Publikatu.com iragarki sareagaz aurkeztu dau bere burua Arraytxiki Web Laborategiak
2008-11-06 10:31Arraytxiki Web Laborategia orain arte persona desbardinek Interneten, eta gehienbat euskeraz, sortutako web aplikazinoen bilgune izateko bokazinoagaz jaio da. Honezkero, laborategitik ataratako lehenengo egitasmoa da Publikatu.com, funtsean, interneten publizidadea eskaintzeko sistema aurreratua.
Donostian aurkeztu barri dabe Arraytxiki Web Laborategia izeneko egitasmo barria eta bertatik jaiotako Publikatu.com iragarki zerbitzua. Laborategiko arduradun Gorka Juliok eta Haritz Rodriguezek eman ditue azalpenak prentsaurrekoan.
Juliok Arraytxiki.com izeneko egitasmoa aurkeztu dau eta Rodriguezek, barriz, laborategitik ataratako lehenengo produktuaren barri emon deutse bertaratu diran kazetari eta blogariei, hain zuzen be, Publikatu.com izeneko sareko publizidade zerbitzua.
Lehenengoaren berbetan, Arraytxiki Web Laborategia orain arte persona desbardinek Interneten, eta gehienbat euskeraz, sortutako web aplikazinoen bilgune izateko bokazinoagaz jaio da. Izan be, Juliok eta Rodriguezek hainbat webgune ezagun sareratu ditue azken urteotan, besteak beste, bideoak partekatzeko Euskaltube.com, lastermarkak gordeteko Bildu.net, euskerazko albisteak bilatzeko Zerberri.com baita Txioka.net izeneko sare soziala.
Bada, aurrerantzean, egitasmo horreen guztien garapena eta mantentzea bere gain hartuko dau Arraytxiki Web Laborategiak, eta hemendik aurrera sortuko diran proiektu barriak be laborategi horren barruan garatuko ditue alkarlanean. Gainera, laborategitik ataraten diran egitasmoen arteko trakzinoa indartzea be dau helburu, euren erabilpena sustatuz.
Laborategiak, bestalde, parte hartzeko tresnak be jarriko ditu behar dituanaren eskura. Arraytxiki.com izeneko webgunean esperientziak eta jakituria partekatzeaz gan, 'egitasmo hau ostatu hartuta dagoan zerbitzarian badago beste batzuentzako tokia be, eta toki hori jenteak esperimentuak egiteko erabiltea nahi dogu', esan dau Juliok. Akuariuma izeneko atalaren bitartez, Arraytxiki Web Laborategiak webgune barrien sorkuntzea sustatu nahi dau eta, horretarako, laborategian jasotako ideiak aztertu ondoren dobako ostalaritzea eskainiko jake egitasmoak garatu nahi dituen norbanako edo alkarteei, ezelako konpromisorik barik.
Gorka Juliok adierazo dauenaren arabera, Arraytxiki Web Laborategiak mundu birtualean ez eze mundu fisikoan be indartu nahi ditu persona barritzaileen arteko hartu-emonak. Helburu horregaz antolatuko ditue hilero Blogs&Beers bilkuren antzekoak izan nahi daben Fish&Txips topaketak.
Arraytxiki Web Laborategiaren topagune nagusia, halan da be, blog moduan sortu daben webgunea izango da. Bertan egongo da laborategiaren inguruko informazino guztia, besteak beste, Arraytxiki Sarea, Akuariuma eta bestelako albisteak. Gainera, harremanetarako bide nagusi bilakatzea espero dabe arduradunek.
Haritz Rodriguezek, bere adetik, laborategitik atara barri dan lehenengo egitasmoaren zehetasunak emon ditu. Publikatu.com dauka izena eta, funtsean, interneten publizidadea eskaintzeko sistema aurreratua da. Rodriguezen esanetan, Arraytxiki.com eta Publikatu.com egitasmo anaiak dira, proiektu berberaren bi oinak. Gaineratu dauenez, bata ez litzateke posible izango bestea barik, eta alderantziz. Publikatu, beraz, Arraytxikiren finantzaketa sistemea da nagusiki.
Arduradunaren eretxiz, 'euskeraz dagozan webguneentzat, sarritan, oso gatxa da publizidadearen merkatuan etxoko bat egitea. Askotan, iragarleentzako, hau da, iragarkiak kontratetan dituenentzako, ez dira erakargarri ustez bisita kopuru gitxi dabelako'. Horregaitik, eta Arraytxikiren indar metaketaren filosofiari jarraituz, Publikatu.com-ek iragarkiak hainbat webgunetan banatzeko aukerea ahalbidetuko dau. 'Guztien trafikoa batuta, iragarkien merkatuan erakargarri bilakatuko dan eskaintzea izango dala uste dogulako', esan dau aurkezpenean. Arraytxikik, beraz, publizidade hori zentralizau eta erakusleiho sare zabal batean banatuko dau.
Momentuz, Publikatu.com zerbitzuak iragarkiak hilero 100.000 aldiz erakusteko gaitasuna dauela esan dau Rodriguezek. Izan be, dagoeneko Euskaltube.com, Txioka.net, Bildu.net, Zeberri.com eta Zabaldu.com webguneetan jarriko ditu ikusgai iragarkiak. Azken hau, azpimarratu dauenez, euskerazko hedabideen artean webgunerik bisitatuenetakoa da. Zerbitzua abian jarri dutela ospatzeko, eskatzen daben lehenengo 50 entidadeei 2.000 inpresio erregalauko deutsiez, gainera.
Baina publikaturen zerbitzua ez da hor amaitzen. Izan be, erakusleiho hori handitzea da zerbitzuaren helburua orain, sareak ahalik eta bisitari kopuru handiena izan daian eta iragarleentzako gero eta erakargarriagoa subertetea. Horregaitik, Publikatu.com zerbitzuari kontratetan jakon publizidadea beste webgune batzuetan ikusgai egoteko aukerea zabalduko dau zerbitzuak. Hau da, hirugarren webguneei be eskainiko deutsee iragarkiak atari horreetan ikusgai jarteko aukerea, ondoren irabaziak partekatzeko.
Arraytxikiren helburua webgune desbardinen arteko trakzinoa eta erabilpena sustatzea danez, erakusleiho sareko kide bilakatzen diran webguneek euren publizidadea ezarri eta kudeatzeko gaitasuna izango dabe. Kanpoko publizidadea erakusteaz gan, erakusleiho sareko kide diran webguneen bannerrak be egongo dira bueltaka Publikatu zerbitzuaren bitartez. Beraz, lankidetza formula hau beste webguneentzako erakargarri izatea espero dabe, batetik, dirua irabazteko aukerea eskainiko deutselako eta, bestetik, beren webgunea sare horretan sustatzea ahalbidetuko dauelako.
Amaitzeko, Publikatu.com zerbitzuak be bere webgune propioa daukala gogorarazo dau Rodriguezek. Atari honen bitartez, nahi dauenak 'publizitate tarifa lehiakorrak' ikus leikez eta interesgarriak iruditzen bajakoz harreman formularioaren bitartez administrazinoagaz kontaktuan jar daiteke. Erakusleiho sarea handitzen joan ahala, webgunean egongo da zerrendatua. Azkenik, bezeroek nahiz erakusleiho lanak egiten dituen lankideek publizidade kanpaina guztien gaineko kontrola izango dabe, erabiltzaile izen eta pasahitza emongo jakelako kudeaketa sistemako sarbidea izan daien.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!