Puntu arteko 50 urte
2008-12-15 14:53 BertsolaritzeaBizkaiko Bertsozale Elkarteak 1987an antolatu eban lehenengo Bizkaiko Bertsolari Txapelketea (Araba Bizkaikoa orduan), baina Bizkaiko lehenengo txapelketea orain 50 urte antolatu eban Euskaltzaindiak. Bizkaiko lehenengoa bakarrik ez, Espainiako Gerra Zibilaren ostean egindako lehenengo bertsolari txapelketea izan zan.
Durangoko Plateruena Kafe Antzokian alkartu dira gaur aurtengo Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalean kantauko dauen zortzikotea (Unai Iturriaga, Igor Elortza, Xabi Paya, Fredi Paia, Onintza Enbeita, Iratxe Ibarra, Etxahun Lekue eta Arkaitz Estiballes) Jon Azpillaga (txapeldunari txapela ipiniko deutso), Jose Luis Lizundia (Euskaltzaindia) eta Karmelo Uriarte (Bizkaiko Bertsozale Elkartea).
50 urte dira lehenengoz Bizkaiko Bertsolari Txapelketea antolatu zanetik eta aurtengo finalean ekitaldi berezi bat izango da.
Bizkaiko Bertsozale Elkarteak 1987an antolatu eban lehenengo Bizkaiko Bertsolari Txapelketea (Araba Bizkaikoa orduan), baina Bizkaiko lehenengo txapelketea orain 50 urte antolatu eban Euskaltzaindiak. Bizkaiko lehenengoa bakarrik ez, Espainiako Gerra Zibilaren ostean egindako lehenengo bertsolari txapelketea izan zan. Zelan edo halan Bizkaiko txapelketa ofiziala, izan be, Gerra aurretik sariketa bi antolatu ziran Bizkaian, 1929an Mungian eta 1930ean Getxon. Biak Balendin Enbeitak irabazi zituan. 1929an, Uriartek egin eban bigarren eta 1930ean Aizarna eibartarrak.
Aitatu moduan Euskaltzaindiak antolatu eban 1958ko txapelketea eta horretarako MInisterio de Informacion y Turismoren lege baimena eban eta Caja de Ahorros Vizcainaren diru laguntzinoa. Bertsolariak zazpi: Balendin Enbeita muxikarra, Juan Ormaetxea 'Taket' larrauriarra, Jose Alberdi mañariarra, Asensio Bidaurrazaga getxoztarra, Eusebio Zubiaga urduliztarra, Pedro Kastrejana loiuarra eta Florentzio Zarraga berangarra. Txapela eta 3.000 pezeta nork eroango zituan erabagiteko, ostera, Nazario Oleaga Euskaltzaindiako idazkaria, Migel Arruza, Josu Arenaza medikua, Aita Santi Onaindia karmeldarra, Aita Martzel Andrinua pasionistea, Gabriel Aresti idazlea, Abeletxe eta Alfonso Irigoien. Irigoien bera ibili zan aurreko hileetan burubelarri antolaketa lanetan sartuta. Bertsolariak topau eta batu, baimenak zein laguntzak eskatu, epaimahaia osatu eta ariketak zein gaiak preparetan.
Balendin Enbeitak jantzi eban txapela (gerra aurreko eta gerra osteko bertsogintzearen zubi bihurtuz) eta Juan Ormaetxea 'Taket' izan zan bigarrena.
1958ko abuztuaren 24an jokatu zan Bilbon eta saio bakarra egin zan. Bizkaian zenbat bertsolari egozan eta zelako harrerea izango zan kalkuletea gatxa zanez, ezagututen zituen bertsolariei egin eutsen parte hartzeko konbita.
50 urtetan asko aldatu da Bizkaia, baina baita bertsolaritzea zein bertsogintzea be. Aldaketa horreen zelan halako neurgailua izan da txapelketea.
Bizkaiko txapelketearen historia
Bizkaiko Bertsozale Elkartea 1993an sortu bazan be (Euskal Herrikoa 1987an), Bizkaiko Bertsolari Txapelketearen historia 1958an hasi zan. Orduan hasi eta 1966ra bitartean Bizkaiko zazpi txapelketa antolatu ziran-eta Euskaltzaindiaren eskutik. Ostean etorri zan etena ez zan ez txikia izan ze, 21 urte pasau ziran hurrengo Bizkaiko Txapelketea egiteko.
Bizkaiko txapelketa? Ez, Araba-Bizkaikoa izan zan 1987koa. Arrazoiak? Orduko errealidadea. Errealidadea, baina, asko aldatu da azkenengo urteetan eta 2000. urtean arabarrek euren bidea egitea erabagi eben. Halandaze, 34 urteren ostean, barriro be Bizkaiko Txapelketea egin zan. Egiturea be bere sustraietara bueltau da, eta Eskualdeetako Txapelketak berreskuratu dira.
Euskaltzaindiak antolatutako txapelketak
1958ko abuztuaren 24an jokatu zan lehenengo Bizkaiko bertsolari txapelketea Euskaltzaindiaren eskutik. Bilboko jaietan egin zan, Arenalean. 'Han ziran Bizkai aldeko plaza-gizonik onenak, eta zazpi milatik gora batu giñean euroi entzutearren' kontetan eban Aita Santi Onaindiak. Balendin Enbeita muxikarra izan zan txapelduna eta Juan Ormaetxea larrauriarra bigarrena. Han ziran baita be Joxe Alberdi iurretarra, Asensi Bidaurrazaga getxoztarra, Eusebio Zubiaga barrikoztarra, Kastresana loiuarra, eta Polentzi Zarraga berangoztarra.
Altabozak kendu
1959an, eskualdeko txapelketak be jokatu ziran. Eskualde bakotxeko txapeldunak Bizkaiko finalera pasau ziran zuzenean, eta Balendin Enbeita, aurreko urteko txapelduna, eskualdeko txapelketatik libre geratu zan. Durangaldeko txapelduna Jose Alberdi mañariarra izan zan, Ipar Uribekoa Juan Ormaetxea larrauriarra, Busturialdekoa Deunoro Sardui muxikarra, Lea Artibaikoa Jon Azpillaga eta Arratiakoa Basilio Pujana.
Finala Arenalean egitekoa zan, Bilboko jaien barruan, abuztuaren 30ean, baina orduko alkateak altabozak kentzeko agindua emon eban, eta hurrengo domekara atzeratu zan finala. Azkenean, Balendin Enbeita izan zan barriro be txapelduna, eta Jon Azpillaga bigarrena.
1960, 1961, 1962, 1964 eta 1966an be antolatu zituen Eskualdeetako zein Bizkaiko txapelketak. 1963an ez zan txapelketarik izan, baina horren partez saio batzuk antolatu zituan Euskaltzaindiak.
Bizkaiko Bertsozale Elkarteak antolatutako txapelketak
1987an Araba Eta Bizkaiko Bertsolari Txapelketea antolatu eban Bertsozale Elkarteak (Bertsolari Ikasleen Elkartea zan garai haretan). Zergaitik Araba eta Bizkaikoa? Halantxe azaltzen eben antolatzaileek: 'gaur egun bertsolaritzearen esparru geografikoaren barruan, Euskal Herria lau zatitan banatzen dalako, Gipuzkoa, Iparraldea eta Nafarroagaz batera Araba-Bizkaia izanik gure eskualdea. Beraz, Bizkaiko Txapelketa hutsak ez eukean zentzu handirik izango'. Halan egin zan bada txapelketea. 31 bertsolarik parte hartu eben, eta hiru fasetan egin zan: kanporaketa-saioak, finalaurrekoa eta finala. Finala Bilboko Arriagan egin zan abenduaren 20an. Taula gainean zortzi bertsolari: Aritz Lopategi, Xabier Amuriza, Ireneo Ajuria, Jon Enbeita, Jon Lopategi, Jose Luis Mugerza 'Elgetzu', Juan Mari Areitio 'Gaztelu' eta Jon Azpillaga.
Jon Lopategi izan zan orduan be txapelduna, eta bigarren Xabier Amurizak egin eban. Txapelketa hau baliogarria izan zan 1989ko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketara sailkatzeko.
Hurrengo txapelketea 1990koa izan zan, eta ordutik aurrera urte birik behin antolatu da Araba eta Bizkaiko Txapelketea. Eskolartekoetatik nagusien finalera 1990an finalera Aritz Lopategi, Jon Enbeita, Gregorio Larrañaga 'Mañukorta', Igor Elortza, Ireneo Ajuria, Abel Enbeita, Xabier Arriaga 'Txiplas' eta Unai Iturriaga heldu ziran. Aitatzekoa da Igor Elortza eta Unai Iturriaga bata 15 eta bestea 16 urtegaz heldu zirala finalera. Eskolarteko txapeldunak ziran bi honeek eta, 18 urte eginda euki ez arren, aukerea emon jaken Bizkaiko Txapelketan parte hartzeko. Txapelduna Jon Enbeita izan zan eta bigarren Unai Iturriaga gaztetxoak egin eban.
Emakumea finalean
1994an, 28 bertsolarik parte hartu eben eta Txapelketea hasi orduko girotze saio batzuk egin ziran. Hiru kanporaketa eta finalaurreko bi oraingoan be. Finalisten artean be aldaketa askorik ez. Juan Mari Areitioren lekua Iratxe Ibarrak hartu ebala bakarrik. Bizkaiko Txapelketako lehenengo emakume finalista izan zan, beraz, 20 urteko markinarra. Txapelduna Unai Iturriaga izan zan.
Egitura aldaketea
1996ko txapelketan jauzi nabarmena egin zan. 41 bertsolarik parte hartu eben eta parte hartzaile-kopuruaren aldaketa honek egiturearen aldaketea ekarri eban. Aurreko urteko finalistak zuzenean finalaurrekoetan sartzen zirala kontuan hartuta, 33 bertsolarigaz hasi behar zan txapelketea. Beraz, hiru kanporaketa saio barik bost egin ziran. Finalaurrekoak, ostera, bi, aurreko urtean legez.
1998an be parte-hartzaile kopuruak gora egin eban. 53 bertsolarik emon eben izena eta zeozer egin behar zala eta 12 sailkapen saio egin ziran, 6 uda aurretik eta 6 uda ostean. Txapelketa beraren egiturea be aldatu zan apur bat. Aurreko urtean legez bost kanporaketa egin arren, finalaurrekoak hiru izan ziran eta ez bi.
Bizkaia Euskaldunara, Arabarik barik
2000an, arabarrek txapelketea euren kontura egitea erabagi eben eta Bizkaiko Txapelketea egin zan barriro, 34 urteren ostean. Eskualdeko Txapelketak be berreskuratu ziran urte horretan. Bost eskualde izan beharrean baina, sei izan ziran: Arratia, Bilboaldea, Busturialdea, Durangaldea, Lea-Artibai eta Ipar Uribe.
Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finala Bilboko Euskalduna Jauregian jokatu zan, lehenengoz. Antolatzaile Taldeak apustu moduan hartu baeban be, sekulako arrakastea izan eban. Goraino bete zan Euskalduna. Taula gainean zortzi bertsolari: Igor Elortza, Unai Iturriaga, Oihane Enbeita, Aritz Lopategi, Arkaitz Estiballes, Fredi Paia, Iratxe Ibarra eta Juanjo Respaldiza. Arkaitz Estiballes eta Fredi Paia finalean egoteak argi erakutsi eban bertsolaritzea ez dala 'eskualde euskaldunetako' ondarea bakarrik. Txapelduna osterabe Igor Elortza izan zan, eta bigarrena Aritz Lopategi. 2001eko Euskal Herriko Txapelketa nagusirako baliogarria izan zan.
Enkarterrin be txapelketea
2004an, Arratia, Busturialdea, Ipar Uribe, Durangaldea eta Lea-Artibai eskualdeetan bederatzigarren txapelketak jokatu ziran, Bilboaldean, hirugarrena eta, Enkarterrin, lehenengoa. Holan, historian lehenengo bider, Bizkaiko eskualde danatan jokatu ziran txapelketak.
Bizkaiko Txapeldunak
1958 Bilbon, Balendin Enbeita.
1959 Bilbon, Balendin Enbeita.
1960 Bilbon, Juan Mugartegi.
1961 Bilbon, Jon Azpillaga.
1962 Bilbon, Jon Lopategi.
1964 Ondarroan, Jon Lopategi.
1966 Durangon, Jon Lopategi.
1987 Bilbon, Jon Lopategi.
1990 Bilbon, Jon Enbeita.
1992 Bilbon, Jon Enbeita.
1994 Bilbon, Unai Iturriaga.
1996 Bilbon, Unai Iturriaga.
1998 Bilbon, Igor Elortza.
2000 Bilbon, Igor Elortza.
2002 Bilbon, Igor Elortza.
2004 Bilbon, Igor Elortza.
2006 Bilbon, Xabier Paya.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!