Eztabaida aldia amaituta, abian dira Euskara 21 prozesuaren sintesi-lanak
2008-12-15 14:30 Euskerea berbagaiDagoeneko, kideek gaitegiari emondako erantzunak eskuragarri dagoz Euskara 21 webgunean; erabiltzaileek, era berean, gaitegia erantzuteko aukerea badabe webgunean bertan. Horrezaz gan, gaitegia liburu formatuan argitaratuko da berandu baino lehen.
XXI. mende hasierako hizkuntz politikaren oinarriak aztertu eta zehazteko asmoz, Euskerearen Aholku Batzordeak apirilaren 29an abian jarritako Euskara 21 ekimenak gogoeta prozesuaren azken txanpa hartu dau, egunotan zarratu dabe-eta Donostian Batzorde-atal Bereziko kideek Oinarrizko Txostenari eginiko ekarpenen eztabaida fasea. Honenbestez, gogoeta eta eztabaiden sintesi-lanari edegi jako bidea.
Hemendik aurrera, 'XXI. mende hasierako hizkuntz politikaren oinarriak' izeneko Batzorde-atal Iraunkorrak Amaierako Txostena mamitzen eta taiutzen hasiko da. Bestalde, prozesua gizarteratzeko hainbat aurkezpen eta mintegi gauzatu dira.
Esangura horretan, XXI. mende hasierako hizkuntza-politikaren oinarrien gogoeta eta eztabaida prozesuaren aurkezpen ekitaldiak egin dira Bilbon, Donostian eta Gasteizen. Era berean, mintegi informatiboak izan dira, besteak beste, AEK-ko euskaltegi sareagaz, Ikastolen Federazinoagaz eta Topaguneako ordezkariakaz.
Pasa dan barikuan Donostian egindako bileran, 'XXI. mende hasierako hizkuntza politikaren oinarriak' izeneko Batzorde-atal bereziko kideak, aurreko bileran denpora falteagaitik eztabaidatzeke geratutako atalen inguruan adostasuna bilatzen saiatu dira. Aurreko bileran eretxi-trukaketearen ardatz nagusia prozesuaren ibilbidean jasotako ideia nagusien bildumea dan gaitegia izan zan, eta, oraingoan be, horri heldu deutsie, geroztik sortu diran ideia eta ardurak mahai gainean jarriz baita be.
Dagoeneko, kideek gaitegiari emondako erantzunak eskuragarri dagoz Euskara 21 webgunean (http://blog.euskara21.euskadi.net); erabiltzaileek, era berean, gaitegia erantzuteko aukerea badabe webgunean bertan. Horrezaz gan, gaitegia liburu formatuan argitaratuko da berandu baino lehen.
Bestalde, eztabaidearen ondoren Batzorde Iraunkorrak eztabaida osoaren sintesi-lanari edegiko deutso bidea eta gogoeteari amaierea emongo deutson dokumentua idazteari ekingo deutso. Beraz, dokumentua osotzeko kontuan hartuko dira batzordeko kideek egindako ekarpenak eta herritarrek webgunearen bidez egindakoak, bai eta aurkezpen zein mintegiren bidez jasotako proposamenak be.
Amaierako txostena, beraz, gogoetearen abiapuntua idatzi eban Batzorde Iraunkorrak idatziko dau. Hona hemen batzorde horretako kideak: Patxi Baztarrika, batzorde-ataleko burua; Erramun Osa, idazkaria; Aurelia Arkotxa; Lore Erriondo; Alberto Lopez; Eneko Oregi eta Pello Salaburu.
Azkenik, Euskara 21 eslogan lehiaketeari dagokionean, amaitua da esloganak jasoteko epea. Jasotako proposamen kopurua handia izan da, hain zuzen be, molde askotako 300 eslogan jaso dira gitxi gorabehera. Irabazleak 1.500 euroko saria jasoko dau, eta Euskara 21 gogoeta prozesua zarratuko dauen ekitaldian emongo jako.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!