Ernesto del Río: ‘Publiko fidela gura bada urte osoan zinema programazino ausarta nahitaezkoa da’

Karolina Almagia 2008-10-27 11:12   Barriketan
Zinebiko zuzendaria

‘Hotel y domicilio’ lako pelikulak egin ostean, aspaldi atzean itxi eban bere zine zuzendariaren etapea. 2000. urtean Ernesto del Riok (Bilbo, 1954) Zinebiko zuzendaritzea hartu eban, Udalaren enkarguz, eta horretan dihardu ordutik, zine ‘cool eta arrizkuzkoa’ ekarri guran. Aurten Bilboko Zine Dokumental eta Film Laburren Nazinoarteko Zinemaldiaren 50. urteurrena da. Festibal honen historiari buruz, eta azken bolada honetan jaso dituan kritika ugariei buruz egin dogu berba Del Riogaz.


1.- Berrogeita hamar urte, honezkero. Zelan sortu zan Bilboko Zine Jaialdia?

Orduko Instituto Vascongado de Cultura Hispánica dalakoak bultzatu eban zinemaldia. Neguriko jauntxoek eta garaiko gizarte frankistearen eliteak osotzen eben erakunde hori. Funtsean, ekitaldi sozial bat egin gura eben, Donostian egiten zanaren antzekoa. Kontuak kontu, 60. hamarkadan aparteko bultzadea hartu eban, zinegile gazteak etorten hasi ziranean. Saura, Berlanga, Pedro Olea lako lagunak zine eskolatik urten barri egozan eta Bilboko Zinemaldia zan orduko zinema foro bakarrenetakoa. Festibala gazte eta unibersitarioak erakarten hasi zan une horretan, gizartearen sektore barriei zabaltzen. Mugarri garrantzitsu bat ‘Woodstock’ pelikulearen proiekzinoa izan zen. Filma galarazota egoan, baina zine jaialdietan ez ikusiarena egiten zan. Ni hamabost urteko mutil koxkorra nintzan eta proiekzino egun horretan Gran Via aretoan egotea zoragarria izan zan. Sekulako ikusmina sortu zan eta jente pilaketa eta bultzakaden ondorioz, aretoko ateak be apurtu egin zituen; polizia etorri eta dana amaitu zan kolpeka. Frankismoaren azken urteetan, Bilboko zine jaialdia hankaz gora egoan gizartearen erretratu fidela zan eta bertan arlo desbardinetako askatasun faltea salatzen zan. Gainera, latinoamerikar atzerriratuen kolektiboak protagonismo handia hartu eban, zinemaldiari izakera oldarkorra eta ausarta erantsiz.


2.- Hasieratik zentrau da jaialdia da film labur eta dokumental generoetan?

Hasieran dokumentalak ziran nagusi zinemaldian. 60. hamarkadan, barriz, zinemako ikasleak fikzinozko film laburrak egiten hasi ziran eta hamarkada horren erdialdetik aurrera film horreek gaineratu ziran txapelketara.


3.- Noiz hartu zenduan zeuk zuzendaritzea eta zein helburugaz?

Laurogeigarren hamarkadearen amaieran egon nintzan lehenengoz zuzendaritzan. Garai horretan euskal zineari buruzko eztabaida handiak izaten genduzan: zelakoa izan behar zan euskal zinea eta era horretakoak. Gero zuzendaritzea itxi egin neban eta barriro hartu 2000. urtean. Aro barri bat hasi gura genduan eta orduan Zinebi izena asmau genduan, marka bat emoteko jaialdiari eta ordura arteko izenburu luzea laburtzeko. Aro barri horretan zinema mundua goitik behera aldatzen ari zan: zeluloidearen etapea azkenetan egoan, eta beragaz zinea emoteko eta egiteko modu bat. 2004 urtean izan zan mugarria. Hortik aurrera etenbako aldaketak egon dira eta nik uste dot datorren urterako Zinebin zeluloidea desagertuta egongo dala, izan be, dokumentalak honezkero ez dira egiten zeluloide formatoan, ezta animazinoa be, eta fikzinozko film labur gehienak digitalean egiten dira. Aro barri batean sartzen ari gara eta zinemaldiok zein dan gure izateko zentzua aztertu behar dogu.


4.- Eta zein da, zure ustez, zinemaldien zentzua, gaur egun?

Aro barri honetan areto komertzialek gero eta pisu gitxiago daukie; zinea orain gehiago ikusten da etxeetan zine aretoetan baino. Zer pasauko ete da hurreko etorkizunean? Nire ustez, zinema komertziala emoten daben areto guztiak uritik kanpo egongo dira, gune komertzialetan. Uri erdian areto txiki batzuk eta museoak baino ez dira geratuko, egile zinema dalakoa eskaintzen. Zinemaldiek, barriz, pelikulak promozionetako balioko dabe.


5.- Baina, zer eskaini ahal izango dabe zinemaldiek Sareak berak emongo ez dauena?

Ikusleak zinemaldietan topau ahal izango dauen gauza bakarra selekzinoa izango da. Hau da, hemendik gitxira Interneten pelikula guztiak egongo dira eskuragarri. Tekla bat sakatu eta Asian egindako edozein pelikula bitxi bat aurkituko duzu. Baina hainbeste eskaintza artean, selekzino bat, kalidade eskala bat ipini beharko da, ez galtzeko. Eta zeregin hori zinemaldiei jagoke. Horretarako balio izango dabe zinemaldiek, gidaren papela egiteko.


6.- Zinebik ‘txapelketa’ kategoria izateak asko mugatzen dau programetako orduan?

Abaintalak eta desabantailak ditu. Alde batetik, kategoriak prestigioa emoten deutso eta izen handiko protagonistak ekarteko lagungarria izaten da. Bestetik, egia da kategoria hori barik askatasun gehiago izango geunkela programetako. Film laburrei eskainitako gure zinemaldia Europako bigarrena da zaharrenen artean eta zeozelako izena eta nortasuna ditu. Aurten, adibidez, 2.800 pelikula inguru jaso doguz. Oso zinemaldi gitxik jasoten dau horrenbeste film eta hori da ezagunak garelako.


7.- Selekzinoa ez da izango erraza. Hain zuzen be, hori da Zinebiri egin izan deutsen kritika bat: aukeraketea ez dala ona.

Baina gauza bera pasetan da Cannesen. Munduan egiten danaren erakuskari bat emoten dogu, besterik ez.


8.- Arpegiratu deutsue, film laburren publikoa gaztea izanik, Zinebiko Aukeraketa Batzordean jente heldua baino ez dagoala eta horregaitik, pelikulak ez datozela bat ikuslegoaren gustoagaz.

Hori aurten aldatu egin da eta bi gazte sartu dira Aukeraketa Batzordean. Dana dala, guk ez doguz pelikulak egiten. Ehuneko hamar batean erratu gaitekez, ez gehiagotan.


9.- Orduan, oro har, kalidadea jaitsi egin da, ze azken edizinoan kexa pilo bat egon ziran...

Leitekeana da, ze orain mundu guztiak dauka zinea egiteko aukerea edozein kamara digital bategaz. Baina film laburrak txarrak dirala esatea..., hori oso subjetiboa da.

Hona Cannesetik eta Locarnotik pasautako pelikulak heltzen dira. Dana dala, aurten pelikula gitxiago emongo doguz; beraz, selekzinoa handiagoa izango da. Beste gai bat da sariena. Epai-mahaiak beti dira bitxiak. Batzutan kejau dira pelikula konbentzionalak emoten doguzalako. Ados, ni zinema experimental eta cool baten alde nago. Baina zine mota hori emon dogunea,n publikoa kejau egin da. Zelan Ixtln da pozik mundu guztia? Ez da erraza. Zinebik jaso dauenaren ispilu bat izan behar dau. Pentsaizu laburmetraiak zinegile gazteek egiten dituela, eta horregaitik beti dagoz gai batzuk behin eta barriro errepetiduten diranak: haurtzaroa eta nerabetasuna kasu.


10.- Igaz zinezale talde batek Zinebiren kontra bere hasarrea erakutsi eban Interneteko foroetan. Zein izan da zuen erantzuna?

Zinemaren inguruan lan egiten daben sektore guztiei deitu eta Zinebira erakarri doguz urteurrena ospatzeko. Baina, hasarre horri jagokonez, esango neukizu jenteak Zinebin proiektetan dituala gauza batzuk eta Zinebik ezin dituala emon. Zinebi urtean aste bakar batean ospatzen da eta ezin dau gehiagorik emon. Arazoa da urtean zehar ez dagoala programazinorik Bilbon, FAS zinekluba eta Arte Eder Museoak egiten dabena kenduta. Eta aitatutako foro horreek, nire ustez, interes partikular batzukaz lotuta dagoz eta ez Zinebi aldatzeko asmoagaz. Guk festibal cool bat egin gura dogu, zine experimentala egiten dauen jentea ekarriz, arriskuzko zinema erakutsi. Zine komertzialak badaukaz bere sostenguak eta erakus-bideak.


11.- Zuri nor gustatuko litxakizu ekartea Zinebira?

Gus Vant Sant, Jim Jarmust edo Godard ekartea gustauko litxakit. Baina ez da erraza; film laburra zeozer residuala da eta Zinebi film laburren festibala da. Egia da jaialdiak Guggenheimen presentziagaz asko irabazi dauela; orain errazago subertetan jaku jentea erakartea, 90. hamarkadan baino. Gainera, nik espero dot, ekipamendu barriakaz, Alhondiga kasu, gauzak hobera joango dirala.


12.- Sarrerak erregalau behar dozuezala eta Zinebiko programazinoak ezin dauela erakarri jentea kritikau izan deutsue...

Film laburren publikoa sano mugatua da. Programazino pareleloari dagokionean, Bilbon ez dago tradizinorik zinema mota hori ikusteko. Publiko interesatua, fidela lortzeko nahitaezkoa da urte osoan programazino ausarta.


Informazino gehiago:

www.zinebipress.com

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu