Antonio Zavala euskaltzain osoa hil da

Bizkaie! 2009-01-05 10:53   Euskerea berbagai

Antonio Zavala Tolosan jaio zan, 1928ko urtarrilaren 23an eta Iruñean hil, 2009ko urtarrilaren 2an. 1956an, Euskaltzaindiak euskaltzain urgazle izentau eban, herri literaturearen onarpenari, azterketeari, zabalkundeari eta suspertzeari eskainitako lanagaitik. Auspoa bilduma ospetsua 1961ean sortu eban.

Antonio Zavala Etxeberria euskaltzain osoa urtarrilaren 2an hil zan Iruñean, 80 urte zituala. Bere aldeko hileta eleizkizuna atzo, urtarrilak 4, izan zan Xabierren.

Antonio Zavala Tolosan jaio zan, 1928ko urtarrilaren 23an. Bertako Bihotz Sakratuaren Eskolan eta Aita Eskolapioen ikastetxean egin zituan lehen ikasketak. 17 urte zituala, Loiolako jesuitetan sartu zan. Humanidadeak Loiolan eta Urduñan ikasi zituan. Filosofia ikasi eban Oñan (1950-53); Xabierren, barriz, Magisteritza egin eban (1953-56) eta, Oñan egoala barriro, Teologia ikasi eban (1956-60). 1959an apaiz ordenau zan. Historia eta Literatura irakasle ibili zan, Donostiako San Inazio ikastetxean.

Herri literaturearen onarpenari, azterketeari, zabalkundeari eta suspertzeari eskaini deutso bere bizialdi osoa. Umea zala, Aduna herriko jaietan entzun zituan Zavalak lehenengoz bertsolariak. Eta Tolosan bertsopaper saltzaileak txikitatik ikusten zituan. Baina 1949ra arte ez eban lortu lehenengo bertsopapera, Pello Saikola bertsolariari erosita: haren bertsoakaz Auspoa-ren liburu erdi bat bete eban handik urte batzuetara.

Auspoa bilduma ospetsua 1961ean sortu eban Antonio Zavalak: lehenengo liburuari Sagardoaren graziya izenburua ganeratu eutson eta, bertan, Ramon Artola tolosar bertso-jartzailearen bertsoak batu zituan. Herri literatura batzeko, ikertzeko, zabaltzeko, egin beharreko lana hasi baino ez eban egin urte haretan: Auspoa argitaletxeak bertsolaritzearen eta herri literaturearen zein ahozko literaturearen izen ezinbestekoak argitaratu ditu bere historian, hala nola Txirritarena, Pello Errotarena, Pedro Mari Otañorena, Udarregirena, Errikotxiarena, Xenpelarrena edota Bilintxena. 280 bat liburu argitaratu dira Auspoa bildumearen barruan, bai prosaz eta bai bertsoz, eta horreetako ehun libururen egilea izan da Zavala; ganerako guztien eragile, biltzaile, kopiatzaile eta editore be izan da.

Auspoa bildumeaz gan, beste bilduma bat sortu eban Aita Zavalak, 1993. urtean, Biblioteca de Narrativa Popular izenburupean, oraingo honetan gaztelerazko kontakizunak jasoteko, tartean honako autore honeenak: Indalecio Zaballa, 'Masio'; Humbelino Ayape, nafarra; Hilario Jarne; Justo Peña; Daniel Cuesta; Félix Lumbreras; Eloy Tejada...

1956an, Euskaltzaindiak gerra zibilaz geroztik antolatu eban lehenengo batzarrean, Zavalak herri osoaren partaidetzea eskatzen eban bertso-paperetan, ahozko oroimenean eta testigantza desbardinetan, Euskal Herri osoan galdutako milaka bertsoak berreskuratu eta sailkatzeko.

1961ean Euskaltzaindiak euskaltzain urgazle izentau eban eta 1964ko abenduaren 18an euskaltzain oso. Orduan Euskaltzaindiak antolatzen zituan Bertsolarien Txapelketak eta Zavalari epaimahaikoa izatea tokau jakon. Txapelketako bertsoak paperean jasoteko eta argitaratzeko eginkizuna be Zavalarena zan.

La Voz de Españaeta Diario del Alto Aragón egunkarietan kolaborazinoak argitaratu ditu, baita El Diario Vasco egunkarian be.


Sariak

-Peñamellera Bajako Udaletxearen saria. Asturias, 1996. En la ribera del Cares, Juan Rugarcíarekin batera idatzitako liburuagaitik.
-1996 Leongo Urteko Liburu Saria. León, 1997. En la montaña de León liburuagaitik, Daniel Cuestarekin idatzia.
-Durangoko Liburu eta Disko Azokaren omenaldia. 1996.
-Durango Liburu eta Disko Azokak erakusketa bibliografikoa
eskaini eutson. 1999
-Labayru Ikastegiak omenaldia egin eutson 1997an.
-Deustuko Unibersidadeak Honoris Causa doktore izentau eban. 1999.
-2000. urtean, Tolosako seme kutun izentau eben.


Argitaratutalo lan nagusiak

Auspoa:

-Bilintx. 1962
-Ezkontza galdutako bertsoak (I). 1962
-Txirrita. 1962
-Fermin Imaz. 1963
-Azpeitiko Premiyoaren bertsoak. 1963
-Pello Errotaren bizitza. 1964
-Pello Errotak jarritako bertsoak. 1964
-Festara (Jose Bixente de Echagaray-ren bertso-bilduma). 1964
-Pello Errotaren itzala. 1965
-Pernando Amezketarra bertsolaria. 1966
-Udarregi bertsolaria. 1966. Bigarren argitalpena, 1994an
-Axentxio Txanka bertsolaria. 1966
-Erritkotxia, Itxaspe ta beste zenbait bertsolari. 1966
-Gaztelu bertsolaria. 1966
-Zarautz-ko Zaldubi bertsolaria. 1967
-Juan eta Pello Zabaleta bertsolaria. 1967
-Iru bertsolari. 1967
-Alzoko Imaz bertsolaria. 1967
-Iru anai bertsolari. 1968
-Errenteria’ko bertsolari zaarak. 1968
-Alza’ko bertsolari zaarak. 1968
-Paulo Yanzi bertsolaria. 1968
-Lexo bertsolaria. 1968
-Juan Maria Zubizarreta bertsolari. 1969
-Motza, Zulaika ta Ugalde bertsolariak. 1969
-Iturzaeta bertsolaria. 1969
-Xenpelar bertsolaria. 1969. Bigarren argitalpena, 1981n
-Txapel bertsolaria. 1969
-Alkain aita-semeak. 1970
-Zubeltzu ta Saikola bertsolaria. 1970
-Azkoitiako zenbait bertsolari. 1970
-Bidasoa aldeko bost bertsolari. 1970
-Txirritaren bertsoak, I eta II. 1971
-Zepai bertsolaria. 1971
-Kaskazuri bertsolaria. 1971
-Larraburu, Lexoti ta Balentin bertsolariak. 1972
-Oiartzungo bost bertsolari. 1973
-Oiartzungo beste lau bertsolari. 1974
-Mendaro Txirristaka bertsolaria. 1974
-Zapirain anaiak. 1975
-Ustu ezin zan ganbara. 1976
-Amodiozko penak bertso berrietan. 1976
-Afrika’ko gerra (1859-1960), 1977
-Patxi Erauskin bertsolaria I, II, III. 1978
-Arrantzaleen bizitza. 1978
-Bilintx. 1978
-Baso.mutillak. 1979 (Jose Ramon Arrizabalo zenarekin
batera)
-Jaioak bizi nai. 1979
-Noe’ren ontzia. 1979
-Soldaduzkako bertsoak. 1979
-Nekazariak bai miseriak. 1979
-Txabolategi, Elkoro eta Leunda bertsolaria. 1980
-Berridi eta Kuxkullu bertsolaria. 1980
-Gerrateko ibillerak I, II, III. 1981. (Iñaki Alkain zenarekin batera)
-Jan-edanaren bertsoak I, II. 1982
-Kuba’ko gerra. 1983
-Mixioetako bertsoak, I, II. 1983
-Tiro tartean bertsotan. 1983 (Patxi Lazakano zenarekin batera)
-Kristaubidea bertsotan, I, II. 1984
-Ameriketako bertsoak. 1984
-Euskal jokoak bertsotan, I, II. 1984-85
-Esaera zaarren bilduma berria, I, II. 1985
-Neska-mutillen arteko bertsoak. 1985
-Ezkondu beharreko bertsoak. 1985
-Frantziako Iraultza eta Konbentzioko gerra bertsotan. 1989
-Frantzesteko bertsoak, I, II. 1991
-Pedro Maria Otaño: bertso guziak. 1994
-Auspoaren auspoa, I, II. 1996
-Oiñez eta jakin miñez. 1997
-Ezkontza galdutako bertsoak II. 1999
-Auspoaren auspoa, III. 1999
-Oiñez eta jakin miñez, II. 1999

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu