EJk etorkin helduen euskalduntzea helburu dauen AISA programearen finantzaketa-hitzarmena barriztau dau

Bizkaie! 2009-01-07 11:27   Euskerea berbagai

Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak eta Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) bizi diran etorkin helduen euskalduntzera bideratzen daben AISA harrera-ikastaroak finantzatzeko hitzarmena barriztauko dabe gaur.

Miren Azkarate Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak, Javier Madrazo Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuak eta Joseba Erkizia HABEko zuzendari nagusiak AISA harrera-ikastaroak finantzatzeko hitzarmena barriztau dabe.

Jakitera emon dabenez, 2008. urtean 49 harrera-ikastaro antolatu ziran, eta 54 herrialdetako 582 etorkin helduk parte hartu eben. Holan, AISA programea 2004an saio pilotu legez martxan jarri zanetik, 1.788 izan dira ikastaro honeek egin dituen ikasleak. Jatorriz gehienak amerikarrak dira.

AISA programea azken urteotan Euskadira etorri diran etorkinei zuzendutako ekimena da, Immigrazinorako Euskal Planaren barruan kokatzen da eta Kultura Sailak HABEren bitartez sustatu dau Etxebizitza eta Gizarte Gaietarako Saileko Inmigrazino Zuzendaritzeagaz lankidetzan. 2005eko abenduan bi Sailek lankidetza-hitzarmen baten bitartez formalizau eben egitasmo hau, eta urtez urte barriztetan dabe, urtean emondako ikastaro guztiak batzen dituan eranskina sinatuz.

Azkaratek nabarmendu dauenez, Euskadik, garapen ekonomiko eta sozial egokia izan gura badau, 'etorkinak behar ditu', eta AISA harrera-ikastaroen bitartez, etorkinak euskal kultura eta euskerea 'ezagutzen hasteko modua' eskaintzen jake etorkin helduei.

Madrazok ganeratu dau heldu horreetako askok seme-alabak dituenez eta seme-alabak eskolaren bitartez euskerea ikasten dabenez, AISAren bidez seme-alaba horreen ikaskuntza prozesuan 'laguntzeko eta eragiteko modua' eskaintzen jakela guraso etorkinei.

Horren harira, Azkaratek azaldu dau euskaltegi sare orokorrean etorkinen kopurua hirukoiztu egin dala azken zazpi urteetan: 2001-2002 ikasturtean, 476 ikasle etorkin egozan bitartean, 2008-2009 ikasturtean 1.600 ikasle etorkin dagoz.

'Datuok erakusten dabe etorkinen populazinoan gero eta interes handiagoa dagoala euskerea ikasteko. Horregaitik guztiagatik, Kultura Sailaren amesa da honelako programak bultzatzen jarraitzea, etorkinak euskerearen unibertsoan sartzea gizarte-kohesinoari eta alkarbizitzari mesede besterik egiten ez deutsolako', azaldu dau.

AISA harrera-ikastaroen lehenengo saio pilotuak 2004. urtean egin ziran: 9 talde eta 100 ikasle.

· 2005. urtean: 32 talde eta 325 ikasle.
· 2.006. urtean: 27 ikastaroa eta 353 ikasle.
· 2.007. urtean: 45 ikastaro eta 418 ikasle.
· 2.008. urtean, 49 ikastaro eta 582 ikasle.


Ikasleen jatorria

Amerikakoak % 65 (batez be Ertamerika eta Hego-Amerikakoak).
Europakoak % 15 (batez be Europa Erdialdekoak eta Portugalekoak).
Afrikakoak % 15 (batez be Magreb aldekoak).
Ganerakoak % 5.

Jatorri anitzekoak dirala konturatzeko, esan daiteke 50 herrialde baino gehiagotako ikasleak dagozala AISA taldeetan.


Immigrazinorako Euskal Plana

Immigrazinorako Euskal Planak (2003-2005), persona guztiek euren eskubideak eta betebeharrak bardin erabilteko eta aintzat hartzeko aukerearen mesedetan hartutako neurrien artean, atzerritarren artean Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) bi hizkuntza ofizialen ikaskuntza sustatzea proposatzen dau.

Kontuak kontu, planaren proposamenen artean dago EAEn bizi diran atzerritarrei euskerea irakasteko hizkuntza harrerako ikastaroak eskaintzea (60 ordukoak). Hemengo gizartearen ezaugarriak ezagutu eta euskerea ikasteko programa honetan oinarrizko euskera-ezagupena lantzen da, berenberegi etorkinentzat preparautako ikas-materialen eta ikastaroen bitartez. EAEn bizi diran etorkin helduak gerora euskalduntze-sare orokorrera joatea errazteko helburua be badabe AISA harrera-ikastaroek.

Ikastaroak diruz laguntzeko, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailaren eta Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundearen (HABE) arteko hitzarmena sinatu zan 2005. urtean. Finantzaketea HABEk eta Immigrazino Zuzendaritzeak egiten dabe, erdi bana (ikastaro bakotxaren kostu osoa 2.920 eurokoa da).

HABEk homologautako sareko euskaltegietan emoten dira ikastaroak, eta udal euskaltegien sareko eta euskaltegi pribatu homologatuen sareko euskaltegiek parte hartzen dabe. Udalakaz (Euskara nahiz Gizarte alorreko teknikariakaz) eta etorkinen alkarteakaz lankidetzan antolatu ohi dira, eta eskaria beti euskaltegiak edo udalak egin behar dau, eta HABEk onartu.

AISA programa izaten ari dan arrakastea kontuan hartuta, 2009rako diru-ekarpena 70.000 eurora (alde bakotxak) igotea adostu dabe HABEk eta Immigrazino Zuzendaritzeak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu