenbait alderditan.

Juan Jose Ibarretxe lehendakariaren eta Tontxu Campos Hezkuntza, Unibersidade eta Ikerketa sailburuaren eskutik jasoko dau Palomo irakasleak saria, zezeilaren hasieran Ajuria Enean izango dan ekitaldian.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu