Dorleta Alberdi: 'egun, jenteak bildur barik darabil bizkaierea'

Saioa Torre Gereketa 2008-12-09 11:46   Barriketan
Bizkaia Irratiko zuzendaria

Euskera bizitik abiatuta eta mendebaldeko euskerea oinarri hartuta, hamazortzi urteko ibilbidea egin dau honezkero Bizkaia Irratiak. Orain dala bost urte, Dorleta Alberdik hartu eban zuzendari kargua eta, oraintsu, berak izan dau Jose Luis Bilbao Bizkaiko Ahaldun Nagusiaren eskutik aurtengo Lauaxeta Saria jasoteko ohorea, baita.

Talde-lanari eta bizkai euskerea Bizkaian eta mundu osoan zabaltzeari emondako saria da.


1.- Urteetan atzera egingo dogu, irratiaren sorrerea gogoratzeko.

Bizkaia Irratian hamazortzi urte daroaguz, 1990ean sortu zanetik, baina hori baino lehenago Herri Irratia ginan, gero Irratibide sortu zan arte eta, hortik, Bizkaia Irratia osotu zan. Baina 1973tik Herri Irratiak euskerazko edizino batzuk emoten zituan ordu batzuetan. Gero, euskerazko ordutegia luzatzen joan zan eta 1990ean ebatzi zan Bizkaia Irratia sortzea.


2.- Eta zu, noiz hasi zinan mikrofono aurrean eta zelan gogoratzen dozuz sasoi hareek?

Ni Herri Irratian hasi nintzan, karrerako hirugarren mailan nenbilan, oraindino unibersidadean, eta beka bategaz sartu nintzan. Esan dodan legez, orduan ordutxu batzuk egiten ziran euskeraz eta nik, arratsaldetan, musikalak-eta aurkezten nituan. Proba moduan hilebete bat egin neban eta, ostean, persona bat behar zala eta, neu geratu nintzan bertan beharrean.

Emozinoz beteta gogoratzen dodaz sasoi hareek ze gu oraindino ikasten gengozan. Orduan, guretzat ha ikasgai barri bat eukitea legez zan, baina praktikara eroanda. Ze irratigintzea unibersidadean be lantzen zan baina, jakina, han ordutxu batzuk baino ez ziran egiten, astean behin edo, toketan zanean baino ez. Gero, irratira etorrikeran, oso urduri jarten nintzan; etxean be, amak esaten eustan nik ez nebala horretarako balio. Baina, apurka-apurka, mikrofonoari bildurra kentzen joan nintzan eta sasoi politak bizi izan nituan. Barriak pil-pilean biziten genduzan ze, unibersidadean albisteak zelan idatzi ikasi arren, irakasgai horreek praktikan jarri behar ziran gero. Zeozer pasetan zanean kazetariak batetik bestera lanean ikustea eskola oso ona zan, eta jente trebatuagaz eta urteetan irratigintzan ibilitakoagaz lan egiteak asko laguntzen dau.


3.- Horrenbeste urtean, ze gorabehera igarri dozu euskal irratigintzan?

Batez be, eta arlo gehienetan igarri izan dan moduan, teknologia barriek ekarri daben iraultzea aitatu behar da. Lehen, ez egoan modurik egun ordenagailuek emoten daben erraztasunagaz lan egiteko. Halamoduz ibilten ginan. Gogoratzen dot publizidadea kartutxo batzuetan sartzen gendula eta kartutxo piloa geunkazala; kartutxo horreetariko bakotxean, salmenta-etxe baten iragarkiak egozan eta, bat amaitzen zanerako bestea sartu behar zanez, batzuetan atzera bota barik egoten zan... Hori, anekdota modura. Alkarrizketak, berbarako, zinta borobil handi batzuetan grabetan ziran eta, horreetariko bakotxean, leitekeana zan hamar alkarrizketa egotea. Zinteari berari papel zatitxo bat jarten geuntson eta, papelera aileukeran, bagenkian hor hurrengo alkarrizketea egoala.

Teknologia barriek, beraz, askoz erraztasun gehiago eta, kalidade arloan be, hobetzeko modua ekarri deuskue, montajeak egiteko, soinua sartzeko, hemerotekea ordenetako... Hori abantaila handia da. Baina, baita, teknologia barriek moldatzeko beharra eta ikasteko beharra dakarre. Ganera, horretan, beti gabiz ikasten ze tramankuluak zahar geratzen dira.

Bestalde, egun, alkarrizketak lortzea errazagoa da eta, hein handi batean, hori be teknologia barriei esker da. Izan be, lehen, alkarrizketatu gura zenduna lanean baegoan, ezinezkoa zan alkarrizketea egitea. Egun, eskuko telefonoei esker, edonor atrapetan dozu edonon eta horrek be aberastasuna emoten deutso irratigintzeari.


4.- Euskera bizitik abiatuta, bizkai euskera bateratuaren apustua egin dozue hasieratik. Ze ekarpen egin eta egiten deutso Bizkaia Irratiak mendebaldeko euskalkiari?

Lehenago, jenteak bildurra eutson etxeko euskerea egiteari eta bildur hori, apurka-apurka, kentzen joan da. Askotan, bateren bati alkarrizketa bat egiteko deitu eta lotsatu egiten zan etxeko euskerea baino ez ekialako. Egun, bizkaiereak prestigioa lortu dauela uste dot eta guk horretan zerikusi txikiren bat izango gendualakoan nago.

Lehen asko kostetan zan moduan, egun, jenteak bildur barik darabil bizkaierea, etxeko euskerea ez dala zertan txarra izan behar aldarrikatzeko.


5.- Euskerearen arloan, Labayru dozue bidelagun. Zertan gauzatzen dira ikastegiagazko hartu-emonak? Hau da, praktikan, zelan bideratzen da alkarkidetza hori?

Azken urteotan, Labayru Ikastegiaren lanak Bizkaia Irratian ezagutzera emoteko hitzarmenak sinatu izan doguz eta, horrezaz ganera, estilo liburu bi atarata daukaz Labayru Ikastegiak eta, zeozelan, geuk be ikusten genduan bizkaiera batua sortzeko preminea. Euren ikastaroetan emoten zituen fitxakaz, koadernoakaz eta enparauakaz ibilten ginan. Ganera, asko eta asko Ikastegitik igarotakoak gara, han ikasitakoak. Baina material praktikoa falta jakun, zalantza ugari sortzen jakuzan eta zalantza horreek argitzeko modua topetan hasi ginan.

Ikastegiagaz hartu-emonetan jarri eta oso feedback ona izan genduan, guri sortzen jakuzan galderak eurei bialdu eta laster erantzuten euskuezalako. Ganera, badakigu, komunikabideen arlora sarri-sarri ailegetan jakuzala berbak beste hizkuntza batzuetan eta euskeraz zelan esan ez dakigula. Gero, euskeraz Euskaltzaindiak ebatzia hartzen dauenerako, komunikabideek berba hori aspaldian darabile.

Hutsunea beteteko beharra ikusita eta apurka-apurka egindako beharrari esker, lehenengo estilo-liburua sortu zan, Bizkai euskerearen jarrraibide liburua. Gero, bigarren bat etorri zan. Ganera, Labayrutik irrati-estudioetara etorri ziran guri eskolak emotera eta teorian jasotakoak praktikan jarteko ze eguneroko lanean ez dogu astirik izaten liburuak begiratzen egoteko.


6.- Lauaxeta Sariagaz emongo deutsazue amaierea 2008 urteari.

Guretzat pizgarri bat da holako sari bat jasotea, ohore handia.


7.- Baina, ez da aurtengo sari bakarra izan, Rikardo Arregi Kazetaritza Saria eta Bikain Ziurtagiria be jaso dozuez eta.

Urte oparoa izan da eta hiru sariok nahiko jarraian jaso doguz, ganera.

Lauaxeta Saria aurrera egiteko eta, Estepan Urkiagaren liburuak esaten eban moduan, Bide Barrijak urratzeko modua eta gogoa emoten dauen saria da.

Bikain Ziurtagiriak euskerearen kalidadea saritzen dau eta horrek hobetzen joateko bidea emoten deusku eta mantentzen joateko baita ze Urrezko Saria jaso dogu eta ezin geinke kalidadean behera egin ze badago zer egin.

Rikardo Arregi Saria lehenengoa izan zan eta ezustean atrapau euskun, beharbada Gipuzkoa aldetik etorrelako. Ganera, Epaimahaiaren Sari Berezia izan zan, pozgarria benetan, baita zeuokaz, Bizkaie!-gaz batera jaso izatea be, pozteko modukoa.


8.- Horrenbeste errekonozimentugaz, maileari eusteko presinoa sentiduten dozue?

Bai, eta egin behar doguna da maileari eutsi eta hobetu.


9.- Teknologia barrietara be moldatu zaree eta, egun, webguneari esker, mundu zabalean entzun daiteke Bizkaia Irratiaren programazinoa. Ze beste zerbitzu eskaintzen dozuez? Etorkizunerako, ze erronka daukazuez?

Gure helburua webgunea hobetzea da. Ganera, prozesu horretan gabiz oraintxe. Soinu-artxiboa zabaldu gura geunke. Orain, kanpoan bizi diran euskaldunen ahotsen soinu-artxiboa daukagu eta hori garatzea da helburua. Baina ez hori bakarrik. Soinu-artxibo horretan egunean-egunean egiten doguzan alkarrizketak sartu gura geunkez, irratia on-line entzuteaz gan, entzundakoak berreskuratzeko modua eskaintzeko. Horretarako, erabarritze-prozesu batean sartuta gagoz.

Egun, webgunean albisteak be eskaintzen doguz baina albiste horreek ez daukie soinurik; egokiena izango litzateke albiste horreetan agiri diran protagonisten ahotsak entzungai egotea. Hori izango litzateke aurrera begira egin beharreko beste kontu bat. Alde horretatik badaukagu, eta begira gagoz ganera, zer hobetu.

Jakina da etorkizuna, hein handi batean, teknologia barrien arlotik datorrela eta berebiziko garrantzia emon behar jako horri, betiko entzuleak ahaztu barik, teknologia barriakaz bat egiten ez daben entzuleak be badaukaguzalako. Ahalegina barriak lortze aldera egin arren, betiko entzuleak ezin doguz ahaztu.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu