Euskaldunok, Europako batez bestekotik gora irakurketa eta kultura kontsumoan

Bizkaie! 2008-11-25 11:10

Kulturearen Euskal Behatokiak kultura kontsumoari buruzko lehenengo ikerketea egin dau, zazpi herrialdeak kontuan hartuz. Sexua, hizkuntz gaitasuna eta bizilekua erispidetzat hartuta egin deutse galdeketea hamabost urtetik gorako 6.785 laguni.

Kulturearen Euskal Behatokiak kultura kontsumoari buruzko lehenengo ikerketea egin dau, zazpi herrialdeak kontuan hartuz. Sexua, hizkuntz gaitasuna eta bizilekua erispidetzat hartuta egin dabe galdeketa. 2007-2008ko Euskal Herriko kultura-ohiturei, -praktikak eta –kontsumoari buruzko inkestak herritarren ohitura kulturalak, portaera sozialak eta Euskal Herriko kultura-eremua osotzen daben zeharkako elementuak ezagutzea eta aztertzea dau helburu, euskal kulturearen kontsumoari jagokozanak batez be.

Ikerketa honek, bost urtean behin egingo dan estadistika-sailari hasierea emoten deutso, herritarren ohitura kulturalen bilakaerea ezagutzeko erreferente moduan erabili ahal izango dana.

Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburu Miren Azkaratek 2007-2008ko Kultura Ohiturei, Jardunbideei eta Kontsumoari buruzko inkestaren emoitzak aurkeztu ditu Bilboko Euskalduna jauregian. Behatokiak hamabost urtetik gorako 6.785 laguni egin deutse inkesta. Eusko Ikaskuntzaren eta Euskal Kultur Erakundearen laguntzinoagaz egindako azterketan zentzuzko datuak jaso dirala ziurtatu dau Azkaratek. EKEko kide Pantxoa Etxegoinek ekimen bateratua egin izana goraipatu du: 'Herrialdeen artean norabideak eta kultura politikak finkatzen lagunduko dau'.

Kontuak kontu, musikea nagusitu da jarduera kulturalen artean, eta edade guztietako lagunak hartzen ditu, izan be, hamar biztanletik zazpik gehien kontsumiduten dabena da. Hamabost eta 24 urte bitartekoen artean, barriz, % 85ek entzuten dabe musikea egunero. Horrek zuzeneko emonaldietako publikoaren igoerea ekarri dau, batez be rock kontzertuetan.

Irakurketeari jagokonez, Euskal Herrian Europako estaduetan baino aisialdirako liburu gehiago irakurten diran arren, Europak liburutegietara doazenen portzentaje handiagoa dauka. Halan da be, euskal herritarrek alde nabarmena atara deutse komunikabideen inguruan daben interesari dagokionean. Eguneroko prentsaren irakurketan, Euskal Herriko batez bestekoa Europakoa baino 11,1 puntu handiagoa da.

Halan da be, komunikabide guztien erabilerea ez da bardina. Euskal Herrian Espainian baino telebista gitxiago ikusten da. Egunero 2,4 ordu emoten doguz batez beste telebistan. 'Hamar ikusle elebidunetik zazpik baino gehiagok euskeraz ikusten dabe momenturen batean', azaldu dau Azkaratek. Biztanleen laurenek, barriz, irratia nahiago dabe; lanegunetan entzuteko ohitura daukie, 2,5 orduz batez beste.

Zinemak, ostera, biztanleriaren % 40 erakarri dau. Herri handietan zinemara jaoteko ohitura handiagoa dago eta hori argi ikusten da Araban. 'Arabarrek ganerako herrialdeetakoek baino denpora gehiago emoten dabe museoetan, zineman eta antzerkian, herrialde horretako biztanleriaren gehiengoa Gasteiz inguruan pilatu dalako'.

Arte eszenikoetan Euskal Herrian azken urtebetean ikuskizunetara joan diranen ehunekoa (% 21,9) Europakoa baino apur bat txikiagoa da (% 32). Antzerkia ikusteko ohitura handiagoa atzemon da Iparraldeko eta Nafarroako biztanleen artean. 'Azken urtean antzerkia ikustera joan diran biztanle elebidunen % 88,8k euskerazko antzerkia ikusi dabe.

Bestetik, galdeketak agirian itxi dau bertsozaleen leialtasuna: 'Saioetara joateko jokerea dabenak, batez beste 2,3 aldiz joan dira azken hiruhilekoan'. Biztanle elebidunen % 18,1 zuzeneko bertso saio batean izan dira azken urtean, eta % 8,7 azken hiruhilekoan. Bertsolaritzeak Gipuzkoan eta herri txikietan dauka jarraitzaile gehien, eta gizonezko gazteak dira interes handiena erakusten dabenak.

Teknologia barriek be kulturea helarazoteko moduan eragin dabe. Euskal Herriko biztanleen % 41,4k Internet erabilten dabe. Edozelan be, gazteak dira Sarerako zaletasun handiena erakusten dabenak. Elebidunen artean, erdiek euskerazko edukiak kontsumiduten ditue. Sareak informazinoa eta musikea eskuratzeko, blogak irakurteko edota foroetan parte hartzeko aukerea zabaldu dau euskaldunon artean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu