Denis Azkarate: 'etxetik entzuten dabenak be marijesiak dira'

Saioa Torre Gereketa 2008-12-15 11:13   Barriketan

Gernika-Lumoko Marijesietako bakarlaria

Ohitureari jarraitzuz, Gabon aurreko bederatzi egunetan, Gernikako Marijesiek doinuz beteko ditue herriko auzoak gau hotz horreetan. Aurten, koplak Iñaki Gonzalez, Denis Azkarate, Fernando Astoreka eta Jose Antonio Uriarte 'Itxaso' bakarlarien ahotsetatik etorriko dira. Bederatzi gau horreetan, abenduaren 15etik 24ra bitartean, Gernika-Lumo punta batetik bestera zeharkatuko dabe.

 

 


1.- Lehenengo-lehenengo, Historian atzera egingo dogu Gernikako Marijesien jatorria gogoratzeko eta ohiturea zertan oinarritzen dan jakiteko.

 

Gabon gaua baino lehenagoko bederatzi egunetan, goizaldean, Jesukristoren jaiotzea datorrela iragarteko, herritarrek auzoz auzo abesten ditue horretarako berenberegi sortutako estrofak. Orain arte, hogeta bi estrofa kantetan izan dira.

 

Ohituraz, Marijesiok goizaldeko lauretan hasten gara abesten, Andra Mari Eleizan. Belauniko hasten gara, bertan gure Jauna dagoalako; Sakramentu Santu Jaunaren lerroak abesten doguz. Lehenengo lau egunetan, doinu bategaz abesten dogu eta, hurrengo bost egunetan, beste doinu bategaz.

 

Marijesien artean, abeslari orokorrak eta bakarlariak dagoz. Abeslariak herritarrak eurak dira, aurreko egunetan ensaioetara etorritakoak eta urtero-urtero abestera urteten dabenak. Bakarlariek estrofa bereziak abesten ditue eurak bakarrik. Aurten, Fernando Astoreka, Iñaki Gonzalez, Jose Antonio Uriarte 'Itxaso' eta ni neu izango gara bakarlariak.

 


2.- Eta zu, noiz hasi zinen Marijesi bakarlari legez abesten? Nondik jatortzu ohiturea?

 

1978an kantau neban neuk bakarrik lehenengoz. Bakarlaria ez zan etorri eta neuk egin neban lan hori. Baina ordurako, urtero-urtero urteten neban Marijesi legez kantetan, 1970etik.

 

Lagunakaz hasi nintzan joaten Marijesietara. Gehienoi, ohiturea ez jatorku etxetik, antxina, lauzpabost Marijesi baino ez egozalako, lau lekutara baino ez ziran joaten eta batzen eben dirua eurentzat izaten zalako. 1968an hasi ziran herritarrak sartzen Marijesien artean. Orduan, bakarlaria Jose Antonio Oar zan eta, ohiturea herrikoi bihurtu zanean, Jose Antonio Uriarte 'Itxaso' hasi zan bakarlari lanetan.

 


3.- Zein izango da aurtengo ibilbidea?

 

Eleizatik, Santa Klarara joaten gara, komentura; ostean, Saraspe plazara eta, gero, kalerik kale, auzoz auzo. Aurten, abenduaren 16an, 20an eta 23an, Errenterian egongo gara. Abenduaren 17an, 19an, 21ean eta 24an, Lurgorrin. Eta 18an eta 22an, Tiloetan. Ordu biko ibilbideak izango dira, lauretatik seietara. Baina, abenduaren 24an, erronda bi gehiago egiten dira, goizeko zazpietan bat eta hamarretan bestea.

 

Lehenago, beti joaten zan leku berberatara; baina herria gero eta handiagoa danez, azken urteotan ibilbidea zatitu egin dogu.

 

 


4.- Urtero-urtero, tradizinoari eutsi arren, nobedaderen bategaz etorten zaree. Aurten, Jose Antonio Arana Martija euskaltzainak hamasei ahapaldi berreskuratu ditu.

 

Orain arte, goizaldeko 22 estrofa kantetan izan doguz. Baina errepertorioa labur geratzen izan jaku. Ahapaldi bakotxa, gitxi gorabehera, berrogei segunduan kantetan da. Beraz, 22 estrofa, hamalau minutuan. Eta labur geratzen jakun, herria gero eta handiagoa da eta.

 

Horregaitik, jatorrizko errepertoriora jo dogu, XX. mendeko artxiboetara. Lan hori, esan dozun legez, Jose Antonio Arana Martijak egin dau.

 


5.- Hamasei ahapaldi horreetatik hamalau, goizaldean abestekoak dira.
Beste biak, barriz, abenduaren 24an. Zergaitik banaketa hori?

 

Marijesiok hiru doinu desbardin abesten doguz. Lehenengo lau egunetan doinu bat, hurrengo bost egunetan beste bat eta abenduaren 24ko erronda berezi bietan beste bat.

 

Jatorriz, Marijesiek eleiza barruetan abesten eben. Baina Trentoko Kontzilioaren ostean, eleiza barruko antzerkiak eta ikuskizunak galarazota geratu ziran eta, horregaitik, Marijesiek be kalera urten behar izan eben.

 


6.- Halanda be, aurten ez dira ahapaldi barri guztiak kantauko. Zergaitik?

 

Ez, jentearentzako lar izan daitekelako, letra barriak ikasi egin behar dira eta. Arana Martijak hamasei ahapaldi berreskuratu arren, aurten bost baino ez abestea erabagi dogu, gitxika-gitxika ikasten joan ahal izateko. Datozan urteotan, besteak kantetan joango gara.

 

Marijesi sasoia baino lehentxoago, beti egiten izan dira ensaio bi baina aurten hiru egin dira, jentea kopla barrietara moldatzeko eta letrak apur bat ikasteko.

 

Danetara, hirurogeta hamar edo larogei lagun ibilten gara Marijesietan. Aspaldiko urteetan, edadeko jentea etorten da. Sasoi batean, jente gazteagoa etorren, baina orain, ez.

 


7.- Abenduan, gauak hotzak izan arren, herritarren berotasuna sentiduten dozue?

 

Bai. Marijesietan giro polita dago eta herritarrei ohiturea barru-barrutik jatorke. Hotz egin arren, kalean kantetan doanak etxeetatik keinuak ikusten ditu eta horrek asko animetan zaitu. Bentanak zabaldu, argi-keinuak egin... Holan erantzuten deusku jenteak etxeetatik eta, kalean zoazenean, igarri egiten dozu etxeetan mobimentua dagoala eta berotasuna igarten dogu. Gernikar Marijesiok estimau egiten doguz herritarren keinu horreek eta, seguru nago, herritarrek be Marijesiok estimau egiten gaituela.

 


8.- Tradizinoa galtzen doala uste dozu? Gazteek ohitureagaz jarraituko ete dabe?

 

Ez, Marijesiak ez dira galduko. Ezta pentsau be. Horren lekuko da, berbarako, Iñaki Gonzalez bakarlaria, hogeta gitxi urtekoa. Hogei urteko gazteek ez badabe segiduten tradizinoagaz, ba berrogetak urteak daukiezanek segiduko dabe, baina Marijesiek, duda barik, aurrera segiduko dabe.

 

Erlijinoagaz lotutako ohiturea izan arren, jenteak ez ditu zuzen-zuzenean erlijinoa eta Marijesiak lotzen, Marijesiak ohitura moduan hartzen ditu, ez erlijino moduan. Horregaitik, urte batean datorrena, hurrengoan be badator.


9.- Dirurik jasoten dozue? Zertarako erabilten da jasotako dirua?

 

Bai. Abenduaren 24an jasoten dogu dirua, goizeko hamarretatik hasita ordubateraino. Igaz, Kubako proiektu bati emon geuntsan dirua, Gernikako San Frantzisko parrokiaren ekimenaren bitartez. Aurten, Angola Hegoaldeko kanpamentu batetara bialduko dugu dirua, bertan ur putzu bat egiteko eta kanpamentua atontzeko, Gernikatik Mundura erakundearen bitartez.


10.- Ze mezu zabalduko zeunke jentea animetako?

 

Marijesion artean giro polita dago eta, goizaldean urten behar izan arren, Gernikako ohiturak mantentzeko ahalegintxuak merezidu dauela uste dot.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu