Sabino Arana Fundazinoak 20 urte bete ditu

Bizkaie! 2008-10-20 15:44

Artea Arratiako Euskal Abertzaletasunaren Agiritegi eta Museoaren egoitzan egindako ekitaldi batean ospatu dabe urteurrena.

Sabino Arana Fundazinoak bere XX. urteurrena ospatu dau (1988ko urriaren 11n eratu zan), Artea Arratiako Euskal Abertzaletasunaren Agiritegi eta Museoaren egoitzan egindako ekitaldi batean.

Alkarraldiaren hasieratzat, bisitaldi bat egin da Agiritegiaren eta Museoaren instalazinoetara, azken urteotan egindako ibilbidea eta bertan egiten dan lana ezagutarazoteko.

Ibilbidearen hogei urte horreetan, Sabino Arana Fundazinoak hiru egoitza izan ditu, danak Bilbon: lehenengoa Erzilla kaleko 24an; bigarrena, Sabin Etxean; eta oraingoa, Kale Nagusiko 29an. Ganera, 1993ko urtarrilaren 26an, Meñaka jauregia inaugurau zan Artea Arratian,egun Euskal Abertzaletasunaren Agiritegi eta Museoaren instalazinoak hartzen dituan eraikina.

Hogei urte horreetan, Fundazinoak 110etik gora persona nabarmen, instituzino eta erakunde goretsi ditu bere sariakaz, erakutsitako gizarteagazko zerbitzu-nahiagaitik eta eskaintzeagaitik; 200etik gora aditu pasau dira Fundazinoaren gogoeta eta alkarrizketarako mintzagunetik, eta 4.200etik gora parte-hartzaile, antolatutako 120 mintegi eta 40 mahainguruetatik. Denpora horretan guztian, 80tik gora argitalpen plazaratu ditu, Hermes-en 28 zenbakiez gan. Nabarmengarria da, baita, Artea Arratiako instalazinoetan egiten dan lana: 6.000.000tik gora dokumentu 36 agiri-funtsetan, 35.500etik gora liburu, edo 5.975 hemeroteka-izenburu, 146.000tik gora ale guztira, eta ahaztu barik Agiritegian egindako 3.000tik gorako kontsultak edo hango gelatatik pasautako 350 ikertzaileak. Danetara, 160.000 argazki baino gehiago batzea lortu dabe eta 1.200etik gora dohaintzagile erakarri, eta 70 erakusketa egin ditu, besteak beste.

Ekitaldian, EAJren EBBko lehendakari Iñigo Urkullu eta Juan Mª Atutxa Sabino Arana Fundazinoko egungo lehendakariaz gan, honako honeek egon ziran: Ana Galarraga eta Andoni Olabarri; EAJ-PNVren EBBko idazkari Belen Greaves; Irune Zuluaga Fundazinoko zuzendaria eta Iñigo Camino zuzendari ohia; Alberto Etxebarria Arteako alkatea; kultur alkargo horretako lehendakari izandako Jesus Insausti 'Uzturre' zanaren loba Mª Jose Lamikiz; Joseba Agirre Jose Antonio Agirre lehendakariaren semea; Arantza Aurrekoetxea; Covadonga Solaguren; Koldo Narbaiza; Paulino Corcuera; Erramun Osa; Gurutzi Arregi; Alvaro Ruiz de Garibai; Jose Antonio Rodriguez Ranz Hermes-eko zuzendaria; Jose Luis Aurtenetxe; Gabriel Mariscal; Jose Luis Mendoza, Joseba Esnal, Ignacio Etxeberria, Fidel Bustingorri, Aitor Landa, Jon Goikolea, eta beste hainbat.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu