Peru Magdalena: 'gauza modernoek ez deutse onik egiten gure bizitza espiritualari'
2009-01-12 12:08 BarriketanLiburu guztiz berezia sortu dau Peru Magdalenak (Durango, 1980), 'Hutsik' izenburupean: poesia-bilduma bat, hainbat marrazkiz hornitua, danak be egileak berak eginak.
Olerki-mueta berezia dakar Magdalenaren proposamen honek, izenburuagaz lotzen dana: poesia esentziala, oso berba gitxikoa, ezebezetik hur dagoana, Ekialdeko herrialde zenbaitetako kultur emoitzak gogorarazoten deuskuzana: Japoniako haiku poesia, Txinako sententzia taoistak, Indiako zen filosofia...
Oteizaren eragina be aita daiteke baina, erreferentziak erreferentzia, liburu personala egin dau Magdalenak, naturatik eta bere barrutik elikatzen dana: natureak poetearen sentiberatasunean itxitako aztarnak izan leitekez poemok, edo izadiko elementuek egilearen sentiereagaz bat egitean sortzen diran txinpartak. Hortik liburuko atalak be: eguzkia, harriak, lorak, lainoak, olatuak, mendiak, haizea...
Joseba Sarrionandiak propio egindako hitzaurrea be badakar liburuak.
Peru Magdalena Arriaga Durangon jaio zan 1980an. Diseinu-injinerua da ikasketaz, hainbat arte-arlotan ibilia: pinturan, literaturan, musikan, bertsotan... Orain baino lehen 'Lile' ipuin-bildumea idatzi eban Igartza bekari esker, eta umeentzako album bat be kaleratu barri dau, 'Ilania' izenekoa.
1.- Lagun artean esan izan dozu testigantza liburua dala hau, ezta?
Umil aurkezten dot poemario hau eta testigantza moduan sentiduten dot, bai. Irakurten ditut testuok beste baten batek idatzi balitu bezela. Buruak pentsau baino, eskuak idatzi baino, nire begi hutsak ikusi ditu poemok. Eta ostantzean, umil dinot aurkezten dodala, ni ez nazelako begi horregaz bizi uneoro. Peru ez dago 'Hutsik'-en begi horrekaz beti, egunero, eta testigantzea itxi nahi neban, hor geratu daiten, etorriko diran ni guztientzat, lagunen batzuentzat, eta bilobentzat igual. Eta betiko balizko horrentzat, jakina. Ez dira egunerokoaren testigantzak. Miresten dodan sentsibilidade tipo baten testigantzak dira, ia geratzen ez dan begiratzeko era batena, izan eta mantendu nahiko neukeen argi eta indar batena.
2.- Eta ia berbarik bakoak egin dozuz, ezerezaren ertzean dagozanak...
Eta baten bat ezerezaren ertzetik harantzago pasau bada, pozik. Norbaitengan hutsa landatu ezkero, hau da norberak huts horretan jarritakoa, hau da unibersoak bateren bat horrengan jarritakoa, hau da hutsak unibertso horretan jarritakoa... norbaitengan guzti honen printza ñimiñoena landatu badau, pozik. Eta bestela be tristeegi ez, aizu. Jaja.
3.- Naturako elementuak dira zeozelako ardatza: olatuak, haizea, eguzkia, harria, mendia, loreak... Izadiaren kontenplazinotik sortu da liburua?
Bai, naturako elementuak. Oinarrian, ez dago besterik. Gizakion esentzia oso zaharra da. Izadiarena are zaharragoa, edo jatorrikoagoa. Gaur egun inguratzen gaituen gauza modernoek ez deutse oro har onik egiten gure bizitza espiritualari. Bitarteko moduan kontsiderau behar doguz, pisua kendu eta erraminta moduan erabili, apur bat era amoralean, ze, oinarrian, betikotik gatoz, eta horretan dago gure funtsa. Horreek dira gure energia iturriak. Betikoak.
4.- Halan da be, ez da ikusten danaren deskribapen objektiborik egiten, horrek zugan sorturiko inpresino subjetiboak be badira, ezta?
Nigan, eta gizaki bezela konektetan gaituen geruza inkontziente amankomun batean, sinistu nahi dot.
5.- Zelakoa izan da sortze-prozesua? Dakigunez, kanpoan luzaroan ibili zara: bidaldian sorturikoak dira poemok?
Momentu jakin batzuk izaten dira, non eta, sentsibilidadea goratuta, pertzepzinoa zabaldu eta inguru guztira barreiatzen dan, zeozelan esateko. Edertasunak edo bizitzaren oinarriak txundituta kontenplatibo geratzen zaren momentuak izaten dira. Eta momentu horreek, niri behintzat, geldi nagoanean gertatzen jataz, egonean, burua hutsik, atzera ez aurrerako pentsakizun eta ardura barik. Jakina, guzti hau errazago emoten da bidaian, gure ohiko inguru ezagun eta kitzikatutik aparte. Hortik, bidaian idatzita egotea gehienak.
6.- Eta marrazkiak zelan jaio dira: testuakaz batera, gero...?
Marrazkiak gerora sortu dira, antzerako estetikapean, familia edo atal bakotxari bere gorputza emon guran edo. Irakurketea moteltzeko asmotan be bai.
7.- Izenburutik bertatik, bada holako kutsu oteizar bat, ezta?
Ezin ukatuko dot Oteizak eta bere proposamenek erakarri egiten nabenik. Indarra emoten deustie. Nigan dagoz bueltaka. Arketipo zaharrak pizten deustiezala sentiduten dot. Orain, Oteiza ez da momentu batean be kontzienteki nire buruan egon ez liburuaren ez eta izenburuaren sorreran.
8.- Bestalde, liburuaren arnasak, zeozelan esateko, ekialdekoa dirudi; izan dozu holako inspirazinorik, edo keinurik edo...?
Kontzienteki ez behintzat. Nire eraginak izango dodaz, baina inork uste baino gitxiago segurutik. Ze, hori bai, begiratzeko erritmo horreek, kontenplazino estetika horreek, ekialdeko kulturetan oraindino presente dagozala egia da. Gurean ez. Gaur egungo giro-azalean ez behintzat. baina, iturrira joz, kultura zaharrak, euren artean loturarik euki barik be, zantzu edo ondorio estetiko antzekoetara heltzen dira sarritan. Eta gurean, euskaldunean, sinistu nahi neuke bestelako begiratzeko modu bat geunkala gaur egungo superfizialidade honetara heldu aurretik. Orain bardin jaku erreka bati edo deterjente pote bati begiratzea. Sentsibilidadea galdu dogu hainbeste estimulugaz.
9.- Ipuin-liburu bat idatzi zenduan orain dala urte pare bat; orain poesia; zer izango da hurrengoa?
Umeentzat be badan liburu bat kaleratuko da orain laster. Eta ostantzean, hor jarraitzen dogu, gauzatxoak egiten, gure erritmoan. Edozer, badakizu, begirada bizirik mantendu guran beti. Planifikazino askorik barik, betiko lez.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!