Arrasate Euskaldundu Dezagun alkarteak irabazi dau Ukan 2008 saria

Bizkaie! 2008-12-04 11:03   Euskerea berbagai

Euskerearen Nazinoarteko Egunaren harian, bart Gasteizen egindako ekitaldian, Arrasate Euskaldundu Dezagun alkarteak jaso dau Ukan 2008 saria. Era berean, hiru aitamen berezi jaso ditue Eroski, Ikea eta Microsoft enpresek.

Euskerearen Nazinoarteko Egunaren harian, bart Gasteizen egindako ekitaldian, Arrasate Euskaldundu Dezagun alkarteak jaso dau Ukan 2008 saria. Era berean, hiru aitamen berezi jaso ditue Eroski, Ikea eta Microsoft enpresek. 150 lagunetik gora bertan ziralarik, lehenengo aldiz Lehendakaritzan egindako ekitaldiaren nondik-norakoak aldatu egin dira -musika emonaldiak eta jai giroko edukiak bertan behera geratu dira- Azpeitiako atentatuan Ignacio Uria Mendizabal hil ostean. Atentatua gogor gaitzetsi dau Miren Azkarate Kultura sailburu eta Eusko Jaurlaritzaren bozeroaileak, minutu bateko isilunea egin dalarik.

Hona hemen 2008ko Ukan Saria aurten 25. urteurrena beteten dauen Arrasate Euskaldundu Dezagun alkarteari emotea justifiketan daben merezimenduak: euskera alkarteen mobimentuaren aitzindari izateagaitik eta, era berean, barritzaile eta bide-erakusle izateagaitik, eta euskereak, euskerearen munduak eta euskalgintzeak desiragarri ez eze nahitaezkoa daben zabaltasunaren aldeko jarrerea hasiera beretik erakutsi izanagaitik.

Hona, bestalde, hiru aitamen bereziak dirala eta, epaimahaiak azpimarratutako merezimenduak:

- Eroski kooperatiba alkarteari, 'Consumer Eroski' kontsumitzaileentzako aldizkariaren euskerazko bertsinoa berariaz egin eta zabaldu izanagaitik.

- Ikeari, hain zabalpen eta onarpen zabala dauen urteko katalogoaren euskerazko bertsinoa lehen aldiz egin eta zabaldu izanagatik.

- Microsofti, Windows Vista sistema eragilea eta Office 2007 ofimatikako paketea euskeraz plazaratu izanagaitik.


Mikel Laboaren 'bizitza osoko' konpromisoa

Miren Azkarate Kultura sailburuak gogorarazo dau Ukan Sariek asmo bakarra dabela: euskerearen sustapenaren zabalkundearen eta normalizazinoaren alde aparteko lana egin daben edo/eta egiten ari diran persona fisiko edo juridikoei jentaurreko autorpena egitea eta, aldi berean, gizarteko ganerakoak lan horretan parte hartzera bultzatzeko bide izan daitezan merezimenduzko jardun horreek agirian jartea.

Jarraian, aparteko konpromisoa izan dauen persona bati gorespen hitzak eskaini deutsoz sailburuak. 'Astelehenean itzali zen bere bizitzak bizitza osoko konpromiso bat izan zuen. Gaur ez du saririk jasoko, baina bai euskaldun eta euskaltzale guztion aitormena, bihotzezko aitormena. Xalbadorren Herria eta hizkuntza abestu zuen Laboak: 'hori dugu berexik guk Euskal-herrian'…'Herria da gorputza, hizkuntza bihotza'. Mikel Laboa gogoan, hitz hauek izan daitezela Euskararen Nazioarteko Egun honen ikur'.


Eleaniztasunak barrikuntzea dakar

Miren Azkarate sailburuak Juan Jose Ibarretxe Lehendakariak preparauta eukazan berbak irakurri ditu, ezin izan dauelako ekitaldian parte hartu Azpeitiko atentatua dala eta. Lehendakariaren izenean Azkaratek nabarmendu dau Euskerearen Nazinoarteko Egunaren ospakizuna testuinguru berezi batean gertatu dala. 'Batetik, Hizkuntzen Nazinoarteko Urtea da amaitzear dagoan 2008 hau. Bestetik, Euskadin barrikuntzeari eskaini deutsagun urtea izan da. Bi norabideko bektorea da ospakizunok lotzen dituana: eleaniztasunak barrikuntza dakartso gure gizarteari, eta barrikuntzeak, eleaniztasuna'.

Lehendakariaren ustez, eleaniztasunak eta barrikuntzeak osotzen daben identidade hori ezinbestean eguneratu behar da eta, jakina, lankidetzea be nahitaezkoa da. Eta hori jakiteak bultzatu dau, hain zuzen be, Euskerearen Aholku Batzordea mende hasi barri honek eskatzen dauen hizkuntza politikearen ildo nagusiak aztertu eta birformulatzera.

Azkaratek Ibarretxeren izenean adierazo dauenez, inor ito barik, nork bere erritmo eta ezaugarrien arabera, inoren borondatea bihurritu barik, baina erabagi garbi eta eragingarri baten ondorioz, herritar elebakarrak euskarara etorri behar dau, oinarrizko maila bateraino bada be, holan bakarrik bidera daitekeelako, praktikan, hizkuntzen arteko aukera bardintasuna.

Era berean, gogorarazo dau: euskereari sostengu emon, emoten eta emongo deutson gizarte honetan hizkuntz errealidade ugari dagoala, eta danak dirala errespetagarriak. 'Hizkuntzen arteko bizikidetzea, azken batean, hiztunen arteko bizikidetzea baino ez da, eta bizikidetzeak, beti, hurkoarenganako hurreraketea eskatzen dau, nahitaez. Ibarretxeren eretxiz, herri honek ondo daki, garairik gatxenetan be, arrakastearen giltza zein dan: orain ez hainbeste urte pentsauezina zan egoera baikor honetara ekarri baldin badogu euskerea, mehatxuetatik aukerak sortzen eta ahultasunak indar bilakatzen asmau dogulako izan da. 'Euskerearen bizibarritzeari dagokionean be, ezina ekinez egina da, beraz, gure ikurra', amaitu dau Azkaratek.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu