HABEk jai-giroan ospatuko dau bere 25. urteurrena Donostiako Kursaalen
2008-11-11 13:51 Euskerea berbagaiDanetara, 350.000 ikasle pasau dira HABEren euskaltegietatik eta euskaltegien sarea haziz joan da; aurten, esaterako, 107 euskaltegi dagoz, 1.500 irakasle eta 35.000tik gora dira euskerea ikasten dabilzanak. Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo, gainera, 60 Euskal Etxegaz daukaz hitzarmenak.
HABE Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundea orain 25 urte sortu zala ospatzeko ekitaldia izango da gaur, hilak 11, arratsaldeko 19:30etan Donostiako Kursaalen.
'Orain mende lauren alderdi politikoen arteko akordio bati esker jaio zan HABE eta ordutik erakunde hau izan da hasiera bateko gau-eskolen eta egungo euskaltegien inguruan sortutako indarra babestu eta sustatzearen ardurea hartu dauena. Sortu eta berehala ekin eutson HABEk helduen euskalduntze-sarea antolatu eta arautzeari', adierazo dabe erakundeko arduradunek.
Era berean, urte honeek guztiak euskaltegien mobimenturako 'oparoak' izan dirala azpimarratu dabe. Danetara, 350.000 ikasle pasau dira euskaltegietatik eta euskaltegien sarea haziz joan da; aurten, esaterako, 107 euskaltegi dagoz, 1.500 irakasle eta 35.000tik gora dira euskerea ikasten dabilzanak. Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo, gainera, 60 Euskal Etxegaz daukaz hitzarmenak.
'Datuok argi adierazoten dabe eginkizun sozial garrantzitsua beteten ari dala helduen euskalduntze-alfabetatze sarea. Eginkizun horretan udal euskaltegia daben udalen laguntzinoa nabarmena eta, zelan ez, euskaltegien lan parebakoa', gaineratu dabe.
Horregatik guztiagaitik, beraz, HABEk bere 25. urteurrena jai-giroan ospatzeko erabagia hartu dau, baina urte honeetan guztietan lanean ibili diranak ahaztu barik. Horregaitik, Kursaalen izango dan ekitaldian helduen euskalduntze eta alfabetatzean 25 urtez lanean ibili diran personak omendu gura ditu.
'Danetara, 246 irakasle eta HABEko langile dira, gehienak euskerea irakasten bokazinoz hasiak, asko eta asko makina bat onbehar eta estualdi igarotakoak, baina edozeren gainetik euskereagazko daben atxikimendu eta konpromisoak lanean jarraitzera bultzatu dituanak', azaldu dabe.
Urteurrenaren ospakizunean, Eusko Jaurlaritzako lehendakari Juan Jose Ibarretxe izango da ekitaldiaren buru, eta haregaz batera egongo dira Miren Azkarate Kultura sailburua, Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordea eta Joseba Erkizia HABEko zuzendaria.
Jai-giroan ospatuko dan ekitaldia ikuskizun erara preparauta dago eta musikea eta antzerkia buztartuko ditu. Besteak beste, Iñaki Salvador pianistea, Xabi Paya bertsolaria, Angel Alkain aktorea, Aiert Beobide dantzaria eta Maria Berasarte abeslaria izango dira eszenatokian. Horrezaz gan, Iban Garate eta Ane Gabarain aktoreek Unai Elorriaga idazleak ekitaldi honetarako propio sortutako testu batean oinarritutako lana antzeztuko dabe.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!