XIII. Jagon jardunaldiak: euskara, kontsumoa eta hizkuntza eskubideak. Ondorioak

Bizkaie! 2008-11-24 15:00   Euskerea berbagai

Euskaltzaindiari jagoko, besteak beste, hizkuntzea lantzea eta arautzea, euskerea are noranahikoagoa bilakatu eta haren erabilerea indartzen joan daiten. Inguruabar horretan, kontsumo arloan hizkuntza baten erabilera kuantitatiboa eta kualitatiboa da haren bizi-indarraren adierazle erabagigarrienetako bat.

Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen hizkuntza eskubideak errespetetea gizartean bizikidetza eta kohesinoa areagotzeko ekarpen bat da. Gizarte bizitzan euskerea indarbarritzeko ahaleginean egindako pauso barri bat da.

Euskaltzaindiari jagoko, besteak beste, hizkuntzea lantzea eta arautzea, euskerea are noranahikoagoa bilakatu eta haren erabilerea indartzen joan daiten. Inguruabar horretan, kontsumo arloan hizkuntza baten erabilera kuantitatiboa eta kualitatiboa da haren bizi-indarraren adierazle erabagigarrienetako bat. Kontuak kontu, euskerea, kontsumoa eta hizkuntza eskubideak aztergai izan ditu Euskaltzaindiak XIII. Jagon Jardunaldietan.

Badira, euskerearen lurralde lur eremu zabalean, eskaria eta eskaintza kontuan berez arautzen dan merkatu libreaz dihardutenak, baita hizkuntza kontuetan be. Halanda be, hizkuntzen auzia dialektika horren legeetara eroan nahi izateak merkatuan indartsu danaren legea apliketea, liberalismo linguistikoa jaun eta jabe egitea, hain zuzen, hizkuntza indartsuenak gailentzeko dinamikea areagotzea eta hizkuntza ahulak are bazterrerago ixtea dakar ezinbestean, ondorioz, herritarren hizkuntza-aukerak murriztuz eta hizkuntza-eskubideak hankapean hartuz eta euskerea lako hizkuntzak indarbarritzeko ateak zarratuz.

Euskerea aktiboki bultzatzea inork ez leuke gaztelaniari edo frantsesari bizkarra erakusten deutson jokabidetzat hartu behar. Ahulenaren aldeko politikak, bardinkideak diran personen hizkuntza-eskubideak errespeta daitezan urratsak egitea, barriz, herritarren aukera bardintasuna areagotzea dakar, gizarte demokratikoen oinarria dan herritarren askatasunean sakonduz. Dana dala, hizkuntza aukera bardintasuna ezin da egun batetik bestera lortu.

Erabilerea da hizkuntza baten bizi-indarraren termometrorik behinena. Euskereak aurrerapen handia egin dau irakaskuntzan, administrazino publikoan, hedabideetan eta kulturgintzan. Euskerea indartsu da bizitza sozio-ekonomikoan sartzen dan neurrian, lan munduan, saltegietan, zerbitzu zentroetan, eta abar, hau da, produkzino eta kontsumo guneetan. Esan daiteke kontsumoa hizkuntza politikearen bide-gurutzean dala: eguneroko erabilerearen alorra baita, bizitza osoa hartzen dauen eremua.

Kontsumoak produkzinoa baldintzatzen dau, adibidez publizidadea. Kontsumoak baldintzatzen dau neurri handi batean hizkuntza-paisaia. Hor doguz begien aurrean enpresen izenak, produktuen etiketak, zerbitzuei buruzko argibideak eta kontsumoa bideratzen dauen publizidadea. Euskereari emoten jakon tokiaren araberako euskaltasuna dogu, beraz, kontsumoa dala bitarte, agirian. Horregaitik, eremu honetan egin diran ahaleginak ez dira gaurkoak, izan be, XIX. eta XX. mendeetan, bezeroak eta erabiltzaileak erakarteko eta euren kapritxo eta desioak asebeteteko ez eze euskerea indarbarritzeko be ahalegin ugari egin baitira. Horreek be aztergai izan dira XIII. Jagon Jardunaldietan, eremu administratibo bakotxean izan dan bilakaerea aztertuz eta egungo errealidadeari buruzko iruzkinak eginez. Era berean, Catalunyako oinarrizko habe juridikoen eta egindako ibilbidearen barri zehatza emon da.

Era berean, Eusko Jaurlaritzeak 2008ko garagarrilean onartutako 123/2008 Dekretua, kontsumitzaileen eta erabiltzaileen hizkuntza-eskubideei buruzkoa aztergai izan da. Dekretuaren nondik norakoak azaltzeaz gan, izan dituan aldeko eta kontrako eretxiak be aitatu dira, besteak beste, zenbait jardun-eremutan dauen eragina berariaz aztertuz. 'Edozelan be, kontsumitzaileen eta erabiltzaileen hizkuntza eskubideak errespeta daitezan garrantzi handiko pausoa emon dala ezin uka daiteke, gure ustez, gizarte baldintzek, herritarren atxikimenduak bereziki, aukera barriak ahalbidetu ahala, bestelako pausoetarako eskaintzen dituan pausoa, duda barik'.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu