Iruña-Veleiako aurkikuntzak euskarri zientifiko barik gelditu dira
2008-11-20 11:53Ikuspegi arkeologiko, epigráfiko, filologiko eta hizkuntza arlokoek erakutsi dabenez, faltsuak dira aztarnategian topautako grafitoak eta, horrezaz ganera, Lurmen enpresa kudeatzailearen zenbait jarduera halamodukoak izan dirala ikusi da.
Iruña-Veleiako aztarnategian agertutako idazkunak faltsuak dirala adierazo barri dau Arabako Aldundiak osotutako batzorde zientifikoak. Ikuspegi arkeologiko, epigráfiko, filologiko eta hizkuntza arlokoek erakutsi dabenez, faltsuak dira aztarnategian topautako grafitoak eta, horrezaz ganera, Lurmen enpresa kudeatzailearen zenbait jarduera halamodukoak izan dirala ikusi da.
Eliseo Gilek zuzentzen dauen taldeak K.o. III eta V. mendeetan kokatu zituan Veleian 2005ean eta 2006an agertutako euskerazko eta latinezko aurkikuntzak. Edozelan be, milatik gora multzo epigrafiko aztertu ostean ondorioztatu dabe idazkunak orain gitxi idatzitakoak dirala, eta beraz, ostraka batzuetan topautako euskerazko berbak ez dirala hizkuntza horretan idatzitako lehenengoak.
Veleiako aurkikuntzen inguruko ondorioak Arabako Batzar Nagusietan jakinarazo zituan atzo ikertzaile taldeak, Lorena Lopez de Lacalle Kultura diputaduagaz batera. Batzordea urtarrilean martxan jarri zanetik, aditu bakotxak bere esparruan egindako ikerketearen barri emon eban. Hizkuntza arloan egindako azterketearen barri emon eben Joakin Gorrotxategi eta Joseba Lakarra EHUko katedradunek; historia arlokoa Juan Santos Yanguas historialariak, arkeologiakoa Julio Nuñez arkeologoak eta kimikearen ikuspuntutik egindako ikerketearen barri emon eban Juan Manuel Madariaga EHUko kimika katedradunak.
Kontuak kontu, Eliseo Gilen taldeari aztarnategia ustiatzeko 2012. urtera arte eukan baimena kendu deutso Diputazinoak eta ganera, Arabako Aldundiak berak hartuko dau Iruña-Veleiako aztarnategiaren kudeaketea. Era berean, delitu aztarnak ikusten badira, Fiskaltzaren esku itxiko da auzia, Lopez de Lacalle kultura diputaduak iragarri dauenez.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!