Antonio Zavala (in memoriam)
2009-01-12 17:33 Euskerea berbagaiEuskal literaturaren ongarria, Zavalarentzat, herri-literatura izan da; haretan ikusten izan dau, euskerak bere literatura propio, berezko eta fidagarri bat izateko zimendua. Sarri entzun deutsagu esaten: gaurko idazle gazte askok erdaraz pentsatzen dauela, eta gaur egungo euskal testu askori erdal sundea dariela, erderaren kalko zirala.
Egunkarietan, batez be Gipuzkoakoetan, hainbat idatzi argitara da egunokaz Antonio Zavalaren inguruan, haren uste bako heriotza bizkorra dala-ta. Urte barriagaz batera antzean joan jaku, 81 urte laster egiteko egoala tolosar herri-literatura ikertzaile handia, berak bilatutako Xabiergo bakartegian, gauetik goizera, guk oraindino gizon gordin ikusten genduana, dana asmoz eta etorkizuneko ekimenez betea, batez be bere Auspoa bilduma kutunean.
Laster urtebete izango da, Beterriko Adunako herrian batu ginduzala Koldo Mitxelena Kulturuneak bazkari baten inguruan Antonio Zavalaren 80. urtebetetzea ospatu eta berari poztasuna emon gogoz haren hainbat lagun eta adiskide, Andres Urrutia euskaltzainburua, Javier Kalzakorta herri-literatura batzordekide eta Labayru Ikastegikoa, Joxe Mari Iriondo, Pello Esnal eta Gipuzkoako adiskide enparadu mordotxoa, geu be tartean ginala. Opari eta esku-erakutsiak jaso zituan harako horretan gure Antonek, herri-literaturaren alde bere bizitzan zehar eginiko lan oparoaren esker-saritzat. Pozik eta gogotsu ikusi genduan egun hatan, ze aspalditxoan erostaz eta kexaz ebilen, lorik egin ezinak artegatuta. Penitentzia latza zan, izan be, bera lako gizon batentzat, eguneko tarterik laburrenari be etekina ataraten ohituta egoanarentzat, esku bete zeregin euki aurrean eta behar dan taiuaz hari ekin ezin, halan bere burua ikusita.
Nork esan, handik urtebete baino lehen alde egingo euskula lurreko gizakion erreinutik! Xabierrera oraingoan egin genduan hileta-eleizkizunerako ostereak bihotza penaz jota itxi euskun San Esteban eguneko domeka-arratsalde eder horretan. Inguruko parajeai begirada zorrotz eta geldiroa egin: Hueskako Pirinio mendietan edurra agiri zan... Gure Anton mendizale amorratua izana zan eta buruz ezagutzen zituan paraje guzti horretako tontor, bide, ermita, auzo eta herritxo, jentea, istorio ta pasadizu, ekandu eta usadio, kanta eta bertso, uste eta sineste. Pirinio mendietakoak eta Euskal Herri osokoak... Irakurri beitez Oiñez eta jakin miñez izenburuaz atera dituan bilduma-ale ederrak, batera eta bestera eginiko ibilaldietan ikasi eta aztertu dituen esaunda, istorio eta giza-azterren ezagutu gura dituanak.
Ez ditugu hemen banan-banan arakatuko 1961ean abiaerazo eban Auspoa bildumaren aleak eta euron birtuteak. Ramon Artolaren Sagardoaren graziya izan zan borobildu eban lehenengo alea eta harrezkero, aldirokotasun miragarri batez –urtean hamabi ale atereaz hasi zan– eta ia eten barik garandu deuskuz ale-garauak herri-literaturaren barruti zabaletik. Gure bertsolari zaharren bertso-txorta banatuak batera bilduz eta ondo atonduz hasi zan apal-apal, baina apurka abanikua zabalduz eroan eban: denporan hurragoko bertsolarien uzta jasotzera jo eban. Hitzlauzko generoetara be zabaldu eban bere arloa: oroitzapenak, biografia, herri-jakintza... zer kontau euken eta euskera ondo ekien bertsolari eta osterantzeko herri-eskolako gizonak ipini zituan idazten. Halantxe heldu da hirurehundik gora aletara. Eta zorionez, bildumari jarraiera emoteko ustea dago.
Euskal literaturaren ongarria, Zavalarentzat, herri-literatura izan da; haretan ikusten izan dau, euskerak bere literatura propio, berezko eta fidagarri bat izateko zimendua. Sarri entzun deutsagu esaten: gaurko idazle gazte askok erdaraz pentsatzen dauela, eta gaur egungo euskal testu askori erdal sundea dariela, erderaren kalko zirala. Euskerazko prosak, gure herri-bertsolariek berezkoa eben berbetako eta pentsetako modua, herri-estilistika banako hori, beste tolosar batek, Justo Mari Mokoroak 'Genio y lengua' liburuan eskatzen eban eta 'Ortik eta Emendik' lokuzio-bilduman praktikaratu nahi izan eban hori bera. Zavalak horregaitik ipini zituan hainbat bertsolari, bertsogile eta osteango herri-esatari idazten: euren biografia, bizitzako pasadizuak, kontuak eta beste. Halantxe plazaratu zituan Uztapide, Xalbador, Lasarte eta aitatuko ez dodan herri-idazle txorta luze bat. Herri-idazleotan datza Zavalak bultzatu nahi izan dauen literatura alternatiboa, jada aspalditxorik idazle konsagratu eta kultoen ondare-iturri be bihurtu dana, eta gerora, ikerketa ondo moldatuen bidez are ekarkorrago bihurtuko dana.
Gipuzkoako zurrunbilotik aspaldi urrundu zan Xabierko jesulagunen komentura, behinola jesulagun-ikasleen kolegio izan zan haretara, eta eskoletan zituan euskal ikasleen bitartez bertso-paper batzen hasi zan leku berera. Hango baketasunaz errezago aurreratu uste eban bere ikerkuntzan, idazkuntzan eta argitaratze-lanetan. Halan izan dala-ta gagoz gu be.
Azken bost urteotan han bisitatu izan dogu batzuek eta besteok, eta lehendik geunkan hartu-emon adiskidetasunezkoa sakondu bazkalosteko berba-jardun gozatsu baten ostean. Beragaz ikusi genduan azkenengoz orain urte batzuk, handik hur dagozan Leireko monastegia eta San Juan de la Peñakoa. Zenbat istorio zahar kontatu ez euskuzan, Erdiko Pirinioetako mendi-ibarretan gertatuak, guretzat barri ziranak! Zenbat eta hurragotik ezagutu, hainbat eta maitagarriago zan Aita Zavala, berez berba gitxikoa eta lotsorra zirudian gizona.
Denpora gitxi barru beste ikustaldi bat berari egitekotan ginan lagun batzuk, baina hori baino lehen derriorrak eroan gaitu atzera, nahi bako heriotza lazgarriak, Xabierko gaztelu ondora, Aita Zavalari azken agurra emon eta ohore egitera.
Goian bego.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!