Alex Sardui: 'kanta sinpleak eta politak egitea ez da erraza'
2008-11-24 13:43 BarriketanTristurak eta poztasunak, jaiotzak eta heriotzak, joandako maitasunak eta etorritako barriak edo etorteko dagozanei doinuak jarri eta hamar kantaz osotutako hirugarren diskoa argitaratu dabe Gatibu gernikarrek. Mikel Caballerok (baxua), Gaizka Salazarrek (batería), Haimar Arejitak (gitarra) eta Alex Sarduik (ahotsa) gogotsu ekin deutse lanari eta soinu berezia eta berezkoa lortzeko erronkari. 'Zoramena' eta 'Disko infernu' lanak ahaztu barik, Arejitaren esanetan 'Laino guztien gainetik eta sasi guztien azpitik' diskoa (Baga-biga) 'aurreko lanen sintesia da'. Bestelako argibideak Alex Sarduik emon deuskuz.
1.- 'Laino guztien gainetik eta sasi guztien azpitik'. Esaera zaharra hankaz gora jarri dozue. Zergaitik?
'Laino guztien azpitik, sasi guztien gainetik' jatorrizko esaera zaharra aldatu egin dogu, bai, egungo egoerea zein dan ikusita eta bizimodua zelan dagoan ikusita, danok hankaz gora gabiz eta. Gu, musikariok, gehiago, ganera. Ezin gara erdiko bidetik joan, ez dogu balio horretarako, eta sasien azpitik edo lainoen ganetik joan behar gara. Sasien azpitik gehiago, esango neuke nik, eta, aurrerantzean, jente gehiagok ikusiko dau bere burua egoera horretan. Kanten letrek be egoera gogorren ganean egiten dabe berba.
Esaera horrek utopia bat be erakusten dau baina ez dogu urrunegi joan gura kontu mistikoakaz. Izenburu hori gustau jakun eta hori jarri deutsagu, bestelako buelta lar emon barik.
2.- 'Bang-Bang txik txiki bang-bang' da lehenengo single-aren izena. Tituluak ezer gitxi argitzen deusku kantearen esentziaz. Zeren ganekoa da?
Urteten dogunean, ondo pasetan eta gustura gagozanean, gorputzak mobimentua eskatzen deusku eta hori transmitiduten dau kanta honek. Jantzarako gogoa biztu gura dau, gorputza berotzeko doinua baita. Gitxika-gitxika, giroan sartzen goaz, musikeari esker, eta kanteak eboluzino hori erakusten dau.
Omenaldi txikitxua egin gura izan deutsagu jantzan egiten dauen jenteari. 'Igon bolumena, jantzan egin behar dogu eta' esatea legez.
3.- Hortik dator, beraz, bideo-klipean jantzari bi, estilo oso desbardinetakoak, agertzea.
Bai, bai. Euskalduna eta kanpokoa agiri dira, kanta beragaz estilo desbardinetako jantzak egiten. Horregaz, mezu bat zabaldu gura dogu: euskaldunok be eboluzionau geinkela eta garri bueltea mobidu, garri buelteari eragitea ona da-eta koipeak kentzeko...
4.- Zein da bideo-kliparen helburua?
Diskoak euskarri bat behar dau eta kantearen ideia irudietan erakustea garrantzitsua da. Gure ideia Gurutz Begoñari emon geuntsan eta berak zuzendu dau bideo-klipa, berak proposatu eskuna gustau egin jakun eta. Jantzari euskaldun bat eta kanpotik etorritako beste bat agiri dira, bakotxa berea jantzan.
Bido-klipa Iparraldean eta Laga hondartzan grabauta dago. Iparraldean, Arrangoitzen grabauta dago, frontoian.
5.- Kanta horretan bertan, azkenean, emoten dau bakeruetako pelikulei keinu bat egin gura izan deutsazuela. Holan da?
Ez, ez dago horrelakorik. Bakotxak, entzuten dauen musika muetearen arabera, erreferentzi batzuk ditu. Kantea entzun eta hori iruditu ezkero, bakeruen pelikulak ikusi eta gustetan jatzuzalako izango da. Bakotxak bere sentsazinoak izaten ditu eta hori ona da, guk ideia hori izan ez arren.
6.- Lehenengo entzunaldian, emoten dau disko hau orain artekoak baino motelagoa dala.
Kantak sinpleak dira. Baina sinpletasunak beti dauka zailtasun bat eta lan asko atzean. Kanta sinpleak eta politak egitea ez da erraza. Lehenengotan, emoten dau musika-tresnak falta dirala edo beste euskarriren bat falta dala. Baina, abestiak entzun ahala konturatzen zara dagozan elementuak dirala beharrezkoak eta osterantzekoak produkzino-lanak izango litzatekez, doinu bereziak, sirenak... Guk oinarrizko doinuak hartu doguz eta, gero, produkzinoa geurea egin dogu, rockeroa. Disko-produkzinoa egin gura izan ezkero, sirenak, bozinak... sartuko geinkez, baina ez dogu hori gura.
7.- Ez dozue kolaborazinorik izan eta, orain arteko diskoetan, bai. Zergaitik?
Sinplizidade horren barruan, geure lana geuk egin gura izan dogu. Bertoko produktua da, berton egindakoa. Ahal danik eta emoitz zuzenena, hurrenekoena lortzen ahalegindu gara, naturalidadeagaz, garan modukoak erakusteko.
8.- Gitarren eta bateriaren soinuak bajau eta zure ahotsari garrantzi gehiago emon gura izan deutsazue?
Baleiteke sentsazino hori izatea baina ez dogu hori topau gura izan. Oinarrian, gitarrak dagoz; eta ahotsari betiko garrantzia emon deutsagu. Diskoa non entzuten danaren arabera, grabe batzuk gehiago edo gitxiago entzuten dira eta hori izan daiteke sensazinoa sortarazoten dauena. Gure helburua hamar abestietan orekea lortzea izan da.
9.- Ahotsa berenberegi landu dozu disko honetarako?
Ez. Diskoa preparetan gagozanean, estudiora ahotsak edo edozein musika-tresna landuta eroaten dira baina nik ez dot ezer berezirik egin ohikoaz gan. Estudioan, lokalean preparautakoari azken ikutuak emoten jakoz, fin-fin geratzeko. Horregaitik, estudiora ezin zara ideia zehatzakaz joan, bertan gauzak aldatu egiten diralako. Malgutasunez jokatzen jakin behar dozu, elastikoa izan behar zara eta, elastikotasun horri esker, momentuan momentuko aldaketak onartu eta ahotsa zein musika-tresnak moldatu.
10.- Ezer berezirik preparau dozue abenduaren 7rako, Durangoko Plateruena Kafe Antzokian eskainiko dozuen disko barriaren aurkezpen-kontzerturako?
Ez, baina, aldi berean, dana izango da berezia ze disko barriaren aurkezpen ofiziala bertan egingo dogu eta montajea barria izango da.
Ikusten gagozana da jentea etorri egingo dala eta jentea gogoagaz dagoala. Anbiente ona egongo da. Usaina hartzen deutsat. Kontzertua batak besteagaz disfrutetako izango da. Ez publikoak gugaz bakarrik, guk publikoagaz eta publikoan dagozanak alkarren artean be bai. Horretan, uste dot kontzertua nahiko intimoa izango dala.
11.- ETB1eko 'Bi errepidean' programeagaz jarraitzen dozu. Zelan buztartuko dozuz kontzertuak eta erreportari lana?
Holako egoeratan, taldekideon lan kontuak ulertzen doguz eta beharrean bardin, taldearen jarduerea ulertzen dabe. Orekea lortzen saiatuko naz eta saiatzen naz eta, gero, betikoa: loari orduak kentzen.
Gatibu zuzenean
- Zemendiak 29, Uharte Arakilen (Nafarroa), Geldirock'08 jaialdian, Betagarri, Reincidentes, Stupenda Jones eta Jota Hanka taldeakaz batera, gaueko 21:00etan.
- Abenduak 7, 'Laino Guztien Gainetik, Sasi Guztien Azpitik' diskoaren aurkezpen kontzertua, Durangoko Plateruena Kafe Antzokian, gaueko 22:30ean.
- Abenduak 13, Tolosako Bonberenean, gaueko 22:00etan.
-Abenduaren 20an, Elizondoko Lur aretoan.
- Abenduak 27, Bermeoko Kafe Antzokian, 22:00etan.
- 2009ko urtarrilaren 10ean, Bilboko Kafe Antzokian.
- 2009ko urtarrilaren 23an, Ondarroako Kafe Antzokian.
- 2009ko apirilaren 25ean, Bardosen (Lapurdi), Xarnegu Eguna'09 ekitaldian, gaueko 23:00etan.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!