Euskeraz olgetan Bilboko eskoletan!

Bizkaie! 2008-10-23 12:14   Euskerea berbagai

Euskerearen erabilerea bultzatzeko eta ondorengo belaunaldien eguneroko komunikazino-hizkuntza izatea lortzeko helburuagaz, Bilboko Udaleko Euskera Sailak lau programa antolatu ditu Bilboko ikastetxeetako D eta B ereduetako lehen eta bigarren hezkuntzako ikasleentzat.

Lehen eta bigarren hezkuntzako 16.000 ikasle inguruk parte hartuko dabe 2008-2009 ikasturtean Bilboko Udaleko Euskara Sailak uriko ikastetxeetan antolatu dituan programetan. Euskerearen erabilerea bultzatzeko eta ondorengo belaunaldien eguneroko komunikazino-hizkuntza izatea lortzeko helburuagaz, Euskera Sailak lau programa antolatu ditu Bilboko ikastetxeetako D eta B ereduetako lehen eta bigarren hezkuntzako ikasleentzat.


Programak

'Baserri Eskolak' programeak bi eta bost egun bitarteko egonaldiak antolatzen ditu Urdaibai, Lea-Artibai eta Ipar Euskal Herriko baserri-eskola batzuetan. Ikastetxe bakotxeko 25 kideko taldeak, irakasle eta monitoreek lagunduta, baserri eskoletara joango dira euskal giroan murgiltzeko.

Egonaldien helburu nagusia umeen artean euskerearen erabilerea sustatzea da, ikasgelea baino naturalagoa dan inguru batean. Hori guztia lantzeko, hainbat ekintza egiten dira, kirolak, tailerrak, osteratxuak... Ikasturte honetan 26 ikastetxetako lehen hezkuntzako 3. maila eta 6. maila arteko 1.500 ikasle joango dira baserri-eskoletara.

Bestalde, 'Zinea Euskeraz' egitasmoaren bitartez, ikasleek filmak euskeraz ikusteko aukerea izango dabe, eskola-ordutegiaren barruan. Filmak euskeraz egindakoak zein bikoiztutakoak izango dira. 12.000 ikasle inguruk ikusiko ditue emonaldi horreek kurtso honetan.

'Zortziko Txikia' Bizkaiko Bertsozale Alkartearen, Bizkaiko Ikastolen Alkartearen eta Bizkaia Irratiaren lankidetzakaz antolatzen dau Euskera Sailak. Ekimenaren helburua neskato-mutikoak bertsolaritzearen mundura hurreratzea da, lehen hezkuntzako azken zikloko umeentzako asteko saioen bitartez.

Saio horreetan bertsolaritzearen historia eta teknika ikasten eta garatzen dabe. Programan, bertsolari ezagunen zuzeneko emonaldiak be sartzen dira, ikasleek saioetan ikasitako teknikak praktikan jartera animetako, baita ikasleek egindako irrati-programen emisinoak be. Bilboko 31 ikastetxek eta 1.600 ikaslek parte hartuko dabe ekimen honetan.

Azkenik, 'Xiba (Herri Kirolak Euskaraz)' programea dago. Euskal Herriko Ikastolen Konfederazinoagaz batera Bigarren Hezkuntzako ikasleentzat antolaturtiko programearen helburua herri-kirolen bitartez euskerearen erabilerarako arlo barriak sustatzea da. Ikasleek herri kirol eta jolasetan parte hartzen dabe: lokotxak, txingak, zakuak, hankapaloak, gizafrogak, sokatirea... Aurretiaz, parte hartzen daben ikasleek jolas eta jokoen ganeko unidade didaktikoak lantzen ditue ikastetxeetan. Ikasturte honetan lau topaketa egingo dira 20 ikastetxeetako 1.000 ikaslegaz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu