Nierebanoa.com, 'Pauso bat harago'
2008-11-04 14:43 Euskerea berbagaiEuskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluaren hamargarren urteurrena tarteko dala, euskerearen normalizazinoan 'Pauso bat harago' joatea ezinbestekotzat jo eta 'Bai euskarari' leloa, 'Euskaraz bai' bilakatu da.
Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak bere hamargarren urteurrena ospatu eta datozen urteotan egin beharreko ibilbidearen barri emateko, ekitaldi jentetsua deitu dau datorren abenduaren 13an, 18:00etatik aurrera, Barakaldoko BEC-en. Ekitaldia doban izango bada be, sarrerea eskuratzea beharrezkoa da, eta bart aurkeztu ditu Miramongo Zientziaren Kutxagunean (Donostia) gonbidapenak eskatzeko bideak, telefonoz nahiz webgune bidez eskatu ahal izango baitira.
Xabier Mendiguren idazkari nagusiak hartu dau hitza lehenengo. Bere esanetan, 'orain bi aste aurkeztu geuntsuen abenduaren 13an Barakaldoko BECen Kontseiluak bere hamargarren urteurrenaren harira egingo dauen ekitaldia. Ospakizuna gauzatuko dan lekuan bertan azaldu geuntsuezan ekitaldiaren nondik norakoak eta ekitaldiaren beraren irudia izango dan kartela, eta aurreratu genduan bertaratzeko beharrezkoa izango dala sarrera-txartela eskuratzea'.
Kontseiluak Bizkaia Arenan egingo dauen ekitaldian 'euskerearen normalizazinoan 'Pauso bat harago' joatea ezinbestekoa dala' adierazoko dau. Mendigurenek gaineratu dauenez, 'kartelean ikus daitekeen legez, pauso sendoak emonez baino ez dogu lortuko helburu hori. 'Pauso bat harago' joateko, ezinbestekoa da euskerearen aldeko jarrerea azaltzetik euskerea erabili eta ikastera pasetea. Horregaitik berregin dogu orain arte erabilitako 'Bai euskarari' leloa, 'Euskaraz bai' bilakatuz'.
Ekitaldira joateko gonbidapena bi bidetatik eskuratu ahal izango da. 'Jenteak 'ni ere banoa' esatea nahi dogu, 'ni ere banoa BECera' eta 'ni ere banoa pauso bat harago'. Horregaitik sortu dogu nierebanoa.com izeneko webgunea. Bertan dagoan eskaera orria osotu ondoren, eskatzaile guztiei etxera bialduko jake sarrerea. Eta, webgunearen bitartez ez eze, 902 82 02 40 telefonora deituta be egin ahal izango dabe eskaerea', gaineratu dau Kontseiluko idazkari nagusiak.
Kontseiluko komunikazio arduradun Haritz Rodriguezek, bestalde, nierebanoa.com webgunearen zehetasunak azaldu ditu eta BEC-eko ekitaldia iragarriko dauen flash animazinoa be aurkeztu dau. Bideoa, beste gune batzuetan ez eze, nierebanoa.com helbidean dago ikusgai multimedia atalean. Eta nahi dauenak bertatik deskargau leike bere ordenagailura.
Rodriguezen arabera, '902 82 02 40 telefonora deitu ezkero, eskatzailearen datuak jasoko doguz eta, ondoren, emondako helbidera bialduko jakez sarrerak eskatzaileei. Webguneari dagokionean, barriz, bost atal nagusi ditu. Lehenengoan, 'Gonbidapenak' izenekoan, nahi dauenak formularioan eskatzen diran datuak idatziz eskuratu ahal izango ditu sarrerak. Eskabidea bete, bialdu eta e-posta helbidean berrespen mezua jasoko dabe eskatzaileek. Hortik aurrera, Kontseiluak etxera bialduko deutseez eskatutako sarrera guztiak ahalik eta azkarren.
'Eskabideak egiteko epea abenduaren lehen astean amaituko da, eta, beraz, sarrerak agortu baino lehen eskaria egitera animatzen doguz herritar guztiak'.
Webguneko bigarren atala 'Euskaraz bai' izenekoa da, eta bertan Kontseiluak bere 10. urteurrenaren harira egindako hausnarketearen ondoriozko agiria irakur daiteke. Erabiltzaileek agiri hori ezagutu eta bere atxikimendua helarazoteko bidea topauko dabe atal horretan.
'Albisteak' atalean, bestetik, Kontseiluaren azken barriak dagoz irakurgai. Bertan jarraitu ahal izango dau, nahi dauenak, hamargarren urteurrenari buruzko informazino eguneratua. Multimedia izeneko sailean, barriz, hamargarren urteurrenaren eta abenduaren 13ko ekitaldiaren inguruko euskarri desbardinak dagoz: flash animazinoa, Kontseilua Telebistako bideoak, bannerrak, audioa eta kartela PDF formatuan eskuratu daiteke bertan, besteak beste.
Babesleen sailean, bestetik, BEC-eko ekitaldia babestu daben enpresa, hedabide eta instituzinoak dagoz zerrendaturik, bakotxa bere irudi korporatiboagaz. 'Berenberegi eskertu gura dogu horreek guztiek ekitaldia antolatu eta zabaltzeko eskaini deuskuen laguntzinoa', esan dau komunikazino arduradunak. Azkenik, 'Nola iritsi' izeneko atalean, Barakaldora bertaratzeko argibideak emoten dituan mapea txertatu dabe.
'Euskal herritar guztiak konbidau gura doguz gegaz batera 'pauso bat harago' emon daien, 'ni ere banoa' esanez. Hori da 'Bai euskarari' azaltzetik 'Euskaraz bai' egitera pasetako lehenengo pausoa. Persona bakotxeko gehienez 5 sarrera banatuko doguz. Alkarte edo erakunderen batek sarrera gehiago nahi baditu, telefonora deitu eta azaldu besterik ez dau egin behar. Sarrerea mugatua danez, zinez eskertuko dogu eskatutako sarrerakaz BECera joatea. Ez geunke gura inor bertaratzeko aukerarik barik geratzea beste batzuek sarrerak eskatu eta joango ez diralako', gaineratu dau Kontseiluko Komunikazino arduradunak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!