Lagun Aro Fundazinoak 90.000 euro emongo ditu EHUren 'Euskal Gramatika Sarean' proiektua gauzatzeko

Bizkaie! 2008-10-23 12:48

'Euskal Gramatika Sarean' euskerearen entziklopedia antzeko bat izango da. Hizkuntzearen deskribapen klasikoaz gan (fonetika/fonologia, morfologia, sintaxia eta abar), holako lanetan hain ohikoak ez diran gaiak be jorratuko ditu: lexikografia, hizkuntzearen historia, hizkuntzearen eskurapena, hizkuntzearen prozesamendua, euskerearen egoerea eta erabilpenari buruzko datuak eta abar.

Euskal Herriko Unibersidadeak eta Lagun Aro aseguru-etxeak, Lagun Aro Fundazino barriaren bidez, lankidetza-hitzarmena sinatu dabe Interneteko lehenengo euskal gramatikearen proiektua aurrera eroateko ('Euskal Gramatika Sarean'). Pello Salaburu hizkuntzalari eta erretore ohiak zuzentzen dauen EHUko Euskara Institutuak abiarazo dau proiektua.

EHUko iturriek jakinarazo dabenez, proiektua babesteko hitzarmena Juan Ignacio Perez erretoreak, Euskal Herriko Unibersidadearen izenean, eta Lagun Aro aseguru-etxeko zuzendari nagusi Pablos Mongelosek, fundazinoaren izenean sinatu dabe.

Hitzarmenak hiru urte iraungo dau eta luzatu ahal izango da. Horren bitartez, Lagun Aro Fundazinoak 90.000 euro emongo deutsoz EHUko Euskara Institutuari, gehienbat Interneteko lehen euskal gramatikea abian jarteko. Erreferentzia-proiektu bat da, jente guztiari zuzendua, baina, berenberegi, hizkuntzalaritzearen arloko ikasle eta profesionalei.

Lagun Aro Fundazinoak gizarte-erantzukizun korporatiboaren estrategian kokatu dau diru-laguntza hau, estrategia horren ardatzetako bat euskereari laguntzinoa emotea baita, bide desbardinak erabiliz.

Bestalde, EHUko Euskara Institutuak hitzarmen honegaz bere proiekturik handiena sendotuko dau, hau da, sarean egongo dan lehenengo euskal gramatikea sortzea; gramatika hau gehituko jake Institutuak euskarri berean preparetan diharduen Interneteko bi hiztegiei.


Euskerearen entziklopedia

'Euskal Gramatika Sarean' euskerearen entziklopedia antzeko bat izango da. Hizkuntzearen deskribapen klasikoaz gan (fonetika/fonologia, morfologia, sintaxia eta abar), holako lanetan hain ohikoak ez diran gaiak be jorratuko ditu: lexikografia, hizkuntzearen historia, hizkuntzearen eskurapena, hizkuntzearen prozesamendua, euskerearen egoerea eta erabilpenari buruzko datuak eta abar.

Gaiak aurkezteko batez be testuak erabiliko dira, baina baita grabazinoak, mapak edo argazkiak be. Beste atal batzuk be izango dira, besteak beste, zalantzen txokoa, hizkuntzea erabilteko arauak edota inguruko hizkuntzen eragina.

Bestalde, Lagun Aro Fundazinoagaz sinatutako hitzarmen honen bidez, Euskara Institutuaren beste proiektu bi bultzatuko dira: 'Hiztegi Batua Euskal Prosan' eta 'Egungo Euskararen Hiztegia'. Lehenengoa amaituta dago eta edozeinek kontsultau leike sarean (www.ehu.es/ehg). Halan da be, datozen asteetan informazino gehiago gehituko jako, sarrera bakotxaren erabilerearen jokeren barri emoteko, historian zehar eta gaur egun.

Bigarrena gaur egungo prosan erabilitako euskerearen hiztegi erraldoia da. Oraintxe F, G eta H letrak dagoz kontsultagai (www.ehu.es/eeh) eta 80.000 adibidetik gora batzen ditue. Datozen asteetan 'I' letrea gehituko da.

'Egia esan -EHUtik nabarmendu dabenez-, guztia proiektu bakarra da, gramatikea eta hiztegi biak jasoten dituana. Gainera, orain prestabidean dagoan euskal literaturearen entziklopedia bat erantsiko jako proiektuari. Euskara Institutuko proiektuen multzo hau guztiz ekimen originala da, izan be, ez dago beste hizkuntzarik neurri honetako gramatika eta hiztegia lantzen ari danik Sarean jarteko'.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu