Gernikako Urriko Azken Asteleheneko Azokan 120.000tik gora bisitari espero ditue antolatzaileek

Bizkaie! 2008-10-24 11:18

Gernikako (Bizkaia) Urriko Azken Asteleheneko Azokeak 252 erakusketari-postu izango ditu aurten eta 120.000tik gora bisitari hurreratuko dirala uste da. Jazoera honek berebiziko amaierea emoten deutso Gernika-Lumoko ekanduzko urriko hil bereziari eta lau kaletan zehar banatuko ditu postuak.

Gernikako (Bizkaia) Urriko Azken Asteleheneko Azokeak 252 erakusketari-postu izango ditu aurten eta 120.000tik gora bisitari hurreratuko dirala uste da. Jazoera honek berebiziko amaierea emoten deutso Gernika-Lumoko ekanduzko urriko hil bereziari eta lau kaletan zehar banatuko ditu postuak: Artekale (48 stand), Industria kalea (40), Pasealekua (52), Urtarrilaren Zortzia kalea (14) eta Juan Calzada kalea (98). Azokea 9:00etan edegi eta 15:00etan zarratuko da, baita salmenta-ordutegia be.

Azken urteotako jokabideari jarraituz, nekazaritza-azokako lehiaketeak 3.000 euro emongo ditu sei kategoria desbardinetan: eztia (ezti milalorea eta txilar-eztia ataletan), ortuariak, frutak, loreak eta landareak, gaztaiak eta txakolina.

Gernikan izango diran produktore-erakusketarien artean, 42 postu ortuarienak izango dira; zortz, lore eta landareenak; 16, txakolinarenak; zazpi, sagardaoarenak; 14, frutenak; 62, gaztenak; sei, eztiarenak; 16, kontserbenak; 27k ogia eta euskal pastela eukiko dabe; 38k eskulanak; batek esnekiak eta 15ek makineria. Danetara, beraz, 252 erakusketari-postu izango dira.

Horrenbestez, eskulangileak eta danetariko produktudunak Pasealekuan jarriko dira; Industria kalean gaztaia eta euskal ogia kokatuko dira, nahiz eta txokolatedun erakusmahai bat be egongo dan; Artekalean gaztaia eta euskal ogia egongo dira, baina hor txakolinak eta sagardaoak izango dabe protagonismo nagusia.

Beste alde batetik, Juan Calzada kalean ortuariak, eztia, kontserbak, lore eta landareak eta makineria izango dira, gaztai-posturen bat be kokatuko dan arren. Azkenik, Urtarrilaren Zortzia kalean frutak baino ez dira egongo.

Bisitariei azoka gunean ibiltea errazteko, Turismo Bulegoaren karpan plano bat jaso ahal izango da, erakusketarien zerrendea eta bakotxaren kokapena azalduta ekarriko dituana.

Idiazabal gaztaiaren enkanteari jagokonez, barriro eukiko dau epaimahai ospetsua, hain zuzen be, Daniel Garcia, Jose Miguel Olazabalaga, Beñat Ormaetxea, Josean Martinez Alija, Ricardo Perez, Aitor Elizegi, Javier Garcia, Iñigo Ordorika eta Eneko Atxak osotutakoa.


Idi probak

Gernikako Urriko Azken Asteleheneko idi proba lehiaketea urriaren 26an hasi eta zemendiaren 3an amaituko da. Ekin Taldeak Udalaren laguntzinoagaz antolatuta, sei egunetan zehar egingo diran saio guztiak Lorategietako probalekuan izango dira ikusgai. Lehiaketea, gainera, Bizkaiko Txapelketarako puntuagarria izango da.

Danetara, Eukal Herriko txoko desbardinetatik, besteak beste, Bermeo, Urretxu edota Elgoibarretik Gernika-Lumora heldutako 27 uztarri izango dira lehian. Lehen jardunaldia urriaren 26an izango da, 18:00etatik aurrera, eta Erlete, Santana, Soarte anaiak eta Nicolas Pedernalesen animaliek zenbat plaza egin leikien erakutsi ahal izango dabe lehenengoz.

Urriko Azken Astelehenean, barriz, 18:00etatik aurrera Lorategietako probalekuan Izeta, Artola, Nerea Telleria eta Uzkudunen animaliak izango dira norgahiagokan. Hirugarren jardunaldian, eta 21:00etatik aurrera, Rafa Ilarreta, Aboruza, Frantxilaberri eta Bizkizen idien txandea izango da.

Imanol Retegi, Soarte, Asier Alegria eta Jose Maria Olasagasti Lorategietako probalekuan izango dira zemendiaren 1ean, 18:00etan; eta egun bat beranduago, Ipinarreta, Zerain eta Lete jatetxearen idi pareak ikusteko aukerea izango da. Zemendiaren 3an Txertudi, Rafael Alegria, Ilarreta eta Ixamaren animaliak izango dira nor baino nor, 21:00etatik aurrera egingo dan jardunaldian.

Amaitzeko, Urriko Azken Asteleheneko idi proben azken saioa San Pelayo Txomin, Muguruza, San Pelayo Mikel eta Telleriaren esku izango da, zemendiaren 4an, 21:00etatik aurrera.

Idi proben egun berean egingo dabe, goizeko 10:00etatik aurrera, bikote parte-hartzaileen pisaketea. Sariei jagokenez, lehen sailkatuak 1.549 euro jasoko ditu eta ohiko diran irabazle mantak; bigarrenak 1.390 euro eta garaikurra; eta hirugarrenak, azkenik, 1.290 euro eta garaikurra. Halan da be, 18 lehenengoen artean sailkatzen diranek be saria jasoko dabe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu