Iñaki Mendizabal: ‘editore izateak eta pobrea izateak badaukie antzekotasun bat’

Koldo Isusi Zuazo 2008-12-29 10:27   Barriketan
ELEA argitaletxeko editorea

2003ko urrian gogotsu ekin eutsen argitaletxeen munduan sartzeko abentureari Alejandro Oviedok eta Iñaki Mendizabalek, baina bost urteko ibilbidea agortu ostean, Elea Argitaletxeak 2008ko abenduaren 31n ateak zarratuko ditu. Argitaletxearen webgunea, barriz, 2009ko abendura arte egongo da zabalik. Bost urte horreetako gorabeherez, agur esateko arrazoiez eta egungo eskaintza eta eskariaz, hona hemen Mendizabalek kontau deuskuzanak:


1.- Zeintzuk izan dira Elea bertan behera ixteko arrazoiak?

Bost urterako plangintzea diseinau genduan 2002an, eta plangintza horren barruan helburu batzuk geunkazan. Batetik, kalidadezko liburuak atara, euskerazko eta gaztelaniazko lanak argitaratuz; bestetik, bertatik biziteko lain diru atara. Bigarren helburu hau ez dogu lortu, eta kontuan eukita ordu asko sartu behar dirala, ia egun osoa horretan egiten dozula ba… eteteko erabagia hartu genduan igaz. Editore izateak eta pobrea izateak badaukie antzekotasun bat: egun osoa jaten deutsula zeregin horrek, baina papela ez da jaten, eta berbak be ez dira jaten, eta zer edo zer egin behar da bizirauteko.


2.- Zerk eraginda otu jatzuen argitaletxe barria abiarazotea?

Bilbo Handian ez dogu argitaletxerik ikusten, ez dago argitaletxe sendo bat, euskeraz eta gaztelaniaz argitaratzen dabena, eta kuriosoa da hau, Bilbo Handian miloe bat lagun bizi diralako eta Estadu mailan be hirugarren uriburua dalako argitaletxeentzat: hau da, aurkezpenak egitera Madrilera, Bartzelonara eta Bilbora joaten dira idazleak. Gero, dana esan behar bada, geure lanetan be aspertuta gengozan, eta horrek be zer edo zer sakatu euskun.


3.- Bost urteko ibilbidean 40 liburu inguru plazaratu dozuez. Zelakoa da balantzea?

Liburuei begiratu ezkero, nahiko ona. Danetarik atara dogu, ez dot ukatuko, batzuk liburu ‘estrategikoak’, beste batzuk oso onak, eta tartean erdipurdikoren bat edo beste, baina danakaz saiatu gara serio jokatzen, lan txukuna egiten, edizino zaindu bat kaleratzen, egilea mimetan. Diruarena, etekinena, beste kontu bat izan da.

Eta gero beste gauza bat dago, beti azpimarratzen dodana. Abentura hau ez dot porrot bat lez hartzen, ezta pentsau be. Jon Arretxe, Ander Izagirre, Zigor Aldama, Xabier Mendiguren Elizegi, José Ibarrola, Juan Ramón Makuso, Goizalde Landabaso, José Ramón Arana, Joseba Iriondo… Holako personak ezagutzeak —eta ondo ezagutu dodaz gehienak- ez dauka preziorik, hori ordainezina da. Esperientzia polita izan da nire bizitzan, euki dodan politenetakoa. Gogorra, bai, baina gozoa be bai zentzu askotan. Hori ez deust inork kenduko.


4.- Elearen hasierako helburuetako bat izan da idazle gazteak promozionetea. Ba al dago egun harrobirik?

Egongo ez da ba, itzela gainera. Hori bai, ez dakit danentzako lekurik egongo dan, merkatua estu samarra baita -batez be euskerazkoa-. Enbutu hori gitxik gainditzen dabe. Enbutu hori merkatua da, eta merkatuaren lege maltzurrak. Edozelan be, Euskal Herrian erderaz argitaratzea gatxagoa da euskeraz argitaratzea baino, erderazko liburuek ez daukielako laguntzarik. Beraz, gaztelaniazko idazle barri bati publiketea arriskutsuagoa da euskaldun bati publiketea baino. Gainera, euskal irakurleak bere idazleak ezagutzen ditu eta bere liburuak erosten ditu -irakurri ala ez-, baina euskal herritar erdaldunak ez ditu bertoko idazle erdaldunak ezagutzen, eta kanpotik datozen liburuak erosten ditu.


5.- Oraintsu ezagutu doguzan datuen arabera, e
uskaldunok, Europako batez bestekotik gora gagoz irakurketa eta kultura kontsumoan. Ze gogoeta eragiten deutsu horrek?

Ba printzipioz pozgarria dala esango neuke. Baina hori esanda beste kontu batzuei erreparau behar jake. Hau da, irakurketa dinogunean egunkarietaz ari gara, eta hori dino inkesteak, oker ez banago, eta antzerkira joateko ohitura askorik ez daukagula be badino. Eta beste kontu bat, kezkagarria be bai: % 20k ez ei dau inoz liburu bat irakurri. Inoiz be ez. Orduan, datu horreek iruzur txiki bat ezkutatzen dabela esango neuke. Hau da, kultura mundutik urruti samar dabil jente asko eta asko, eta esango neuke gaur egungo gizartearen norabideak ez deutsola askorik laguntzen kultur ekimen orori; jentea beste gauza batzuetara dabil.


6.- 2008ko datuakaz jarraituz, 14 urtetik gorakoen artean % 54 ei gara irakurri eta liburuak erosten doguzanok; era berean, urtero 8-9 liburu irakurten doguz. Asko ala gitxi da?

Jakin behar dana da horreetatik zenbat irakurten doguzan derrigortuta eta zenbat ez, zelako liburuak irakurten doguzan eta abar. Ez da ez kopuru handia ez txikia. Zenbat eta gehiago, hobeto.


7.- Publikau be asko publiketan da gurean , batez be, Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokaren bueltan, gero izen jakin batzuk baino nabarmentzen ez diran arren.
Kalidadeari larregi begiratu barik, sasoi honetan derrigor publikau behar da?

Epe luzera kalidadeari begiratu barik publiketan dauena ez dabil zuzen. Hori oinarritzat hartuta hurrengoko hau esan behar da: Azokeak eragin handia daukala, eta liburu batzuk goraka egiten dabela nabarmen horren epeletara, eta beste batzuk ito egiten dirala, hainbeste eskaintzaren erdian. Kontuz ibili behar dau, beraz, editoreak. Jakin behar da zer atara behar dan Azokarako eta zer itxi behar dan gerorako. Hori edozein editorek daki. Edozelan be, Azokea erreferentzia bihurtu da euskal liburugintzan. Han saltzen ez dauenak… malo, malo.


8.- Egun aisialdirako aukerak hain ugariak izanik, irakurketa ohiturea sustatzea ez da hain erraza. Gazteek sarritan ikasketakaz eta inposautako zeozegaz lotzen ditue liburuak…

Halan da, bai. Horrek erremedio gatxa dauka. Maisu lanetan esperientzia apur bat be badaukat, eta esango neuke maisuaren eskuan dagoala hori neurri haundi baten. Hau da, hezkuntza sistemeak bideak eta baliabideak jarri behar ditu, lerro egokiak ezarriz, baina gero irakaslearen lana ezinbestekoa da. Irakaslea gogo barik badabil txarto; ostera, irakaslea arduratsua bada, bere ikasgaia pasinoagaz emoten badau… hori asko igarten da, eta ikaslea kutsatzeko aukera gehiago dagoz.

Jakin behar da zer irakurgai dan egokia edade bakotxean, hizkuntzea menperatu behar da, eta gero pasino puntu bategaz kontatu edo erakutsi behar dira gauzak. Nire ustez, behintzet.


9.- Oraintsu argitaratu dau Xabier Amurizak bere azken nobelea Interneten bakarrik. Jokera hori ugaldu egingo ete da aurrerantzean?

Ba ez neuke ezetzik esango. Aspalditik dator kontu hau, ia-ia internet bera sortu zanetik. Susak, esaterako, aspalditik eskegiten ditu eleberri zatiak sarean, bere webgunean, eta ez da bakarra. Bestelako argitaletxeak be badira gurean, hau da, interneten baino ez dabenak funtzionetan; Verbigracia litzateke horreetako bat. Bilbotar argitaletxe honek liburu gitxi atara ditu papelean; gehienak euren webgunean eskegiten ditue. Etorkizunean liburua desagertuko dala dinoe batzuk. Nik ez dakit zer gertatuko dan, baina formato barriakaz gauzak asko aldatuko dira —liburu elektronikoak- eta horri guztiari aurre egiteko prest egon behar dira argitaletxeak. Zelan? Ba mundu horretaz baliatu… edo mundu horregaz aliatuz.


10.- Elea argitaletxearen esperientziaren ondoren, ze bide hartuko dau Iñaki Mendizabalek?

Bizitzan ekintza beste bide dagoz, eta ni oso zirina nazenez, beti nabil bide barriak arakatzen; edo, besterik ez bada, bide zaharretan begi barriak bilatu guran. Oin irakurri egin nahi dot, zer edo zer idatzi, eta azken bost urteotan egin ez dodazan gauzak egin, gauza txikiak, baina niretzako oso inportanteak diranak: kirola egin, lagunekaz eta familiagaz egon, Bilbotik paseau, bidaiatu… eta tarteka zorokeri txikiak egin, erabat zoro ez bihurtzeko.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu