'Peru Tximaluze' liburua Durangoko azokan salgai
2008-12-05 13:23 KultureaJürgen Lange alemaniar jatorrizko zeberioztarrak itzuli ditu txikitatik ezagutzen zituan ipuinak. Marrazkiak lortzeko be bera jarri zan kontaktuan Frankfurten liburuak daukan museoagaz eta liburuak alemanieraz daukan grazia ez galtzeko, bertsolari bati eskatu eutsan itzulpena bertsotan ipinteko. Bertsolari hori Zeanuriko Jurek Ziemkiewcz dogu.
Jürgen Lange eta Jurek Ziemkiewicz-en artean itzuli eta egokitu eta Zeberioko Udalak Zertu Kultur Elkartearen laguntzeagaz argitaratutako umeentzako liburu hau Durangon eskura daiteke.
1845 inguruan Hoffmannek gero Struwwelpeter izeneko liburua sortu ebanean, ezin izango eban pentsau 150 urte beranduago, liburuaren euskerazko itzulpena egongo zala irakurgai. Gaur egun ia Alemaniako etxe guztietan dagoan liburu hau hizkuntza askotara itzuli dabe eta orain euskeraz irakurri daitekez Hoffmannek sortutako istorioak.
Jürgen Lange alemaniar jatorrizko zeberioztarrak itzuli ditu txikitatik ezagutzen zituan ipuinak. Marrazkiak lortzeko be bera jarri zan kontaktuan Frankfurten liburuak daukan museoagaz eta liburuak alemanieraz daukan grazia ez galtzeko, bertsolari bati eskatu eutsan itzulpena bertsotan ipinteko. Bertsolari hori Zeanuriko Jurek Ziemkiewcz dogu.
Begitu lagunek doban jasoko dabe liburua euren etxeetan, besteak 9 euroren truke Durangoko Azokan Topaguneko stand-ean edo Arratiako ohiko lekuetan eskuratu ahal izango dabe.
Wikipedian Jürgen Langek dinoanaren arabera, '1844ko gabonetan, Heinrich Hoffmann psikologoak bere umeari marrazkidun liburu bat erosi gura izan eutsan. Liburudendetan ikusten ebena ez zan bere gustukoa eta liburua berak idaztea ebatzi eban. Emoitzea ikusita, Hoffmannen lagunak liburua argitaratzera bultzatu eben eta urte bete beranduago Lustige Geschichten und drollige Bilder für Kinder von 3 bis 6 Jahren (3 eta 6 urte arteko umeentzako istorio barregarriak eta marrazki dibertigarriak) izenagaz ikusi eban argia. Hirugarren edizinoan (1858an) titulu luze honen ordez Struwwelpeter (Peru Tximaluze) deitu eben liburua. Ordutik hona, Struwwelpeter munduko umeentzako liburu arrakastatsuenetako bat da. Izan be, 150 urte baino denpora luzeagoan merkatuan jarraitzen dau eta oraindino be itzulpen barriak agertzen dira. Aurten, Peru Tximaluze, Struwwelpeter-en anaia euskalduna jaio da.
Baina ez da lehenengoa, Struwwelpeter-ek baeukazan hainbat anaia, Pedro Melenas eta Joāo Felpudo, berbarako. Liburu hau hizkuntza askotara dago itzulita eta Struwwelpeter-en bersinoak mundu osoan dagoz, besteak beste, Stepka-Rastrepka (errusieraz), Pelle Snusk (suedieraz), Struvelpetro (esperantoz), Petrulus hirrutus (latinez), Jehoshua harapua (hebraereraz), Piet Boskasie (afrikaanseraz), Bōbō Atama (japonieraz).
Alemanian Struwwelpeter lehenengoz argitaratu zanetik hona liburuaren milaka edizino argitaratu dirala dinoe Wikipedian eta gaur egun, inork ez dakiala zenbat liburu edo zenbat edizino atara diran guztira, ezta zenbat hizkuntzatara itzuli dan.
Alemanian eta Ingalaterran sano ezaguna danez, bere inguruan parodia asko sortu dira: adibidez Bismarck, Kaiser Wilhelm II edo Hitlerren parodiak. Oraintsuago, gizarte-mobimentuak be parodiau dira, Punkpeter eta Hippie-Struwwelpeter honen adibide. Struwwellise emakumeen mobimentuaren ikur bihurtu da eta Anti-Struwwelpeter autoritarismoaren kontrako mobimentuarena.
Liburu honek Frankfurten bere museoa dauka. Heinrich Hoffmannen jaioterri eta bizilekuan: www.struwwelpeter-museum.de
Hoffmannek helburu pedagogikoagaz egin ebala liburua azaltzen dau Jürgen Langek. 'Istorio bakotxak jarrera kaltegarri baten ondorioak erakusten ditu, batzuetan barregarriak, beste batzuetan mingarriak, baina beti umeak ulertzeko modukoak'.
Lehenengo istorioak emoten deutso izena liburuari. Bertan, Peruk ez ditu ulea eta atzazalak moztu gura eta itxura nazkagarria dauka. Bigarren istorioan, Hoffmannek Pernando gaiztoaren ipuinaren bidez, tratu txarrak ditu berbagai. Pantxike eta poxpoloak izenekoan, ostera, ume txikia bakarrik dago etxean eta pospoloakaz sua piztu eta erre egiten da. Xenofobia be ekarten dau egileak liburura Mutil baltzak izeneko istorioan. Armen erabilerearen aurka, Ehiztari basatia eta erbia dogu.
Liburu hau Alemaniako ia etxe guztietan ei dago eta Lurtxu, atzamarra ahoan ipuinaren lehengo berbak buruz dakiezala Alemaniako ume guztiak dino Jürgen Langek.
Ondo jagondako argitalpena dogu euskerazko hau. Marrazkiak XIX. mendekoak dira eta itzultzaileak musoekoen baimena lortu eban edizino honetan erabili ahal izateko.
'Peru Tximaluzeren irudia, seguru ako Frantzian, 1840 inguruan sortu eban Garvanik, Un enfant terrible izeneko karikaturan inspirauta. Karikatura honetan ulea hazteko produktu bategaz jolasean agertzen jaku umea' azaldu dau Jürgen Lange itzultzaile eta adituak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!