Kirmen Uribe: ‘fikzinoagazko kritika inplizitu bat dago nire nobelan’
2008-12-01 13:16 BarriketanLuze itxaron dogu, baina azkenean heldu da. Kirmen Uriberen (Ondarroa, 1970) lehenengo nobelea kalean dago, Bilbao-New York-Bilbao (Elkar) izenburuagaz. Eleberri ezohikoa, originala, fikzino gitxi eta benetakotasun asko daukana. Erronka bat izan da poeta bizkaitarrarentzat, hasieratik argi euki ebalako zeozer barritzailea egin gura ebala. Bitartean heldu eskutik poema bildumeak lortutako arrakasta handiaren ostean, Uribek baekian ikusmina biztuta egoala. Presino hori sentidu dauela autortu deutso Bizkaie!-ri emondako alkarrizketa honetan, eta presino hori kendu arte ezin izan eutsola ekin nobelea idazteari. Libre sentidu zanean, hegaldi batean jazoten dan nobela hau sortu eban. Auto-fikzinoan mobiduten da Bilbao-New York-Bilbao, autobiografiatik hur, baina beste plano batean. Izan be, eleberri tradizionalari eta horrek daukan benetakotasun falteari kritika bat dauka barruratuta Kirmenen nobeleak.
1.- Ikusmin handia biztu dau zure lehenengo eleberriak, eta prozesu luzea izan dala iruditu jaku. Holan izan da?
Prozesu luzea izan da, baina tartean gauza asko egin dodaz. Egia esan, 2002an hasi nintzan nobelea pentsetan. Nobelan kontetan dan legez, hasieran lehenengo lerroa idatzi neban, baina gero aldatu egin neban. Tartean, haur literatur kontu bat egin dot, asko bidaiatu dot, jente asko ezagutu dot. Ni gehien arduratzen ninduana zan nobeleagaz zeozelako ekarpena egitea. Eta horretan egon naz, gehienbat: nobelearen ikuspuntua lantzen, arkitekturea lantzen..., nire burua trebatzen, zeozelan. Eta gero, idazketea urtebetean egin dot.
2.- Ikusmin horren pressing-a nabaritu dozu idazterakoan?
Bai, presinoa sentidu dot eta, ganera, esango deutsut gauza bat: presinoa ganetik kendu arte, ez dot azken bertsinoa idatzi. Ezin neban.
3.- Eta zelan lortu zenduan ganetik kentzea?
Ba, momentu batean joan egin zan (Barreak). Beharbada zerikusia eukiko dau neure egoera personalagaz..., ez dakit. Baina momentu batean konfiantzeagaz aurkitu nintzan eta presinoa joan egin zan. Orduan ekin neutsan idazteari batutako material guztiagaz. Zenbat eta aurrerago joan, orduan eta bildur gitxiago sentiduten neban. Asko disfrutau dot azken etapa horretan. Baina, desagertu baizen arin, orain agertu dira barriro bildurrak. Badakizu: gustauko ete da?
4.- Irakurten hasten zara eta lehenengo inpresinoa da hau ez dala fikzinoa. Zer da?
Fikzinoari berari kritika bat dago liburu honetan. Kritika inplizitu bat. Badago kexka bat arte guztietan, ez literaturan bakarrik, baita zine eta arte plastikoetan be, benetakotasun falta bat ete dagoan, hain zuzen. Zeozelan, zalantzan jarri da nobelak idazteko modu konbentzionala. Steinerrek (George) esaten eban orain dala gitxi alkarrizketa batean asko aldatuko leukezala nobelak XXI. mende honetan, gauzak modu subjektiboagoan kontauko leukezalako, ez ziralako izango horrenbeste kontetan daben nobelak, fragmentarioagoak izango litzatekezala... eta nik bat egiten dot korronte edo jokera horregaz. Bilbao- NewYork -Bilbao-n emoten dau ez dagoala fikzinorik, baina, era berean, fikzinoa da dana.
5.- Baina beste idazle batzuek hori egiten dabenean, ezizen bat erabilten dabe edo alter-ego baten atzean ezkutatzen dira. Nobela honen protagonistea Kirmen Uribe da, lehenengo personan idazten dauena.
Bai, egia da idazlea beti geratzen dala hor ezkutuan. Baina nobela honetarako, hurreko kokapena eta nire mundua zelakoa dan kontau gura nebanez, nire gurasoen mundua, nire aitita-amamaren mundua, ezin neban ezkutau, burua gorde. Ezin neban beste izen bat asmau. Artifizialegi geratuko litzatekealako. Orduan salto egin eta ausardiaz jokatu dot. Gatxa da irakurlearentzat liburu batean sartzen ez badago fikzinorik. Baina uste dot lortzen dodala, irakurlea sartzen dala eta hitzarmena onartu egiten dauela segiduan.
6.- Lehenengo lerrotik, zure Mundua topetan dogu: familia, itsasoa, herriko istorioak... zure poesian eta zutabeetan agertzen diran elementu berberak. Zergaitik eutsi deutsezu elementu horreei guztiei zure nobelan?
Urte honeetan guztietan joan naz estilo bat definiduten. Eta ez neban gura orain horri uko egiterik nobelea idazteko. Zeozelako jarraipen bat da. Nire testuak erraz atzemoteko modukoak dira. Urte asko kostau jat hori lortzea. Hau da nire idazteko erea.
7.- Idazteko moduaren harian, liburuan kontetan dozu zelan zure aitak hasieran esan eutsun zure testuak ulergatxak zirala. Hori guztiz aldatu da. Zuzena eta hurrekoa egiten da orain zure idazkera, irakurterraza.
Bai, egia esan, urteak emon dodaz hori lantzen. Idazkera soil bat, transparentea lortzea gatxa da. Idazketa erraz eta zuzena, baina era berean literarioa, hori lortu nahi neban. Azken finean, literaturea disfrutetako da eta askotan hori ahaztu egiten jaku. Nik oso kontuan euki dot hori idazterakoan.
8.- Behin irakurri neutsun liburu batek sorpresa bat izan behar dauela ezkutuan. Honek badauka sorpresarik?
Baditu batzuk, bai. Ganera uste dot gero ondo ixten diran sorpresak dirala.
9.- New York uria izenburuan agertzen danez, espero genduan New York gehiago agertzea nobelan, baina ez da holan.
Ez, baina atzean dago. Nobelearen arkitekturan eta idazteko era soil horretan New York dago, ze hori nik idazle amerikarrakandik ikasi dot. Nobelearen espiritua be oso newyorktarra da, nahiz eta hemengo gauzak kontau.
10.- Istorio asko zeharkatzen dira eleberri honetan, eta pertsonaia ezagun batzuk be, berbarako, Aurelio Arteta margolaria edo Bastida arkitektoa.
Benetako jentea sartu gura neban liburuan eta fikzinozko pertsonaiakaz nahastau, edo biak batera jarri. Artetak sinbolizetan dau garai argitsu bat, garai baikor bat, non ideologia desbardineko artistak batzen ziran eta proiektuak egiten zituen danok batera. Ikuspegi liberal hori apurtu egin zan bapatean. Beste alde batetik, oso pinturazalea naz eta gura neban pintura agertzea liburu honetan. Baina uste dot plano intelektuala nahiko orekatuta dagoala nobela honetan. Berba egiten dot zinegilez, pintoreez, pentsalariez, baina ez neban gura irakurlea ni baino maila txikiagoan itxi, neurri barik estutu. Pertsonaia horreek integrauta dagoz kontakizunean.
11.- Zure gustoko idazle batzuk aitatzen dozuz, berbarako, Silvia Plath edo Carson McCullersen. Ze asmogaz?
Alde batetik, omenaldi bat da, nire idazle kuttunak diralako. Eta lagundu egiten deustie, babestuago sentiduten naz eurak hemen baldin badagoz. Bestalde, link bezelakoak dira irakurlearentzat. Edo hori gura neuke nik; irakurlearengan jakinmina biztutea eta idazle horreekana jotea.
12.- Grafiak be sartzen dozuz liburuan. Jolasteko era bat?
Jolas bat da, bai. Asko gustetan jat plano diferenteak sartzea. Bizitza azkenean ñabardurea da. Mosaiko izaera hori oso gustokoa dot.
13.- Noizko gaztelaniazko bertsinoa? Zuk zeuk itzuliko dozu?
Bai. Sortzeko hizkuntzea euskerea dot, baina argi dago gero gaztelania be nire eguneroko beste hizkuntza bat dala. Ganera, liburu gehienak gaztelaniaz irakurri dodaz. Niretzako itzulpena erronka bat izango da eta gustora sartuko naz, nahiz eta gatxa izan. Datorren urterako argitaratuko da.
14.- Eta, orain, poesiara bueltauko zara?
Poesia ez dot sekula itxi eta egunen batean atara beharko dodaz poema horreek. Niri poesiak bizitzea aldatu deust, onerako. Ez dot sekula itxiko.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!