‘Euskaraz bai’, pauso bat harago
2008-10-23 15:22 Euskerea berbagai'Abenduaren 13koa ospakizunaz harago doan ekitaldia izango da, izan be, Kontseiluak, orain arte bezela, euskerearen normalizazinoa lortzeko lanean sendo jarraituko dau datozen urteotan. Baina salto barri bat egingo dau, % 100 euskeraz bizi ahal izatea lortu gura badogu behar-beharrezkoa dan saltoa'.
Euskerearen Gizarte Eragileen Kontseiluak datorren abenduaren 13an, 18:00etatik aurrera, Barakaldoko BEC-en ospatuko dauen ekitaldiaren nondik norakoak aurreratu ditu gaur. Zuzendaritza osoa alkartu da ekitaldia gauzatuko dan Bizkaia Arena aretoan bertan, 10. urteurrena milaka lagunekaz batera ospatzeko ekitaldia egingo dan toki berean, hain zuzen be.
Bertan egon dira Xabier Mendiguren, Kontseiluko idazkari nagusia, Koldo Tellitu, Kontseiluko lehendakaria eta Euskal Herriko Ikastolen Konfederazinokoa, Aritz Zerain (Bertsozale Elkartea), Oskar Elizburu (AEK), Mikel Arrizabalaga (Elkar), Aitziber Martinez de Lagos (Sortzen-Ikasbatuaz), Joanmari Larrarte (Berria), Igone Lamarain (EHE), Agurtzane Loidi (Elhuyar Aholkurlaritza) eta Sébastien Castet (Euskal Konfederazinoa) zuzendaritzakideak.
Tellituk hartu dau hitza lehenengo, BEC-en egingo dan ekitaldiaren testuingurua azaltzeko. Haren esanetan, 'abenduaren 13koa ospakizunaz harago doan ekitaldia izango da. Izan be, Kontseiluak, orain arte bezela, euskerearen normalizazinoa lortzeko lanean sendo jarraituko dau datozen urteotan. Baina salto barri bat egingo dau, % 100 euskeraz bizi ahal izatea lortu gura badogu behar-beharrezkoa dan saltoa'.
BEC-en ospatuko dan ekitaldia, beraz, mugarri legez uler daitekeela adierazo dau Kontseiluko lehendakariak. 'Abiapuntua izango da Kontseiluarentzat berarentzat, eta bai azken urteotan euskereari beren babesa adierazo deutsen herritarrentzat be. Orain 10 urte ‘Bai euskarari’ leloagaz abiatu eban bere ibilbidea Kontseiluak, 20 urte lehenago egindako kanpaina baten leloa ikur hartuta. Eta ‘Bai euskarari’ izan da Kontseiluaren irudi nagusia azken urteotan. 'Orain, baina, aldaketarako garaia heldu da, eta lelo hori berreginda irudikatu nahi izan dogu emon beharreko aurrera-pausoa. ‘Bai euskarari’ esatetik, ‘Euskaraz bai’ egitera igaroteko garaia baita', gaineratu dau.
Helburu horregaz bat datozen herritarak, entidadeak eta instituzinoak bidaide izan nahi dituala esan dau Kontseiluko lehendakariak. Bere esanetan, 'helmuga nahiz helburu potoloak dituan bidaia horren ibilbidea zein izango dan partekatzeko deitu nahi doguz abenduaren 13an BEC-era etor daitezan. Pauso bat harago joateko unea da, eta bide horretan herritarrak izan nahi doguz lagun. Euskerearen alde egotea ez baita nahikoa. Konpromisoak hartzea behar-beharrezkoa da: Norbanakoen konpromisoa, soziala nahiz politikoa'.
BEC-en abiatuko daben aroan euskerearen berreskurapen prozesua indartu eta areagotzea ezinbestekoa dala argi dauka Kontseiluak, gaur azaldutakoaren arabera. Izan be, 'orain arteko bilakaereagaz jarraitu ezkero, mendeak beharko baitira normalizazino egoerara heltzeko. Bi hizkuntza dituan komunidade batean norbanako guztien eskubideak ziurtatzeko eta inor baztertua izan ez daiten ezinbestekoa da biztanle guztiek bi hizkuntzak ezagutzea. Hori da bizikidetza egokirako bide bakarra. Baina herritarren eta gizarte-eragileen konpromisoa ez eze, ezinbestekoa da konpromiso politikoa be, hizkuntza-politika egokitu eta behar diran baliabideak ezarri daitezan'.
BEC-en hasi eta datozen urteotan, Euskerearen Gizarte Erakundeen Kontseilua osotzen daben eragileek 'ahalegin horretan batera jarduteko konbita' luzatu deutse jendarte-eragileei, erakundeei eta gizarte osoari. 'BEC-eko ekitaldia izango baita emon beharreko aurrera-pausoen lehen urratsa', Koldo Tellituren arabera.
Aurkezpenean, abenduaren 13an BEC-en egingo dan ekitaldia iragarriko dauen kartela erakutsi dabe Kontseiluko zuzendaritzakideek. Xabier Mendiguren idazkari nagusiak hartu dau hitza irudiaren azalpena egiteko. Kartelean, Neil Armstrong-ek ilargian itxitako lorratza ikus daiteke, 'Euskaraz bai' leloa irudikatzen dauen eguzkiaren alboan eta 'Pauso bat harago' izenburupean.
Mendigurenen esanetan, 'aurkeztu deutsuegun kartelean irakur daitekeen moduan, Kontseilua, hamargarren urteurrenagaz batera, pauso bat harago emoteko prest dago. Eta euskerearen normalizazinoaren bidean urrats sendoak emon beharra irudikatu nahi izan dogu ilargiko lorratzaren argazkiaren bitartez'.
Gaineratu dauenez, 'urrats hori ez da Kontseiluaren azken helburua, erdibidea baino. Urratsaren bitartez, euskerearen normalizazino osoa emon daiten hartu beharreko konpromiso sendoa irudikatu nahi izan dogu. Baina eguzkia dogu helmugea, 'Euskaraz bai' idatzita dauen eguzki hori, hain zuzen. Kontseiluaren helburua euskal herritar orok euskerea jakin daian da, hori baita Euskal Herrian berba egiten diran hiru hizkuntza nagusien arteko bizikidetza egokirako bide bakarra'.
Idazkari nagusiak aurreratutakoaren arabera, 'Eguzkira heltzeko bidaia hori ez da BEC-eko ospakizun ekitaldian amaitzen. Alderantziz, ekitaldi horretan hasten da benetako bidaia. Edo, hobe esanda, BEC-en emongo deutsagu orain arte egindako lanari jarraipena. Ezin da ahaztu orain arteko lanen ondorioz jasotako uzta. Baina inongo uztarik oparoena jasoteko, ezinbestekoa da eguzki horren izpiak indartzea, ‘Euskaraz bai’ esan eta eginez. Horregaitik, BEC-en hasi eta datozen urteotan, Kontseiluak abiarazoko dauen ontzira igoteko deia luzatu nahi deutsegu euskal herritar guztiei'.
'Gaur hizpide izan dogun mezua ikusgarritasunez irudikatuko dogu abenduaren 13an, bertaratuko diran lagunen aurrean. Euskalgintzeak orain arte egindako lanaren atzera begirakoa egiteaz gan, 'Euskaraz bai' eguzkira bidean jarriko gaituan ontzia bilakatu nahi dogu Bizkaia Arena. Datorren astean jakinarazoko dogu bidaia txartela eskuratzeko modua. Dobako ekitaldia izango bada be, sarrera eskuratzea beharrezkoa izango baita. Milaka lagunentzako tokia dago ontzi honetan, eta nahi dauen oro konbidatzen dogu bidaiaren hasierea izango dan ekitaldira etor daiten', aurreratu dau Xabier Mendigurenek.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!