Jet Lag Biok jarraipena izango dau datorren urtean Bilbon, lehenengo ekitaldian 10.000 gazte batu ostean

Bizkaie! 2008-12-29 14:00

Abenduaren 23an amaitu zan jaialdiak munduko bost uritatik etorritako adierazpen gazteak batu zituan Deustuko Kanaleko industri pabilioi zahar batean, eta izandako arrakastea ikusita, datorren urtean be jarraipena izango dauela adierazo dabe antolatzaileek.

Jet Lag Bio jaialdiaren bost egunetan 10.000 lagun batu dira Bilbon, egunean 2.000 lagun inguru. Abenduaren 23an amaitu zan jaialdiak munduko bost uritatik etorritako adierazpen gazteak batu zituan Deustuko Kanaleko industri pabilioi zahar batean, eta izandako arrakastea ikusita, datorren urtean be jarraipena izango dauela adierazo dabe antolatzaileek.

Berlin (Alemania), Dakar (Senegal), Medellin (Kolonbia), San Frantzisko (AEB) eta Shanghaiko (Txina) gazteen proposamenak, ekintzak eta sorkuntzak Bilbora hurreratzeko asmoz antolatu dau Bilboko Udaleko Enplegu, Gazteria eta Kirol Sailak jaialdi hau. Holan, Jet Lag Bio 08-k espazio bakar batean buztartu ditu hainbat ekintza: skatea, graffitia, jam sessionak, trukea, rollerra, bideo-hitzaldiak, parcourra, hip hop dantzak eta rapa.

'Sormenezko jaialdi bat antolatu eta gauzatzeak ahalegin handia eskatzen dau, baina erronka interesgarria be bada. Ilusinoz egin geuntsan aurre, ohiko jaialdien eskema errepetidu barik. Gazteria aktiboa da, originala eta exigentea, eta behartuta gagoz izaera horri jagokon aisia eta adierazpen leku egokiak eskaintzera. Gure ustez, formula barritzaile hau interesgarria izan da eurentzat, eta jarraipena izan beharko leuke, horregaitik antolatuko dogu Jet Lag Bio ekitaldi barri bat datorren urtean', adierazo dau Jon Sustatxa Bilboko Udaleko Enplegu, Gazteria eta Kirol Saileko zinegotziak.

Deustuko Kanalean kokatutako eta erabilten ez zan industri instalazino zahar batzuetan izan da jaialdia, izan be, horretarako preparau dabe berenberegi. 3.600 metro koadroko espazioa izan da, zortzi gunetan banatuta. Alde batetik, erakusgai izan diran bost uri bakotxeko ikus-entzunezkoen proiekzinoak eta ukimenezko pantailetan informazinoa izan da. Bestalde, 2.0 Gunean inplikautako urietako gazteakaz hartu-emonetan jarteko ordenagailuak, erreminta birtualak eta zuzeneko bideo-hitzaldietarako pantaila handi bat izan dira.

Era berean, Zokoa izeneko gunean hainbat ekintza izan dira -ulea apaintzeko tailerra, makillajea, berrerabilteko elementuekaz eginiko artea, objektuen trukea-, 'dana birzikla daiteke' filosofiapean. Kantina guneak bost urietako janaria merke preobetako aukerea emon dau -menua, 4 euro-. Komiki Square dalako zonaldean, komikiak irakurteko gune bat eta komikiaren munduko bi artista ezagunen partaidetzea izan da -Leonardo Alzate e Infame & Co-.

Kale Akt guneak formatu txikiko emonaldiak jaso ditu: hip hop, rap, beat box, eta jam sessionak. Eszenatoki horretatik hainbat artista pasau dira, besteak beste, Kai Eikermann, Rawan, Rufoh eta BilbaoGaua lehiaketan garaile izan diran MaderaCore eta Ibai & the Eib'.

Street Art gunea bost egunetan zehar jente gehien batu dauen gunea izan da. Skate eta roller arrapalak izan dira bertan, eta profesionalek erakustaldiak eskaini izan ditue. Bestalde, parcour, skate, roller eta graffitian hasteko ariketak be egin izan dira bertan. Jaialdiak iraun dauen bost egunetan, ingurua dekorau dabe profesionalek nahiz Jet Lag Bio 08-an arrastoa itxi gura izan daben zaleek eginiko graffitiekaz.

Azkenik, eszenatoki nagusian -gauero jente gehien batu dauena-, jatorri eta joera askotako musika emonaldiak ikusi ahal izan dira: Wagon Cookin, Booka Shade eta Fernando Carvalho (musika elektronikoa); Didier Awadi eta Pape Diouf (Dakarreko rapa); Blue Cheer (San Frantziskoko stone rocka); Gatibu (euskal rocka) eta Cold Fairyland (Shanghaiko rock progresiboa).


Blogak

Jet Lag Bio 08-ren sorkuntza eta gauzatzean, zeregin handia izan eben teknologia barriek, zehatzago esateko, blogek, kontaktu eta ikerketa erreminta moduan. Holan, joan dan bagiletik, hamar gaztek eginiko bi blog erabili dira ikerketak egiteko eta Jet Lag Bio 08 preparetako, eta aukeratutako bost uriei buruzko barriak argitaratu zituen egunero.

Jaialdiko blogetan -www.bilbaojetlag.net eta www.bilbaojetlag.net/hiriak- bideo aukeraketa bat dago, horreen artean jaialdiaren sorkuntza proiektuagaz lotutakoak. Bestalde, jaialdiak iraun daueneko bost egunei buruzkoak be badagoz, bai eta aukeratutako bost uriei buruzko informazinoa be.

www.bilbaojetlag.net/hiriak blogetan, hamar bloggerrek Berlin, Dakar, Medellin, San Frantzisko eta Shanghairi buruz eginiko ikerketak jasoten dira eta 23.000 bisita baino gehiago izan ditue.

Bestalde, www.bilbaojetlag.net gunea jaialdiaren erakusleihoa izan da eta jaialdiko bideoak eta honen inguruko barriak argitaratu dira egunero; honek 30.905 bisita izan ditu, eta zortzi minutu iraun dabe pantaila aurreko egonaldiek, blog aurreko egonaldiak batez beste bi minutukoak diran bitartean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu