Munduko leku askotako 250 jaiotzatik gora ikusgai Bilboko Eleiz Museoan
2008-11-20 13:59 KultureaBilboko Eleiz Museoak datorren zapatuan, zemendiak 22, abiarazoko dau 'Munduko Jaiotzak' erakusketearen laugarren ekitaldia. Erakusketea museoaren klaustroan dago eta urtarrilaren 11ra arte egongo da zabalik.
Bilboko Eleiz Museoak datorren zapatuan, zemendiak 22, abiarazoko dau 'Munduko Jaiotzak' erakusketearen laugarren ekitaldia. Erakusketea museoaren klaustroan dago eta urtarrilaren 11ra arte egongo da zabalik. Sarrerea dobakoa izango da. Munduko leku gehienetako 250 jaiotzatik gora izango dira ikusgai erakusketan, museoko arduradunek gaur jakinarazo dabenez.
Jaiotzen gaia aniztasun harrigarriaz azaltzen da erakusketan, eta horixe da, hain zuzen be, bisitariek ikusiko dabena; era askotakoak dira irudiak egiteko teknikak (zeramika tradizionala, artilea, kobrea, beira) eta personaien jazkerak, herrialde bakotxeko ohituren araberakoak.
Museoko arduradunen arabera, bereziki ikusgarriak dira euskal kultureagaz parekotasun handirik ez dauen Hegoaldeko Saharatik etorritako jaiotzak. Aurkezten dabenn jaiotzen kopuruari jagokonez, hegoamerikarrak nabarmentzen dira. Era berean, gehienbat musulmanak diran herrialdeetako, Ipar Afrikatik beste puntan dagoan Kirgizistanerainoko herrialdeetako jaiotza ugari be ikusgai dago.
Europari dagokionean, Ekialdeko herrialdeen presentzia da nabarmena: Txekia, Bulgaria, Polonia, Lituania, Estonia, Errusia eta abar. Gainera, hurragoko jaiotza batzuk be ikus daitekez.
Aurten bi barritasun garrantzitsu dagoz. Lehenengoa, Bizkaiko Jaiotzazaleen Alkarteko kideek egin daben neurri handiko (4 x 3,5 metro) jaiotza 'bizkaitarra'; hemen eraikinak Euskal Herriko baserriak dira eta personaiek baserritarren edota arrantzaleen jantziak daroez, eta pare bat neska 'arin-arina' jantzan agiri dira. Bigarren barritasuna, 160 jaiotzatik gora zintzilik dituan Eguberriko zuhaitza da. Herrialde askotatik datozen jaiotza txikiak dira.
Erakusketea osotzen daben jaiotza horreetako batzuk bilbotar bilduma pribatutik datoz, beste batzuk 'Pueblos Hermanos / Herri Anaiak' GKEaren funtsetatik eta Santxotena Parke Museoa bilduma partikularretik (Bozate, Arizkun, Nafarroa); honeei guztiei Bizkaiko Jaiotzazaleen Alkartekoek egindakoa gehitzen jake.
Kontuak kontu, Museoa zabalik dago martitzenetik zapatura, 10:00etatik 13:30etara eta 16:00etatik 19:00etara; domeka eta jaiegunetan 10:30etatik 13:30eta dago zabalik. Abenduaren 24an, 25ean eta 31n eta urtarrilaren 1ean eta 6an zarratuta egongo da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!