Bilboko Udalak Euskaltzaindia bere 90. urteurrenean omenduz ospatu dau Euskerearen Nazinoarteko Eguna
2008-12-03 16:47 Euskerea berbagaiUdalak goraipatu gura izan dau Euskaltzaindiak '90 urtez Bilbogaz izan dituan hartu-emon oparoak eta estuak, euskerearen bilakaeran garrantzia berezia hartu dauelako gure uriak Euskaltzaindiari esker'.
Bilboko Udalak Euskerearen Nazinoarteko Eguna ospatu dau gaur Euskaltzaindiari omenaldia eginez bere sorrerearen 90. urteurrenean. Holan, Udalak goraipatu gura izan dau Euskaltzaindiak '90 urtez Bilbogaz izan dituan hartu-emon oparoak eta estuak, euskerearen bilakaeran garrantzia berezia hartu dauelako gure uriak Euskaltzaindiari esker'. Horregaz batera, erakundeak euskerearen normalizazino eta garapenean izan dauen partaidetza baliotsua azpimarratu nahi izan dau Udal bilbotarrak.
Ekitaldian Akademiako euskaltzain bilbotarrak omendu ditue, bai eta erakundeari lotutako beste persona batzuk be, euren lan baliotsuak berebiziko garrantzia izan dauelako euskerea sustatzeko eta normalizetako. Guztiek, Iñaki Azkuna alkatearen eta Ana de Castro Euskara Saileko zinegotziaren eskutik, Bilboko Hiri Gutunaren euskerazko bertsinoa jaso dabe.
Euskaltzaindiaren lehenengo biltzarra 1919ko urriaren 7an egin zan, eta egoitza nagusia Bilbon izatea erabagi zan bertan. Gaur egun arte mantendu dan erabagia da, eta horren lekuko dira Erribera (1919-1977), Arbieto (1977-1988), Elkano (1988-1991) eta Plaza Barriko (egungoa) egoitzak.
Bestalde, erakundearen zimentu eta oinarriak hartzeaz gan, Bilbok hizkuntzalari garrantzitsuak emon deutsoz Euskaltzaindiari (Julio Urquijo, Gabriel Aresti, Alfonso Irigoyen eta gaur egun euskaltzainburua dan Andres Urrutia) eta urian presentzia nabarmena izan daben euskal hizkuntzalaritzearen eragile esanguratsuak: Azkue, Altube, Orixe, Kirikiño, Berriatua edo Eguzkitza.
'Hartu-emon aberatsak izan dira eta da Bilbo eta Euskaltzaindiaren artekoa, euskerea eta euskal hizkuntzalaritzea eta kulturearen sustapena eta estandarizazinoa bilatzera bideratutako bi instituzinoek alkarregaz garatu daben kolaborazino eta akordioakaz indartutakoa', adierazo dabe.
Lotura hau indartzeko, Bilboko Udalak, gaur, Euskerearen Nazinoarteko Egunean, euskaldun guztion ondarea dan erakundeari eta hau lortu daben bilbotar eta uriagaz hartu-emon estuak izan dituen personei omenaldia egin gura izan deutse.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!