XXVII. Nazinoarteko Txotxongilo Jaialdiak 'Antzerkia txikerrean' ekarriko dau Bilbora
2008-10-27 17:43 KultureaBilboko Txotxongilo Jaialdia, Bizkaiko uriburuan Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailaren laguntzaz antolatzen diran nazinoarteko kultur jazoerarik aspaldikoenetakoa, hogeita zazpigarren edizinora helduko da aurten zemendiaren 7tik 16 bitartean, 'Antzerkia txikerrean' lemapean.
Bilboko Txotxongilo Jaialdia, Bizkaiko uriburuan Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailaren laguntzaz antolatzen diran nazinoarteko kultur jazoerarik aspaldikoenetakoa, hogeita zazpigarren edizinora helduko da aurten zemendiaren 7tik 16 bitartean, 'Antzerkia txikerrean' lemapean. Publikoak hamar ikuskizunez gozetako aukerea izango dau, eta horreekaz batera aldi bereko ekitaldiak egingo dira, besteak beste, ikastaroak, erakusketak, berbaldiak, film laburrak, nazinoarteko topaketa bat eta automata-erakustaldi bat.
Jaialdiaren oraingo edizinoan (26 urte honeetan mundu osoko bostehun talde inguru taularatu dira, 450.000 ikusle baino gehiago erakarri dituelarik), Euskal Herriko leku desbardinetan finkatutako sei talderen lanak ikusteko aukerea izango dogu, bai eta Katalunia, Valentzia, Portugal eta Bulgaria aldetik etorritakoak be. Talde horreek guztiek Jaialdiko bi auditorioetan aurkeztuko ditue euren ikuskizunak: Bilborock aretoan eta Indautxuko El Carmen aretoan.
Ohitureari jarraituz, Barrainkuako Udaltegia erabiliko da Jaialdiaren egoitzatzat, eta bertan egingo dira aldi bereko ekitaldiak. Gogoan izan behar da Abandoko udal instalazinoetan finkatuta dagoala orain hamar urtetik Pantzerti Bilboko Txotxongiloen Dokumentazino Zentroa, Estaduan dagoan alor honetako bakarra eta nazinoarteko erreferentziazko zentroa, arte eszenikoen modalidade honi dagokionean.
Era berean, programearen osogarri legez, automata-erakustaldia egingo da Bilborocken. Txotxongilo honeek mekanikoki mobiduten dira, inork erabili beharrik barik. 'Grumildoen showa' Ety Fefer peruarrak sortutako ikuskizuna da: berez mobiduten diran 14 txotxongilo giro desbardinetan sakabanatuta, izaki liluragarriak, mundu errealeko personaia baztertuen isla.
Konpainiak eta ikuskizunak
Programautako hamar ikuskizunei jagokenez, ikusleek danetarik topauko dabe bertan, umeentzako edukiak zein helduei zuzendutakoak:
- 'Rosa, kontadazu ipuin bat!', Rosa Maria Martinezena (Bizkaia). Ume baten amesa kontetan dau, kolorez betetako tren liluragarri batean egindako bidaia bati buruzkoa (Euskeraz, 50’, 3 eta 7 urte bitartekoentzat).
- 'Mari Errauskin', Gus Txotxongiloak taldearena (Nafarroa). Umeentzako ipuin ezaguna errekreatzen dau (Gaztelaniaz, 50’, 4 eta 8 urte bitartekoentzat).
- 'Txaribari”, Panta Rhei Produkzinoak taldearena (Araba). Eremu txiki batean bizi diran mundu osoko familien arteko alkarbizitzea eta gatazkak islatzen ditu (Euskeraz, 60’, 5 eta 9 urte bitartekoentzat).
- 'Hiru txerrikumeak', Kalina Antzerki Taldearena (Bulgaria). Ipuin klasikoko personaiak hartzen ditu abiapuntutzat, baina otsoa zoo batean dago gatibu eta kamioietan lapurtzen dau (Gaztelaniaz, 55’, 3 eta 8 urte bitartekoentzat).
- 'Paperezko kabareta', Pep Gomez konpainiarena (Katalunia). Ikuskizuna 'azalekoa eta sakona, pedagogikoa eta ikonoklasta, samurra eta ankerra' da, bariedate-artista biren arteko maitasun istorioaren ingurukoa (Gaztelaniaz, 60’, helduentzat).
- 'Ipuin Lapurra', Antzezkizuna Ginol Taldearena (Bizkaia). Banku-lapurra ezkutatuta daroan kalez kaleko izozki-saltzaile bati buruzkoa (Euskeraz, 50’, 3 eta 9 urte bitartekoentzat).
- 'Kraft', Bambalina Teatre taldearena (Valentzia). Nora ete doan zuhaitzaren arimea papel bihurtzen danean (Testurik bakoa, 50’, 6 urtetik gorakoentzat).
- 'Mamulengo', Forma Animatuen Teatro Taldearena (Portugal). Botereari buruzko parodia, sarkasmoz betea (Gaztelaniaz, 50’, publiko guztientzat).
- 'Inmundo, hesi-puskatzailea', La Enana Naranja taldearena (Bizkaia). Zirkuko Inmundo izeneko fenomeno bitxi bati buruzkoa (Euskeraz, 60’, publiko guztientzat).
- 'Korrika, Payasa, korrika!', Panta Rhei Produkzinoak taldearena (Araba). Payasaren eta abandonautako pelutxe eta jostailuen lagun-koadrilaren istorioa kontetan dau (Gaztelaniaz, 60’, publiko guztientzat).
Pepe Otalen erakusketea eta txotxongilo tailerra
Aldi bereko ekintzei jagokenez, jaialdiko egunetan, Pepe Otalek bere txotxongilo-tailerrean egiten dauen lanari buruzko erakusketea jarriko dabe ikusgai Barrainkuan. Horregaz batera, Txotxongiloak femeninoan lemapeko II. Nazinoarteko Topaketea egingo da, eta bertan, euskal artistek esperientzia-trukaketea egin ahal izango dabe Italia, Bulgaria, Kuba, Ingalaterra eta Espainiatik etorritako artistakaz. Era berean, txotxongiloen munduari buruzko bi film labur pantailaratu eta bi ikastaro antolatuko dira, bata euskeraz ('Txotxongiloen erabilera erraza', teknika eszenikoei buruzkoa) eta bestea gaztelaniaz ('Goma-aparrezko txotxongiloak lantzeko teknikea'). Amaitzeko, berbaldi bi antolatuko dira Barrainkuako udaltegian, lehenengoa txotxongiloen Interneteko trataereari buruzkoa, eta bigarrena Bunraku izeneko japoniar txotxongilo-tradizinoaren ingurukoa.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!