Abenduaren 27an Merinalde Eguna ospatuko dabe Durangon

Bizkaie! 2008-12-23 12:01

Egun horretan, Durangaldeko alkateek Gerediagako baseliza aurreko foru zelaian 1875.eko abenduaren 27an egin eben azken batzarra gogoratzen dabe. Hurrengo urteko garagarrilaren 22an kendu zituen foruak eta eskualdeko erakunde propioak desagertarazo.

Azken urteotako ohiturea jarraituz, datorren zapatuan, abenduak 27, 'Merinalde eguna' ospatuko dabe Durangon. Egun horretan, Durangaldeko alkateek Gerediagako baseliza aurreko foru zelaian 1875.eko abenduaren 27an egin eben azken batzarra gogoratzen dabe. Hurrengo urteko garagarrilaren 22an kendu zituen foruak eta eskualdeko erakunde propioak desagertarazo.

Aurten, ekintza nagusia eguerdiko 12:00etan Gerediagako ermitan egingo dabe. Bertan, Juan Manuel González Cembellín, Bilboko Elizbarrutiko Museoko zuzendari teknikoak 'Un paseo por el patrimonio cultural religioso del Duranguesado' izenburua dauen berbaldia emongo dau. Eskualdeko eleiz eta baseleizetan batzen dan kultur ondarearen eta bere etorkizunaren eta baita be ondare honen alde Jose Ramon Valverdek [1947-2003] eta Jose Angel Barrio Lozak egindako lanaren ganean egingo dau berba.

Berbaldiaren ostean, 'Durangoko teila' omen saria emongo jako Jose Angel Barrio Loza jaunari, Durangaldeko kultur ondarearen babes eta zabalkundearen alde bere bizitza guztian egindako lanaren esker onez.

'Durangoko teila'1997. urtetik, urte birik behin emoten jako Durangoko Merinaldetik kanpoko norori, bere lanaren bidez eskualdeagaz loturea izateagaitik eta eskualdearen alde lan egiteagaitik. Teilea emoterakoan, Gerediagatarrek durangar legez onartzen dabe persona hori eta gure herrikortasuna eskaintzen deutse. Orain arte, teilea honako honeek jaso dabe.

Ø 1997an Gregorio Monreal Zia jaunak.
Durangaldeko foru erakundeak ikertu zituan historiagile nafarra.

Ø 1999an Pedro Mari Basañez jaunak, arkitektoa.
Eskualdeko kultur ondareek babesten egindako lanen esker-on moduan.

Ø 2001an Adrian Zelaia jaunak, lege gizona.
Durangaldeko Lege Zaharra ikertu dauen bakarrenetarikoa.

Ø 2004an Karmele Goñi andreak.
Bilboko Euskal Historiaren Museoko zuzendaritzatik, eta lehenago be, eskualdeko ondare etnografikoari etorkizuna emoten egindako lanagaitik.

Ø 2006an Enrique Ibabe jaunak.
Etnografi ikerketengaitik eta, batez be, Durangaldeko buztinlarien azken testigantzak eta lanak batzeagaitik.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu