'Ongi etorri euskeraz bizi gura dogunon herrira' lelopean hasiko da Korrika 2009ko martiaren 26an
2008-11-14 13:49 Euskerea berbagaiAEK-k 2009ko martiaren 26an Tuteran hasi eta apirilaren 5ean Gasteizen amaituko dan Korrika 16ren ardatz nagusiak eta 'Korrika Laguntzailea' kanpaina aurkeztu ditu gaur Bilbon egin dauen prentsaurrekoan.
AEK-k 2009ko martiaren 26an Tuteran hasi eta apirilaren 5ean Gasteizen amaituko dan Korrika 16ren ardatz nagusiak eta 'Korrika Laguntzailea' kanpaina aurkeztu ditu gaur Bilbon egin dauen prentsaurrekoan. Aurkezpen ekitaldian, AEKren Artezkaritza Kontseiluko Fernando Landaburu, Oskar Elizburu, Aitziber Sarasola, Jakes Bortairu, Asier Amondo eta Mertxe Mujika, AEKren koordinatzaile nagusia, egon dira Korrika 16ren arduraduna dan Edurne Brouardegaz batera.
Korrika, bi urterik behin AEK-k antolatu eta Euskal Herri osoan zehar egiten dan euskerearen aldeko lasterketa erraldoia da. 'Gure hizkuntzearen aldeko kontzientzia suspertzea eta gau-eskola zein euskaltegien eguneroko lana indartzeko dirua batzea ditu helburu'. 1980an Oñatitik Bilbora Euskal Herria zeharkatu eban lehenengo Korrika antolatu zanetik, euskerearen alde antolatzen dan ekitaldirik jentetsuena eta garrantzitsuenetakoa izateaz gan, munduan parekorik ez daukan ekitaldia bihurtu dala be esan daiteke.
2009ko martiaren 26an Tuteran hasita, 11 egunez eta gelditu barik, Euskal Herria zeharkatuko dau hamaseigarrenez Korrikak. 'Ongi etorri euskeraz bizi gura dogunon herrira' lelopean, 2.000 kilometro baino gehiago euskerearen alde, edade eta mueta guztietako milaka korrikalarigaz, apirilaren 5ean Gasteizera heldu arte.
Omenduak
'Urtetan zehar ehunka mila izan dira Euskal Herrira lan bila, bizimodu hobe baten bila edo bizi ahal izateko leku bila, besterik barik, etorri diran familiak. Eta horreen guztien artean, hainbestek eta hainbestek, euskal herritarron ondoetorria ondo baino hobeto hartuz eta ulertuz, ekarpen goraipagarria egin deutse gure hizkuntzeari. Euskal Herrira etorri, euskera ikasi eta erabili, umeei irakatsi, gure kultureaz gozau, berari ekarpen euskalduna egin, eta belaunaldiz belaunaldi gure hizkuntzea transmitidu daben milaka familia horreek izan gura ditu gogoan Korrika 16k aurtengo omenaldia egiteko'.
Omenaldiak ardatz nagusi bi izango ditu: 'batetik, egin daben ekarpenagaitik gure eskerrik zintzoena emon gura deutsegu; bestetik, beraien guztien ekarpena eta konpromisoa azaleratu gura dogu, kanpotik datozan familientzako eta berton jaiotako eta hazitako familia oraindino ez euskaldunentzako eredu izan daitezan'.
Baina Euskal Herritik kanpora joandakoak ez ditu ahaztuko Korrikak eta horreei be omenalditxua egingo jake.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!