Itoiz: 'ezjakintasunean egoan gure sorkuntza-puntua'

Bizkaie! 2008-11-03 14:42   Barriketan

Itoiz taldekoak

Itoizen hamazortzi kanta batzen dituan CDa, liburuxka bat eta, barrikuntza moduan, kontzertuetako irudiak eta alkarrizketak batzen dituan DVDa argitaratu barri dabe. Aspaldiko partez, taldekide batzuk kazetarien aurrean batu dira sasoi hareetako kontuez berba egiteko.


1.- Argitaratu barri dan antologia honen barrikuntza nagusia kontzertuetako irudiak eta taldekideei egindako alkarrizketak batzen dituan DVDa da. Zelan ikusi dozue azken emoitzea?

Eskertzekoa da gure aldetik Elkarreko jenteari ideia hau, alde batetik lehenengo zelan ikusi eben ideia eta gero zelan eroan daben. Guk taldea ahaztuta geunkan eta igaz diskoetxea ideia honegaz etorri zanean, DVD historiko bat egiteko ideiagaz, hasieran baietz esan genduan baina alperkeriagaz, taldea guztiz itxita geunkalako. Baietz esan eta DVDa egiten hasi ginan. Azken emoitza ona izan da ze DVDa egiteaz arduratu diranek oso ondo ulertu dabe sasoi hareetako biziteko modua eta zelan egiten genduzan gauzak. Horrek asko lasaitu gaitu ze guretzat DVDaren asuntua gauza barria zan eta akaso bildur apur bat emoten euskun sasoi bateko irudiak azaltzea eta gazte denporako kontuak barriro aztertzea. Horregaitik, apur bat bildurtuta gengozan baina azkenean oso pozik geratu gara, emoitza ona izan da eta oso produktu onak urten dau, publiko guztiari zuzendutakoa.


2.- Urteak pasau arren, ez zarie noiz edo noiz alkartzen?

Lantzean behin. Urtean behin afari edo bazkari bat egiten dogu baina ez gara danok alkartzen ze Itoiz jente askok osotzen eben. Horregaitik, gaur, egoteko eta berba egiteko aprobetxauko dogu.


3.- Zelan ikusi dozuez irudiak?

Harrituta geratu gara, irudi asko sorrerakoak diralako, 1980ko batzuk, berbarako. Zuzenean emoten genduan lehenengo kontzertuetarikoa zan eta, orain ikusita, harritu egiten nabe irudiek eta taula ganean daukagun jarrereak.


4.- Ze uste dozue horrenbeste urte pasau eta gero jentea oraindino Itoizen jarraitzaile izatea?

Kanta asko barru-barruraino sartu jakez askori, baita berbak be. Orain, denporeak emoten dauen espazioagaz gauzak aztertuta, esan daiteke Itoizek kanta asko egin dituala onak eta politak, ez bat ez bi, asko. Horregaitik, publikoaren memorian geratu dira. Itoizek kanta on bat edo bi egin izan baleuz, jenteak ahaztu egingo leukez. Geu be, kantak entzukeran, harrituta geratzen gara, asko eta asko onak dirala konturatzen garelako. Mundu guztiari danak gustau ez arren, jenteak kanta on asko daukaguzalako gogoratzen gaitue.


5.- Barriro hastea dana zapuztea izango litzateke?

Bai. Baragarri geratzea.


6.- Horrenbesterako izango litzateke?

Erantzun gatxa dauka galdera horrek. Hemen gagozan guztiok musikearen munduan aktibo gagoz oraindino eta barriro alkarregaz joten hasiko bagina, sasoi bateko soinu bera lortuko geunke, ezer barririk eskaini barik. Urteak eta ule zuriak baino ez geunkez ganeratuko baina musikalki ezer ez. Ganera, uste dogu taldeak dagoan moduan funtzionetan dauela hobeto, zeozelako distantziagaz eta egungo taldeakaz konparazinoak egiten.


7.- Zelan dago osasunez egunko euskal musikagintzea, popa, rocka...?

Gure laneko kontuak dirala eta, beste musika mueta batzuk entzuten doguz. Halanda be, badagoz gure belarrietaraino ailegetan diran talde batzuk be, Ken Zazpi, Berri Txarrak edota Gatibu, berbarako, eta kanta onak egiten ditue.


8.- Hogeta hamar urte pasau ostean, zelan ikusten dozue oraindino taldea, zeozelan, bizirik dagoala eta egungo talde askok ez dabela holako arrakastarik lortu?

Guk ez dogu egungo taldeen jarraipenik egiten eta, horregaitik, ez dakigu gu baino arrakasta gehiago ala gitxiago lortu dauen talderik egon badagoan. Balorazino horreek danak personalak dira. Ganera, egungo egoerea eta sasoi batekoa oso desbardinak dira. Etapa guztiak dira gatxak, batez be 20 urte daukazuzanean, baina, egungo taldeentzat, gauzak gatxagoak dirala uste dot. Jentea oso ondo preparauta dago, danek joten dabe ondo eta maila oso altu dago, hainbat estilotan. Baina sasoiak ez dau ezertarako laguntzen. Gu ez ginan, ezta pentsau be, egun dagozan pop edota folk taldeak baino hobeak. Egun, Berri Txarrak lako talde bat oso ona da. Baina kontua da gure sasoian barrikuntzea zala ezaugarri garrantzitsuena eta guk hori egiten genduan, gauza barriak topau, sasoi horretarako aproposa zalako. Orain dala hiru hamarkada, askatasuna zan nagusi, edozer egiteko libre sentiduten zinan. Egun, ez da bape erraza. Halanda be, guk ez dogu horretan lar pentsetan, beste mundu batean sartuta gagozalako, baina ez dot uste sasoi hau ona danik gu ailegau ginan lekura ailegetako. Ganera, gu ia gura barik ailegau ginan.


9.-
Inoiz pentsau zenduen horrenbeste arrakasta izatea?

Guk ez genduan ibilbide batean pentsau. Gure amesa ez genkian esparruetan mobidutea zan, genkiana atzean itxita. Ezjakintasunean sentiduten ginan gustura. Hor egoan gure sorkuntza-puntua. Horregaitik, formulea ikasterakoan, albo batera itxi eta formula barriak deskubriduteari ekiten geuntsan, arteragoko etapea atzean itxita.

Egun, musikearen mundua nahiko geldo, etenda dago. Horregaitik, guk sasoi batean topetan genduzan barrikuntzak honezkero deskubriduta dagoz, formula barri gitxi dagoz.

Hori bai, gogoratzen dogu beti gengozala musikearen ganean berbetan. Ez genkian harek noiz arte iraungo eban. Behin, Iparralden kontzertu bat emoteko bidean ginoiazala, komentau genduan: noiz arte iraungo ete dau honek? Alkolea diskoa grabau barri, erantzuna honakoa izan zan: urte bi edo hiru inguru, zer dakigu, ba!

Egoanagaz egiten genduzan kantak. Ganera, inguruan, emoteko asko eukan jentea geunkan. Eta asko emoten euskuenez, ba, ate barriak edegiten jakuzan. Horregaitik ailegau da Itoiz ailegau dan lekuraino. Eta garaiko musiken eragina igarri arren, Itoiz aparteko mundua da. Ailegetan ginan edo deskubriduten genduan azken leku horretan egotea gustetan jakun. Ez genkian nondik nora joiazan kontuak, baina hobeto leku barrian betikoan baino. Baina, momentu bat ailegau zan...


10.- Zegaitik itxi zenduen taldea?

Ez genduzalako ate barriak ikusten. Abroziduta gengozan.

Disko bakotxean barruan geunkan guztia emoten genduan, ez ziran kantak gordeta geratzen. Etorkizunari dana emoten geuntsan. Diskoa amaitzen zanean, ez genkian zer pasauko zan. Zuzenekoak jo eta denporea pasau ostean, barriro ideia barriak sortzen hasten ziran eta beste disko baterako lanak batzen genduzan. Baina, denporeagaz, hori be amaitu egin zan.


11.- Ondo konpontzen zaree alkarregaz?

Taldea ez zan desegin txarto konpontzen ginalako. Esan dogun moduan, azkenean abrozidu egin ginan eta ilusinoa galdu genduan. Proiektuagaz jarraitzeko gogoa amaitu jakun eta azken diskoetan gogorra egin zan taldea bere osotasunean mantentzea, batez be arlo komertziala eta enpresa-arloa zala eta. Amaitu zan eta kitto.


12.- Egun, kantak beste modu batean antolatuko zenduezan ibilbidea luzatzeko?

Ez. Gu gustura geratu ginan egindakoagaz eta, egun be, gauza bera egingo genduan, ezer erreserbau barik, ahal dozun guztia eta dakizun guztia emonaz. Beti esan izan dabe gure kontzertuak oso justuak zirala, ordubete eskasekoak. Guk ez genduzan 40 kanta egiten eta gero 9 aukeratu. Guk, 9 egin eta kitto. Material gitxiago baina atentzino gehiago. Kanta bakotxean indar gehiago erabilten genduan, sorkuntza gehiago, ondo pentsautako kantak egiten genduzan. Ganera, hasi ginanean, diskoak nahiko kontzeptualak ziran. Disko bakotxa obra bat zan.


13.- Zeintzuk izan ziran sasoiko traba nagusiak?

Ez geunkan erreferente nagusirik, euskal musikagintzearen panoraman ez egoan inor gure aurretik guk egiten genduan musika-estiloan. Horregaitik, akaso, talde elektrikoen artean gu izan ginan abangoardia-taldea, beste talde batzukaz batera. Musikea egiterakoan, erabateko askatasuna geunkan.

Kontzertuetan lortutako dirua musika-tresna barriak erosteko erabilten genduan. Punta-puntako tresnak erosten genduzan, sortu barri egozan tresnak, izan be, orduan hasi zan elektrizidadea musika-tresnetan sartzen eta dana zan barria, gitarra elektrikoa, anplifikadoreak... Hori guztia zoragarria zan guretzat. Egun, edonork ezagutzen ditu baina gure sasoian dana zan barria.


14.- Orain, denporeak emoten dauen espazioagaz, zer izan zan sasoi hareetako onena?

Gaztetasuna eta askatasuna. Baina hori ez da egia, gaztea zaranean ez zarelako pozik bizi, dana daukazulako montau barik. Baina tira... Bizitea tokau jakun sasoia bizitea be ona izan zan, sasoi zabala zalako, arlo sozialean, politikoan, estetikoan... Oso sasoi aberasgarria izan zan. Biziteko, kalean ibilteko... sasoi fenomenoa zan eta sasoi ha bizitea izan zan onena.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu