Aita Villasanteren obrea sistematizau eta digitalizauko dabe

Bizkaie! 2008-11-25 14:51

Jose Luis Bilbao Bizkaiko Ahaldun Nagusiak, Andres Urrutia Euskaltzaindiko lehendakariak eta Joxe Mari Arregi Arantzazuko Frantziskotarren probintzia-ministroak sinatu dabe Aita Villasanteren (1920-2000) obra sistematizau eta digitalizetako lankidetza hitzarmena.

Jose Luis Bilbao Bizkaiko Ahaldun Nagusiak, Andres Urrutia Euskaltzaindiko lehendakariak eta Joxe Mari Arregi Arantzazuko Frantziskotarren probintzia-ministroak lankidetza hitzarmena sinatu dabe gaur Aita Villasanteren (1920-2000) obra sistematizau eta digitalizetako.

Hitzarmena lau urtekoa izango da (2008-2011). Bertan ezartzen dira hiru aldeek, Luis Villasante Kortabitarteren (Aita Villasante) funts literarioak, personalak eta artxiboak digitalizetako beharrezkoak diran lanen kudeaketea eta burutzapena antolatzeko dituen baldintzak. Lan hori Euskaltzaindiak egingo dau eta, amaitu ondoren, Bizkaiko Foru Liburutegira eroango da.

Aita Villasantek ondare aberatsa itxi eban, eta erreferentea da euskerearen ikerketarako eta batasunerako. Horrela, bere lan oparoa 40 liburutan batuta dago, ia 1.000 lankidetza egin zituan aldizkarietan, eta bere artxibo personala 20 edukiontzitan batuta dago.

Ekitaldian, Bizkaiko Ahaldun Nagusiak Aita Villasante entzute handiko bizkaitar legez gogoratu dau: 'gerraosteak eragindako belaunaldikoa zan, literatura- eta bilketa-sorkuntza izugarria egin zituan, eta bizitza osoa emon eban euskerearen alde lanean'.


Biografia

Luis Villasante (Gernika, Bizkaia, 1920ko martiak 22 - Oñati, Gipuzkoa, 2000ko abenduak 2) frantziskotarra eta euskaltzaina izan zan. 1937an jaioterriak jasandako bonbardaketen lekuko izan zan. 1945ean apaiztu zan frantziskotar legez. Axularren 'Gero' liburu ezaguna ikertu, gazteleratu eta 1976an edizio kritikoa argitaratu eban.

1950ean euskaltzain oso egin eben eta erakundearen bosgarren presidentea izan zan 1970etik 1988 arte, Jean Haritxelharrek ordezkatu ebanera arte.

2000ko abenduaren 2an hil zen Arantzazuko Santutegian.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu