Euskal Plataforma Eszenikoa eta euskal editoreen bi alkarteak Mexikora Eusko Jaurlaritzearen eskutik
2008-11-17 17:47 Euskaldunak munduanEusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren eskutik, Euskal Plataforma Eszenikoak lau proposamen eskainiko ditu Mexiko Uriko Arte Eszenikoen III. Erakusketan, eta euskal editoreak (Euskal Editoreen Alkartea eta Euskadiko Editoreen Alkartea) stand bateratua konpartiduko dabe Guadalajarako (Mexiko) Nazinoarteko Liburu Azokan
Euskadiko arte eszenikoak eta liburugintzeak Méxikon dabe hitzordua datozen egunotan. Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren eskutik, Euskal Plataforma Eszenikoak lau proposamen eskainiko ditu Mexiko Uriko Arte Eszenikoen III. Erakusketan, eta euskal editoreak (Euskal Editoreen Alkartea eta Euskadiko Editoreen Alkartea) stand bateratua konpartiduko dabe Guadalajarako (Mexiko) Nazinoarteko Liburu Azokan, hau da, espainolez argitaraturiko liburu azokarik handiena munduan. Bi egitasmo honeek Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak euskal kultur eskaintza eta industrietarako merkatu barriak topetako abian jarritako politiketan txertatzen da.
Gaur, hilak 17, Donostian egindako prentsaurrekoan aurkeztu dira Mexiko helburu daben euskal produkzinoei merkatu barrien aukerea eskaintzeko pentsautako bi proposamen. Miren Azkarate, Kultura sailburua, Iñaki Gomez, Kultura Sustatzeko zuzendaria, Fernando Bernues (Tanttaka), Mireia Gabilondo (Tanttaka), Jon Maya (Kukai), Kepa Junkera musikaria, Jorge Gimenez, Euskal Editoreen Alkarteko presidentea, eta Javier Gogeaskoetxea, Euskadiko Editoreen Alkarteko presidentea izan dira bertan.
Alde batetik, igaz abian jarri zan eta Manizaleseko (Kolonbia) antzerki azokan estreinautako Euskal Plataforma Eszenikoak lau proposamen aurkeztuko ditu Euskal Herria konbidatu berezia izango dauen Mexikoko Arte Eszenikoen III. Erakusketan: Kukai-Logelaren 'Latidos' eta Kukai-Tanttakaren 'Hnuy Illa'; antzezlan bat: Tanttakaren 'El florido pénsil', eta Kepa Junkeraren azken ikuskizuna.
Zuzenean eskaintzen diran ikuskizunak osotzeko zenbait jarduera paralelo antolatu dira, euskal kulturearen ahalik eta ikuspegi zabalena emoten laguntzeko: maisu-klaseak, topaketarako foroak eta esperientziak eta egitasmoak konpartiduteko guneak. Azken hori Plataformearen helburu nagusietakoa da: Amerika osotik eta Euskaditik joandako programatzaileei, sustatzaileei eta sortzaileei euren ilusinoak eta kultur-proiektuak konpartiduteko aukerea emotea, alde guztientzat mesedegarri izango diran egitarauetan islatuko diran merkatua eta alkarlanerako sinergiak sortu ahal izateko.
Bestetik, Eusko Jaurlaritzearen eskutik euskal editoreek (Euskal Editoreen Alkarteak eta Euskadiko Editoreen Alkarteak) Amerikako liburu azoka nagusienetakoa dan eta gaztelaniaz argitaraturiko azoka nagusiena dan Guadalajarako Liburu Azokan izango dira. Zemendiaren 29tik abenduaren 7ra egingo dan Guadalajarako Nazinoarteko Liburu Azokeak hiru jardun-eremu nagusi ditu: editoriala, egitarau akademikoa eta kultur egitaraua. Argitalpen gunean 40 herrialdeetako 1.600 argitaletxe izango dira, eta 500 idazle, 380 liburu barri aurkeztuko diralarik. Edizino honetan, Italia izango da ohorezko gonbidatua.
Guadalajaran euskal editoreek 36 metro koadroko erakustokia konpartiduko dabe, honako argitaletxeen parte hartzeagaz: Alberdania, Ediciones Mensajero, Ediciones Saldaña, Editorial Desclee de Brouwer, Editorial Nerea, Editorial Sauré, Erein, Gakoa, Librifer, Ttarttalo, Deustuko Unibersidadea eta Euskal Herriko Unibersidadea.
Miren Azkarate, Kultura sailburuak kulturearen eragin ekonomikoa azpimarratu dau, 'kultureak bere barruan, beste ikuspegi batzuekaz batera, alde ekonomikoa dauka. Kultureak gero eta garrantzi handiagoa dauka herrialde garatuetako Barne-Produktu Gordinean (BPGd). Industria horreek Europar Batasuneko BPGren % 3tik % 5era bitartean sortzen dabe eta lanpostu barriak sortzen ditu. Kultura gainera larre motzera ohitua da, halabeharrez, eta hori gauzak okertzen diranean bentajea da. Sektorea zabaltzen ari da, zalantzarik barik, eta dagoeneko aberastasun-iturria da'.
'Ingurumari horretan, hain zuzen, sortzen da zuzeneko ikuskizuna merkatu-gai moduan, eta hortxe dira funtsezkoak azokak eta jaialdiak, antzerki-industriari aukerak eskainiz, zabalkundea eta salmentak sustatzen dituelako', adierazo dau sailburuak, gaineratuz testuinguru horretan, nabarmena dala erakunde publikoen zeregina merkatuaren babesle eta bultzatzaile legez.
Alde horretatik, gogorarazo dau hemengo sortzaileei laguntzeko eta bultzadea emoteko jarrera sendoa erakutsi dauela Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren Kulturea Sustatzeko Zuzendaritzeak orain hamar urtetik hona, Europan eta Amerikan merkatu barriak zabaltzeko. Bultzada horren ondorioz, hainbat egitasmo gauzatu dira: Euskal Teatroa Tarregako Firan; Kaleartean Valladolideko Antzerki eta Kaleko Arteen Jaialdia; Euskal Eszena Contarian, Valentziako haurrentzako Antzerki Feria, eta Euskal Plataforma Eszenikoa Amerikan; Liburugintzearen arloan, Jaurlaritzea alkarlanean da arloko alkarte profesionalakaz, Euskal Editoreen Alkartearen eta Euskadiko Editoreen Alkartearen nazinoarteratzea bultzatze aldera.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!