Euskerearen Egunak interaktibotasuna topau gura dau
2008-11-28 14:36 Euskerea berbagaiAurten, euskerearen aldeko ekitaldi nagusia egungo joerei egokituko jake eta teknologia barriak, musikea eta gazteak izango dira jaialdiko protagonista nagusiak Une, Gose eta Betagarri musika-taldeen kontzertuetan: ikus-entzuleek, SMS mezuen bidez, ekitaldiaren norabidea moldatu ahal izango dabe. Jai hori abenduaren 5ean izango da eta, 3an, ekitaldi ofizialak egingo dira.
Orain dala ia 60 urte, euskal erbesteratuek euskerearen aldeko jaia antolatu eben Xabierreko Frantzizko Egunagaz, abenduaren 3agaz, bat eginaz. Ordutik, urtero-urtero, gure hizkuntzearen aldeko ekitaldi bereziak egin izan dira egun horretan. Aurten, Bizkaiko Foru Aldundiak, Bilboko Udalak, Euskaltelek eta Irontec enpreseak bat egin dabe euskerearen aldeko kontzertu berezi bat antolatzeko. Josune Ariztondo, Bizkaiko Kultura Foru Diputadua; Ana de Castro Bilboko Udaleko Euskera Zinegotzia; Paco Allende, Euskalteleko Idazkari Nagusia; eta Iker Sagasti, Irontec enpresako zuzendaria izan dira ekimenaren aurkezpen-prentsaurrekoan.
Aurten, euskerearen aldeko ekitaldi nagusia egungo joerei egokituko jake eta teknologia barriak, musikea eta gazteak izango dira jaialdiko protagonista nagusiak Une, Gose eta Betagarri musika-taldeen kontzertuetan. Jai hori, abenduaren 3an izan beharrean, 5ean izango da, barikuz, 20:00etan, Bilboko Plaza Barrian. Abenduaren 3an, bestelako ekitaldiak egingo dira.
Egun ofizialean, Foru Jauregian, Bizkaiko Foru Aldundiak Lauaxeta Saria emongo dau, 11:30ean. Aurten, Bizkaia Irratiak eukiko dau sari hori jasoteko ohorea, 'bizkai euskerea Bizkaiane eta mundu osoan zabaltzeagaitik', Ariztondoren esanetan. Ostean, 13:00etan, Bilboko Udaletxeko Areto Arabiarrean, Euskaltzaindiak 90 urtez Bilbogaz izandako loturea eskertzeko omenalditxua izango da.
Kontzertu interaktiboa
Arestian aitatutako Une, Gose eta Betagarri taldeen kontzertuak noranzko bikoak izango dira, hau da, ikusle-entzuleen parte-hartzea bultzatuko da. Ikusleek aukerea izango dabe eretxia emoteko, parte hartzeko eta erabagiteko, baita kontzertuan bertan ez dagozan beste batzuei kantak bialtzeko be.
Ikus-entzuleek, SMS bidez, kontzertuen azken kantak zeintzuk izango diren erabagiteko ahalmena izango dabe. Horretarako, botu gehien jaso dituen kanten 'ranking' antzeko bat egongo da pantaila erraldoi batean. Bestalde, eskuko telefonoaren bidez kontzertuan ez dagoan lagun bati kantea bialtzeko aukerea be egongo da. Azkenik, kontzertu guztia www.bizkaia.net webgunean be ikusi ahal izango da.
'Ez da ohiko kontzertua izango, protagonista nagusia kontzertura etorriko dan jentea izango baita', azpimarratu dau Ariztondok. 'Euskerea esparru guztietan erabilteko aukerea emotea eta zabaltzea da helburua', ganeratu dau. Ana de Castrok be bide beretik jo dau, 'ezinbestekoa baita gazteak, teknologia barriak eta euskerea buztartzea'.
Arlo teknikoari jagokonean, euskarri teknologikoa Euskaltel enpreseak jarri dau eta ideiaren garapenaz Irontec enpresea arduratu da.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!