Andres Urrutia: 'Bilbon, Euskaltzaindia pizgarri, akulu eta suspertzaile izan da euskerearentzako'
2008-12-22 11:14 BarriketanBilboko Udalak Euskaltzaindia bere 90. urteurrenean omenduz eta Akademiako euskaltzain bilbotarrak omenduz ospatu eban Euskerearen Nazinoarteko Eguna. Guztiek, Iñaki Azkuna alkatearen eta Ana de Castro Euskara Saileko zinegotziaren eskutik, Bilboko Hiri Gutunaren euskerazko bertsinoa jaso eben.
1.- Ze gogoeta eragin eutsun omenaldiak?
Omenaldi egunean bertan aurreko Euskaltzaindia, oraingoa eta gerokoa be gogoratu gura izan nituan. Aurreko Euskaltzaindia lotuta egon dalako Bilboko historiagaz; 90 urte ez dira alperrik joan eta personetan desbardinak izan arren, helburuetan ez da gorabeherarik izan, hau da, euskerearen mesederako, euskalgintzearen alde lan egitea. Hori sano garrantzitsua da ze gaur euskerea ikusten dogu edonon, jentaurrean baina ahaztu egiten dogu urte luze eta baltzetan euskerea baztertuta egon dala Bilbon berton be. Orduko Euskaltzaindiaren lana gogorra izan zan, ikastolak, bertsolariak, alfabetatze lanak eta enparauak eta horreek hain aldeko izan ez ziran egunetan egin ziran. Beraz, historia hori gogoratu eta historia horren partaide sentiduarazo gura izan dodaz danak; Euskaltzaindiari eskainitako omenaldia pozgarria da, jakina, baina gogoratu egin behar da euskerea bera euskaltzaindiaren gainetik dagoala eta euskerea aurrera atara behar dogula eta zeregin horretan Euskaltzaindia tresna bat besterik ez dala. Euskaldunok historia bat daukagu eta etorkizuna be bai.
2.- Euskaltzaindiaren lehenengo biltzarra 1919ko urriaren 7an egin zan, eta egoitza nagusia Bilbon izatea erabagi zan bertan. Gaur egun be Bilbon, Plaza Barrian dauka egoitza Euskaltzaindiak. Zergaitik?
Ordukoei galdetu beharko geunskie. Gaur goizean jaso dot liburu eder bat, Txomin Agirrek idatzitako kartak jasoten dituana eta Azkue eta Agirreren arteko batzuk, Euskaltzaindia ardatz hartuta oso politak dira.
Edozelan be, Euskaltzaindiaren egoitza Bilbon kokatzeko erabagia Donostian hartu zan eta erabagiaren nondik norakoaz, nik esango neuke, sasoi haretan Bilbok pisu historiko, ekonomiko eta demografiko handia eukala; halan da be, egoitza Bilbon kokatzea sano garrantzitsua da guretzako, Bilbon, Euskaltzaindia pizgarri, akulu, laguntzaile, sustatzaile, suspertzaile izan dalako euskerearentzako.
Dana dala, Euskaltzaindiarentzako Bilbo egoitza nagusia izanda be Euskal Herri osoa hartzen dau kontuan erakundeak. Badagoz orri batzuk oso politak, Behenafarroako Etxepare medikua zana Bilbora etorri zanekoa kontetan dabenak. Berezia da berak zelan ikusten dauen Bilbo, herri handia, industriala; halako baten, Etxeparek esaten dau: 'zelan da posible hemen euskerea oraindino bizirik egotea?' Euskerea eta Bilbo, euskerea uritarra, kalekoa eta inguru guztietakoa, baserrietakoa, arrantzale girokoa, herri txiki eta handietakoa... Bilbon danak bat egiten dabe. Uri handietan horixe pasetan da, batulekuak izaten dira, euskerea trinkotzeko gune bihurtzen dira eta euskereak beste 'kolore' batzuk hartzen ditu. Kohesino, bilbatze eta trebakuntza zeregin horretan Bilbo oso garrantzitsua da euskerearentzat eta euskal kulturearentzat.
3.- Bilbok hizkuntzalari garrantzitsuak emon deutsoz Euskaltzaindiari Julio Urquijo, Gabriel Aresti, Alfonso Irigoyen... eta urian presentzia nabarmena izan daben euskal hizkuntzalaritzearen eragile esanguratsuak be aitatu behar doguz: Azkue, Altube, Orixe, Kirikiño, Berriatua edo Eguzkitza. Gaur egun badago jarraipenik, harrobirik?
Aitatu dozuzan euskalari horreek beti izan ditue hartu-emonak inguruagaz; berbarako, Alfonso Irigoienek Aulestigaz, Gabriel Arestik Eagaz, Urkixo be Euskal herri osoan ibili zan... Bilbotik Euskal Herrira eta mundura zabalik.
Gerraurrean Orixe bera Bilbotik pasau zan; Egukzitza Lekeition bizi zan baina sarri-sarri etorten zan Bilbora... Danak izan dira kultur eragile handiak, asperbakoak.
Jarraipenik, harrobirik ete dagoan dinostazu eta baietz pentstan dot. Jakina, ordukoak eta gaurkoak desbardinak dira; ordukoak ziran euskal kulturearen erraldoiak baina bakarlariak; gaur egunean, euskerearen eta euskal kulturearen alde lan egin gura badogu taldeak behar doguz, liderrak edo gidariak be bai baina bik esango neuke gaur askosaz gizarteratuago dagoala euskerea eta euskalgintzea. Gizarteratze prozesu horretan, liderrak ez eze, talde lana behar da; gaur euskaldunok, euskaltzaleok, formazinoaren aldetik askoz maila altuagoa daukagu, unibersidadeetatik pasautakoak gara, euskerea bera unibersidadean, administrazinoan, komunikabideetan dago. Giro horretan, danon lana eta norabide zehatza ezinbestekoak dira.
4.- Egunotan Euskaltzaindiak zuzendaritzako kargudunak erabagiteko eginiko bilkuran ez zan sorpresa handirik izan. Aldaketa bakarra izan da Andoni Sagarnak Ikerketa Sailean Henrike Knör zanaren lekua hartu dauela. Zuk zeuk, barriz, 2012ra arte jarraituko dozu euskaltzainburu izaten. Honezkero lau urte daroazuz zeregin horretan. Zelako balantzea egiten dozu?
XXI. mendean Euskaltzaindiak arpegi barriak, proiektu barriak, antolakuntza barriak, ikerkuntza eta sozializazinoaren ikuspegitik aldarri barriak behar zituan eta horretan ibili gara azken lau urteotan. Beste lau urte datoz orain eta beharbada ez dogu horrenbeste jente barri ikusiko baina proiektuetan dabilen jentearen lana ikusteko momentua izango da, lanak zelan mamitzen diran. Bestetik, Euskaltzaindia erreferente garrantzitsua da euskalgintzearen munduan, besteak beste, normatibizazino zeregina daukalako eta horretan be segidu behar da.
Datozen urteotarako, beraz, abiarazotako proiektu eta lanen bilbatze, sendotze, trinkotze lana azpimarratuko neuke eta ondoren lanon gizarteratzea be nahitaezkoa izango da.
5.- Zeintzuk dira euskerearen akademiaren bihar-etzirako erronkak?
Euskerearen historia soziala, euskerearen nondik norakoak gizartearen barruan; Lexiko Behatokia, berba barrien nondiko norakoak komunikabideetan, segurutik datorren urtean prest egongo dana; Corpus erreferentziala; herri literaturearen corpusa, euskal corpus onomastikoa... Beste batzuk be etorriko dira baina batez be, corpus linguistikoetan ahaleginak egin behar dirala uste dot.
6.- Euskerea dana beharrean dago baina gaur egun erabilerea lehenesten da. Bide onetik goaz? Euskerea sendo ikusten dozu?
Gai honen inguruan nahi adina eretxi topauko dozuz bazterretan. Nire esperientziatik sendo dagoala esango deutsut baina partziala da hori, Euskaltzaindiaren munduan bizi nazelako. Edozelan be, beste mundu batzuetan be bizi naz eta konturatzen naz, berbarako, erabilereak oro har, gora egin arren, arlo batzuetan, batez be, arlo sozioekonomikoan eta arlo profesionalean hutsune handiak dagozala, gauzak nahikoa gordin dagozala. Alperrik ibiliko gara unibersidadean gure ikasleei euskeraz eskolak emoten gero ikasle horreek handik urten eta hurrengo egunean erderaz (gaztelaniaz, inglesez, frantsesez) ibili behar badabe. Eta ni ez nago horren kontra, ze euskerearen etorkizuna hizkuntza aniztasunean dago, jakina, euskerea be tartean dala. Nire eretxiz espazio hori ez dogu lortu oraindino euskerearentzako.
7.- Hizkuntzen Nazinoarteko Urtea da amaitzear dagoan 2008. Eleaniztasunaren onurak onartuz, geurea ahaztu barik, bizikidetzan pausoak emotea da bidea?
Batek galdetu eustan behin, hemetik hogei urtera zelan egingo ete dogu berba Euskal Autonomia Erkidegoan? Eta nik erantzun neutsan, -nik ez dakit zelan berba egingo dogun eta zein hizkuntzatan baina nik lan egingo dot euskera izan daiten gure hizkuntzea. Ganerako hizkuntzak baztertu barik baina 'pakete' horretan euskerea egon daiten lan egin behar dogu-. Euskerea ez da aktibo toxikoa, guztiz kontrakoa, aktibo gozagarria, erabilgarria eta erabagigarria gure nortasunari heldu gura badeutsagu. Baina, jakina, eleaniztasuna sano aberasgarria da eta nahitaezkoa ganera. Beste kontu bat izango da etorkinak euskerara zelan erakarri eta, esangura horretan, datorren urtean uste dot Euskaltzaindia gauza izango dala foro bat antolatzeko Jagon Sailaren ikuspegitik. Sano garrantzitsua da gai hori guretzako.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!