Bernardo Atxaga: 'Nevadan arnasa hartu dot, Euskal Herria handiagoa dala iruditu jat'

Karolina Almagia 2008-11-10 10:51   Barriketan
Idazlea

Goizaldeko lauretan altzau da liburu barriaren azken orrialdeak idazteko. Gero, autoa hartu eta Bilbora abiatu da Sabino Arana Fundazinoan berbaldi bat emoteko asmoz. Bazkal ostean, alkarrizketa piloa eskaini ditu eta, eguna amaitu baino lehen, beste berbaldi bat emon dau Euskaltzaindiaren egoitzan, Bilbo Zaharra Forumek antolatuta. Nekatuta atrapau dogu Bernardo Atxaga (Asteasu, Gipuzkoa, 1951), baina, dana dala, solasaldirako prest, beti bezela. Urtebete pasau dau Estadu Batuetako mendebaldean, euskal komunidadeagaz hartu-emonetan, eta han bizi izandako eta bertan hausnartutakoen barri izango dogu liburu batean hile batzuk barru. Baina, hori baino lehen, 'Zazpi etxe Frantzian' eleberria argitaratuko da, udabarriaren hasieran.


1.- Zure aurreko liburu guztietatik aldenduko ei da 'Zazpi Etxe Frantzian' eleberria. Apropos izan da aldentze hori?

Beno, antz gehiena izango dau 'Behi euskaldun baten memoriak' liburuagaz. Antza zertan dauka? Beharbada eukiko dauelako estrabagantzia pitin bat, eta umorea be eukiko dauelako. Baina ez da izango umore zuri bat, minik egiten ez dauena, 'Behi euskaldun baten memoriak' liburuan bezela, umore baltza baino. Hau da, erabili dodan tonoa umore baltzarena da, nahiz eta oso umore baltz doia, neurtua, ia-ia atzemongo ez dana izan. Abiapuntua izan zan munstrokeria. Gure mundua munstrokeriaz beteta dago: umeak hilten ditue... Holako giro bat dago ehuneko errealidadearen azpian munstroak bizi dirala. Eta nik esan dot: hori kontau bada orain arte leku askotan modu dramatikoan, zergaitik ez dot egingo nik modu komikoan, ia zer subertetan dan.


2.- Historiaren pasarte zehatz batean dago kokatuta?

Nik kokatzen dot 1903 urtean, Goi Kongoan, Leopoldo II erregearen garaian. Nire asmoa ez da, ezelan be, kontetea istorio bat, are gitxiago kronika bat egitea, baizik eta Kongon eszenatoki bat antolatzea. Eszenatoki hori da, nahi badozu, opera bufa batena lakoa: ohianak, leioak, sugeak..., baina barruko bizitza Armadakoa da. Militarren azpian hamalau hilebete pasau dodanez, uste dot ondo ezagutzen dodala mundu hori. Horregaz egin dot umore siniestroa dauen istorio bat. Beste aukera bat zan, askok egin daben legez, Auschwitz bat aukeratzea. Baina hori ez da garrantzitsua. Garrantzitsuena da ni zelan sartzen nazen istoria horretan. Eta hori ikusteko irakurri egin behar da liburua.


3.-Zer izango da: Atxagaren liburu bat edo Joseba Irazuren liburu bat? Izan be, orain dala urte batzuk iragarri zenduan Atxagaren etapea zarratu gura zenduala...

Bai, baina Atxagaren etapea nahita be ezin da zarratu. Badakizu, izenak preso hartzen gaitu. Izena da, azken batean, beste tatuatze bat bezela, eta ezin dozu ezabatu. Holako batean hementxe, Bilbon, gau batean, firi fara hartutako erabagi bat bihurtu zan eragin handiko erabagi. Denpora asko emon dot Atxaga bezela eta ezin naz aldatu. Jarraitu beharko dot izen horregaz.


4.- Hile batzuk barru argitaratuko da 'Zazpi Etxe Frantzian'. Bildurra deukotsazu kritikari?

Jakina. Kritikeak eragin handia dauka edozein idazlegan. Pentsaizu, Virginia Woolfek, kritikak argitaratzera joiazanean Ingalaterran, alde egiten eban handik. Ez eban hor egon gura momentu horretan, ez eban egunkaria zabaldu gura eta irakurten hasi. Hori holan da eta horregaitik idazle asko blindau egiten dira, beti daukie holako societe secret bat. Beno, euskaldunok ez gagoz blindauta. Dakizun bezela, nik oso esperientzia txarra izan neban 'Soinujolearen Semea' argitaratu zanean, baina gero liburu horrek sekulako harrerea izan eban kritikarien aldetik, esate baterako Ingalaterran. Beraz, itxaroteko kontua besterik ez da. Azken batean, gaur egun ez daukat holako bildurrik, ze honezkero esperientzak esaten deuts Madrilen kritiko batek esan leikela munduko idazlerik txarrena zarela, baina, akaso, Ingalaterran beste batek esango dau munduko onena zarela. Hartu behar da dana bere neurrian.


5.- Imajinatzen dut zuretzat komunikabide boteretsu batean holako kritika mingarri bat argitaratzea izango zala...

Mingarriena ez da holako kritika bat jasotea. Mingarriena beste gauza bat da. Emon daigun 'Soinujolearen Semeak' euki dituala 80 kritika izugarriak. Esate baterako, Italian jaso dau Mondelo Saria eta Mondelo Saria lortzea oso gatxa da. Hemen idazle askori pasetan jaku pilotariei bezela. Pilotari batek beti esaten eban: 'Harrigarria da; partidua irabazten dodanean, herriko inork ez deust ezer galdetzen. Galtzen dodan bakotxean, barriz, herriko guztiek galdetzen deustie: zer egin huen atzo?'. Honegaz esan nahi dot mingarria dala ikustea gaiztoak eta agresiboak daukala sekulako multiplikazinoa, izugarria. Madrilgo periodiko hori baino askoz inportanteagoa da Sunday Times, eta Sunday Times egunkariak nobela horri egindako kritikea oso gitxik lortzen dabe. Baina horretaz ez da inor enterau.


6.-Arrazoia dozu, baina kontuan hartu jentearentzat ez dala deigarria Bernardo Atxagak sari bat edo kritika on bat jasotea; deigarria da, ostera, kritika iraingarri bat eukitea. Horregaitik izan eban artikulu horrek aparteko ohiartzuna...

Ez, ez da horregaitik. Pentsaizu zer pasau jakon Julio Medemi pelikuleagaz, lau hilebete lehenago. Nik, egia esan, ez neban espero holakorik niri gertatzea, baina benetan izan zan... Akaso egun batean idatziko dot horri buruz. Kritika iraingarri hori, gainera, argitaratu zea liburua dendetara heldu baino lehen. Zorionez, Abc be aurreratu zan eta oso kritika ona atara eban. Gero, La Vanguardiarena be oso oso ona izan zan. Horregaitik salbau neban nik nire burua. Baina ikasi egiten da holakoakaz. Bizitza gatxa da, nahiz eta topiko bat izan. Lehia da. Kontua da ahal dan konbate gehiena irabaztea.


7.- Oraintsu bueltau zara AEBetatik han urtebete egin ondoren. Zelako esperientzia izan da? Etapa hori zarratu egin dozu oraingoz?

Ni joango nintzake barriro, ez Estadu Batuetara, baizik eta barriro be Mendebaldera. Hor Nevadan, Idahon, euskal komunidade bat dago. Oso desbardina da niretzako joatea, lehen bezela, Atlantara edo Bostonera, edo joatea Kaliforniara edo Nevadara; hau da, euskaldunak dagozan tokira. Zoragarria da guretzako leku ha. Nire alabak hango eskola publikora joan dira, ingelesa euren bigarren hizkuntza bihurtuz. Gure aitak egiten eban legez, guk be afarian euskeraz berba egiten dala gogoratu behar izan deutsegu; euskeraz, eta ez ingelesez. Han egotean iruditu jatan Euskal Herria handiagoa zala. Benetan, han ze arnasa hartzen dan! Hemen beti zarratuta betiko gaiari buruz, beti uztarpe haretan.... Han desberdina da. Euskaldun bezela askotan pasetan jatzu euskeraz ari zarela eta etorten da andre bat euskeraz egiten dakiena. Oso polita da, azalpenik emon beharrik barik, euskalduna sentidutea. Eta gero maitasun handiz tratau gaitue.


8.- Distantzia hori behar zenduan idazteko?

Ondo etorten da, beti laguntzen dau. Nik badakit distantzia geografikoa ez dala nahikoa, baina askotan ze ondo etorten dan!.


9.- Eta Euskal Herriari buruz idazteko gogo gehiago sentiduten dozu urrun zagozanean, ala aldrebes?

Berrogei ta hamasei urte daroadaz hemen biziten, euskeraz idazten, eta nik hartzen dot hori nire destino bezala. Onartu egiten dot. Onerako eta txarrerako.


10.-Bilbo Zaharra Forum-ek Bilbora ekarri zintuan lehenengo aldiz, ‘Euskal kulturaren ajeak’ gaiari buruz berba egiteko eta zure berbek astrapala handia eragin eben. Orain, barriz, poesia irakurtera etorri zara, baina nik barriro egingo deutsut galdera bera: zeintzuk dira gaur egungo euskal kulturearen ajeak?

Gure ajerik handiena da hemengo erresonantzia kutxa euskal gauza askotarako oso txikia dala. Hemen bizi gara, hemengo politikariek gidatuta, eta halan da guztiz be, emoten dau euskeraz egiten diran mila gauza baliotsuk ez daukiela erresonantzia kutxarik. Eta erresonantzia kutxarik barik ez dago musikarik. Benetan sinistu egin behar dogu jente askok bere programetan jarten dauen horretan. Hemengo bizimodua, euskal kulturea, hizkuntzea... hori guztia balio handikoa da. Esate baterako: gaur egun euskal idazle batek ataraten dau liburu bat. Emon daigun nire eretxiz liburu hori ona dala; kontua da ze, munduko abertzaleenak diran horreen dendara joan, eskaparatea begiratu eta hor ikusten dodazanak Planeta liburuak dira. Zergaitik? Planetak pagau deutselako eskaparatea. Munduko euskaltzaleenak izango dira, baina euren erresonantzia kutxan euskal kulturea atzean geratzen da. Holako arazo asko doguz. Azken batean, erlijino katolikoaren harian antzeko arazoa dago: hamar mandamendu daukaguz, baina zelan beteten diran, hori beste kontu bat da.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu