Euskerearen 'oreka hauskorra' taula ganera eroango dau Kontseiluak
2008-12-09 17:50 Euskerea berbagai'Euskereak egun bizi dauen egoerea irudikatzeko zirkoko zenbait numero erabiliko doguz. Orekeagaz jokatzen daben numeroak dira nagusi, hain zuzen be. Orekea galtzeko arriskuan egonda be orekearen bila dabilzen artistak eta eszenaratzeak izango dira ardatz'.
Euskerearen Gizarte Eragileen Kontseiluak datorren zapatuan, hilaren 13an, 18:00etatik aurrera Barakaldoko (Bizkaia) BEC-en egingo dauen ekitaldian taularatuko dauen ikuskizunaren alderdi artistikoa aurreratu dau gaur, eta euskerearen 'oreka hauskorra' taula ganera eroango dauela azaldu dabe Xabier Mendiguren Kontseiluko idazkari nagusiak eta Eneko Olasagasti ekitaldiko zuzendari artistikoak.
BECeko ekitaldia mugarritzat jo dau Mendigurenek, 'abiapuntu izango baita Kontseiluarentzat eta euskereari beren babesa adierazi deutsien herritarrentzat be. 'Bai euskarari' izan da Kontseiluaren irudi nagusia azken urteotan. Orain, baina, aldaketarako sasoia heldu da, eta lelo hori berreginda irudikatu gura izan dogu emon beharreko aurrerapausoa. 'Bai euskarari' esatetik, 'Euskaraz bai' egitera igaroteko garaia da-eta', azaldu dau.
Mendigurenek jakinarazo dau dagoeneko milaka sarrera bialdu jakezala euren etxeetara internet edo telefonoz eskatu daben herritarrei. Joan dan barikuan amaitu zanez bi bide horreetatik dobako sarrerea eskuratzeko epea, eta izandako eskari kopuru handiari erantzunez, abenduaren 13an bertan BECen be egongo dira eskuragarri.
Barakaldon zapatuan egingo dan ekitaldiaren alderdi artistikoa Eneko Olasagasti antzerki eta zinema zuzendari ezagunak landu dau. Bere esanetan, 'ikusgarria izateaz gan, euskereak bizi dauen egoera hauskorraren erakusle izango da' Bizkaia Arenako ikuskizuna.
Olasagastiren esanetan, 'euskereak egun bizi dauen egoerea irudikatzeko zirkoko zenbait numero erabiliko doguz. Orekeagaz jokatzen daben numeroak dira nagusi, hain zuzen be. Orekea galtzeko arriskuan egonda be orekearen bila dabiltzan artistak eta eszenaratzeak izango dira ardatz'.
Esaterako, 12 metrora zintzilik dagozan ohialetan egiten dan dantzea, ekilibrismoa, malabararistak, pailazoak eta abar izango dira ikuskizunaren alderdi artistikoaren zati handi bat, gaur azaldutakoaren arabera. 'Baina helburua ez da zirkoko numeroak bere horretan taularatzea, bakotxak elementu lagungarriak eukiko ditu-eta', ganeratu dau Olasagastik. 'Aktoreek, bertsolariek, musikari eta kantariek euren lanakaz lagunduko ditue zirkoko numero desbardinak. Baina beti be sinpletasunak emoten dauen edertasuna bilatuz', esan dau.
Musikea
Musikeak be indar handia eukiko dau ikuskizunean, Pascal Gaigneren zuzendaritzapean zazpi musikarik jardungo dabe-eta. Besteak beste, arlo desbardinetako artistak egongo dira taula ganean, besteak beste, Kirmen Uribe, Uxue Alberdi, Xabi Paya, Elena Irureta, Asier Hernandez, Mikel Urdangarin, Patxo Telleria eta Mikel Martinez. 'Bideoaren eta argiaren laguntzinoaz hausnartu eta ondo pasetea da helburua', ikuskizunaren zuzendariaren arabera.
Halan da be, 'BEC-eko ekitaldiak ez dau ikuskizun hutsa izan gura. Euskerearen egoerearen isla izan gura dau, eta egoera hori modu ikusgarrian agertuarazoten saiatuko gara ordu eta erdi inguruko taularatzearen bitartez'.
Elementu artistikoakaz buztartuta, Kontseilua osotzen daben euskerearen gizarte erakundeek be presentzia nabarmena eukiko dabe. Euskerearen normalizazinoan euskalgintzeak orain arte egindako lana eta hemendik aurrera egin beharrekoa irudikatzen ahaleginduko dirala eta horretarako baliabide tekniko aurreratuak erabiliko dituela adierazo dau Olasagastik. 'Beraz, edukiz beteriko ikuskizun oso bisuala eta atsegina izango dala aurreratu geinke. Guztia ezin dogu hemen aurreratu, ostera, eta hainbat sorpresa gordeko doguz datorren zapaturako', esan dau Eneko Olasagastik.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!